Aukera guztiak zabalik

PSOEk Rajoy Espainiako Gobernuko presidentetzatik kentzeko behar adina boto segurtatuak ote dituen jakin gabe hasiko da gaur zentsura mozio saioa. EAJk gaur erabakiko du botoa

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, alderdikideak agurtzen, atzo, Kongresuko osoko bilkuran. BALLESTEROS / EFE.
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gaur, 09:00etan hastekoa da Espainiako Kongresuan Mariano Rajoy presidentearen aurkako zentsura mozioaren eztabaida. PSOEk aurkeztu du mozioa, eta Podemosen aldeko botoa ziurtatua du, baina, gainerako alderdiek goizaldean edo goizean goiz jarrera guztiz argitzea erabaki ez badute, zer gertatuko den argi izan gabe hasiko da saioa. Eta bukatzean guztiz argitu ote den ere ikusi behar, bozketa bihar izanen baita. Kinieletan, hiru aukera nagusi: bata, PSOEk Pedro Sanchez presidente aukeratzeko behar adinako babesa ez lortzea; bigarrena, babesa lortzea, Kataluniako independentistek eta EAJk haren alde egin dutelako, edo —ez hain probablea— Ciudadanosek babestu duelako; eta, azkenik, atzo azkartu zen espekulazio bat, Rajoyk azken orduan dimisioa ematea.

Zentsura mozioa onartzeko gehiengo osoaren babesa behar da; hau da, gutxienez 176 diputaturena. 2016ko hauteskundeek hagitz banatuta utzi zituzten Kongresuko jarlekuak, eta, ondorioz, PSOEk eta Podemosekin batera taldea osatzen duten indarrek 155 boto baino ez dituzte. Ciudadanosekin 183ra ailegatuko lirateke, baina, atzo arte bederen, zaila zirudien eskuineko alderdi horrek haiekin bat egitea. Ciudadanosek ez du nahi Sanchez presidente izatea, eta, atzo, bertzelako alternatiba bat proposatu zion: «Hautagai independente bat». Albert Rivera Ciudadanoseko buruak hiru aukera proposatu zituen, guztiak PSOEren irudirik nazionalistena eta atzerakoiena ordezkatzen duten buruzagi historikoak: Ramon Jauregi Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ohia (1987-1991), Nicolas Redondo Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izandakoa (1998 eta 2001), eta Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia (1995-1999). Jauregik eta Solanak berehala erantzun zuten, errateko ez zutela eskaintzarik jaso, eta ez zutela Riveraren asmoa babesten.

Begirada nagusiak bi eragilerengan ezarrita daude. Alde batetik, Kataluniako independentistengan. ERCk bederatzi ordezkari ditu, eta PDeCATek, zortzi.Gabriel Rufian ERCko diputatuak atzo erran zuen «lapurrak eta kartzelariak Moncloatik botatzea»ez dela «aukera bat, betebehar bat baizik». Carles CampuzanoPDeCATekoak, berriz, erran zuen «zalantzarik gabe» haien botoak bat eginen duela ERCrekin. PSOEri eta Podemosi batuta, 172 lirateke; hortaz, EAJren bortzak bihurtuko lirateke erabakigarri. Euskadi Buru Batzarrak gaur ezohiko bilkura bat eginen du, «Sanchezen argudioak entzun ondoren» erabaki bat hartzeko.

200.000 euroko bermea

Rajoy eta PP alderdia gobernutik kentzeko ahalegina eragin du joan den astean Espainiako Auzitegi Nazionalak eman zuen ebazpen batek. PP legez kanpo finantzatu zela ebatzi zuen, hain zuzen. Zigortuetako bati, Rosalia Iglesiasi, hamabortz urteko espetxe zigorra eragozteko aukera eman dio auzitegiak, 200.000 euroko berme bat ordainduta. Atzo espetxean sartu zuten, baina ordainduz gero aske utziko dute. Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren emaztea da. Barcenas espetxean dago, 33 urteko zigorra betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.