Eliseoan egin zituen adierazpenak Chiracek. Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin bildu zen bertan, bi herrialdeen arteko goi bileraren harira. Zapaterok liskarrak salatu eta «zero tolerantzia» izan behar zela berretsi ondoren neurri sozial guztiak «ongi etorriak» izango zirela gaineratu zuen. Liskarrak, asteburuan izan zuten intentsitatearekin alderatuta, baretu egin dira azken egunotan. Asteazkenetik ostegunerako gaua bitartean 482 auto erre zituzten gazteek aurreko gauean 617 erre zituzten. Paris inguruetan iragan urriaren 27an liskarrak hasi zirenetik 7.000 auto baino gehiago erre dituzte. Aseguru etxeek 200 milioi eurotan zehaztu dituzte eman beharreko kalte ordainak. Diru kopuru hori erretako autoen %10i soilik dagokiela jakinarazi zuten aseguru etxeek. Liskarrak izan ziren hirien kopurua murriztu egin zen herenegun. Alsazian, Estrasburgon, Belforten, Le Havren, Caenen, Rouenen eta Toursen izan ziren istilu handienak. Bretainiako Naoned, Roazhon eta Kemper hirietan ere izan ziren istiluak. Parisen erregaiak saltzeko debekua ezarri zuten atzo.Poliziak 203 pertsona atxilotu zituen orotara Frantzian liskarrak hasi zirenetik 2.033 dira atxilotutako pertsonak. Etxeratze agindua, berriz, sei hiritan ezarri zuten: Niza, Orleans, Amiens, Lille, Rouen eta Le Havren. Parisen liskarrak amaitzearen aldeko manifestazioa egingo dute gaur auzoetako elkarteek deituta. Dominique de Villepin lehen ministroa auzoetako ordezkariekin bildu zen atzo eta bazterketari aurre egiteko konpromisoa agertu zien. Herritarrek, berriz, justizia soziala bermatzeko eskatu zioten lehen ministroari.Flandesen, laugarren gauez jarraian, liskarrak izan ziren herenegun gauean. Orotara hamabost autoerre zituzten Bruselan, Amberesen, Lokerenen, Mechelenen eta Ledebergen.
Kritikak Sarkozyri
Gobernuak ezarritako larrialdiko neurriak liskarrak murrizteko baliagarriak izan direla iritzi diote hainbatek. Nicolas Sarkozy Barne ministroak liskarretan atxilotutako etorkinak kanporatzeko legezko egoeran daudenak barne iragarritako neurriak, alta, kritikak eragin ditu gobernuz kanpoko erakundeen artean.
Poliziako zuzendari Michel Gaudin immigranteen kanporaketak «banan-banan» aztertuko zituztela adierazi zuen.Europako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Behatokiko zuzendari Beate Winklerrek agintariek indarkeriaren kontrako eta komunitate musulmanen aldeko «mezu argia» zabaldu behar zutela adierazi zuen atzo: «Liskarren erantzukizuna komunitate musulmanei leporatzea saihestea inportantea da».
Datua
8
Frantziako zortzi poliziaaldi baterako zigortu dituzte egun hauetako liskarretan atxilotutako gazte baten kontra «legez kanpoko indarkeria» baliatzeagatik. Seine-Saint-Denis departamenduan hilaren 7an atxilotutako gazteari kolpeak eman zizkioten bi poliziak eta beste seiak ekintza horren lekuko izan ziren. Kopetan eta eskuineko oinean zauri arinak egin zizkioten gazteari.
BATASUNA
Euskal Herrian ere etorkinak integratu behar
Euskal Herrian ere etorkinen integratzeko erronka badagoela adierazi zuen atzo Batasuna alderdiak. Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak oroitarazi zuen alderdi horrek duela zenbait hilabete gogoeta bat abiatu zuela integrazioaren inguruan. Arazo kulturalaz aparte, arazo soziala ere badagoela azpimarratu zuen Larraldek. Batasunaren iritziz etorkinek ere Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen zentroan izan behar dute.
Frantziak etxeratze agindua eman izana gaitzetsi zuen Batasunak. «Lege hori gerra kolonialen inguruan» erabilia izan dela oroitarazi zuen Larraldek. Horretaz gain, istiluei loturik atxilotuak izan diren frantses paperik gabeko gazteak Frantziatik kanporatzea ere deitoratu zuen. «Sarkozyk zigor bikoitza kenduko zuela iragarri zuen, baina orain hitza jan du», esan zuen. Lege antiterrorista berriekin prozedurak gogortu nahi dituztela salatu zuen.
Eric Raoult -Frantziako Legebiltzarreko presidenteordea, ump-ko diputatua eta raincyko auzapeza
«Etxeratze agindua elektroshocka da: harridura sortu bai, baina biziak salba ditzake»
Aitor renteria
Eric Raoult (UMP Herritarren Batasunerako Mugimendua) Frantziako Asanblea Nazionaleko presidenteordea da, Seine-Saint-Deniseko diputatua eta Raincyko auzapeza. Etxeratze agindua indarrean ezarri duen lehen herria izan da Raincy.
Etxeratze deiaren aldekoa zara?
Nik proposatu nion neurria lehen ministroari eta nihaurek ezarri dut indarrean herrian. Clichy-sous-Boisen ondoan da-go Raincy eta herriko egiturak babesteko udal agindua ezarri dut indarrean. Hain zuzen ere, 18 urtetik beherako gazteei debekatu egiten zaie gaueko hamarretatik goiti karrikan egotea.
Balio ote du egoera baretzeko?
Bai. Agintea gurasoei itzultzen die, horiek baitira autoritatearen funtsezko eragileak auzotegietan. Irudia eta egoeraren larritasuna alde batera utzirik, auzotegietako jendeen gogoetan kontzientzia hartzea piztu duen elementua izan da etxeratze deia. Ikastetxeetan dioten bezala: 'Orain baretzeko tenorea da!'.
Ez duzu uste egoerak okerrera egitea eragin dezakeela?
Hori diotenek ez dute dute herri eta auzotegietako bizimodua ezagutzen. Jokoz kanpo daude! Gure errealitatetik oso urruti! Deus ez bada egiten larrituko da egoera. Bortizkeriaren biderkatzea, segurtasun ezari gagozkiolarik, deus ez egitetik sortzen da. Elektroshock batek harridura eragin dezake, baina biziak salba ditzake. Etxeratze dei hau elektro-hiri-shocka da!
Zein dira gatazka eragin duten arazoak konpontzeko elementuak?
Lehenik bakea, gero lana eta ondoren Errepublika dira konponbidea. Bakea deus baino lehen. Mundu zabalean lotsa eta auzotegietan beldurra eragiten dituzten irudiak gelditu behar ditugu. Aski da. Gero lana, ahal bezain laster gazte guztiak lan munduan kokatzeko: ikastaldietan, lanbide bat ikasten, laguntzapeko kontratuetan. Ezin da deus egin denen partetik indarra egiten ez bada. Bakea itzulita, aktibitatea abiaturik, Errepublikak zangoa ezarri beharko du auzotegi horietan. Estatuak presentzia irmoa bermatu behar du, eskubidea ziurtatu. Horrela ahantziko dira '2005eko azaro hastapeneko gertakizunak'.
Konponbideari begira, pentsatzen duzu Frantziako Gobernua zuzen aritu dela?
Gobernuak gehiegikeriak ekidin ditu. Lehenik irmotasunaren metodo egokia hautatuz eta gero solasa bultzatuz. Sarkozyren ausardia eta Villepinen determinazioa ukan ditu Gobernuak. Grisu leherketa bezalakoa izan da sumindura, baina Gobernuak ez du lema sekula. Ez da usaian gertatzen Villepin-Sarkozy bezalako bikotea edukitzea eta erran nezake konfiantza handia ematen duela. Frantziako presidenteak informazio zehatza zeukan eta hark finkatzen zituen norabideak, irmotasunera eta justiziara zuzenduz.
Berdintasunak ez ote du diskriminazio positiboaren beharra jende xumeen integrazioa bermatzeko?
Bai, egia da eta alde batera utzita 'diskriminazio positiboa' ahotan darabilten eztabaidak, Nicolas Sarkozyk arrazoia du erraten duelarik gehiago eman behar diogula gutxien dutenei. Hori egiten dugu herriekin, erakundeekin, eskolekin, laguntza berezia behar dutenekin. Diskriminazio positiboa, amerikar zentzuan 'baieztapen ekintza, okerrak zuzendu errepublikanoa', aukera berdintasuna. Auzotegien kasuan, bakoitzak hauta ditzake nahi dituen hitzak eskuzabaltasunaren kontzeptuari nahi duen izena emateko.
Orduan nola uler daiteke behar handiena duten gazteek auzoko azpiegituren kontra jotzea?
Hauen oldarraldia ez da iraultza, autosuntsiketa baizik. Arrazoirik gabeko bortizkeria da, kalte garestiak eragiten dituena. Hori ezin da barkatu, zigortu behar da. Auto bat erretzea, eskola birrintzea, aisialdi guneak erretzea ez dira haserraldiak, ekintza kriminalak baizik. Hautatu dituzten helburuak lotsagarriak dira, ezin dira justifikatu, ez ulertu, ez onartu. Hiriguneen aurkako ekintzak dira, hondar-parkeetako terrorismoa.
Michel Beaumale -Stains-eko auzapeza eta pcf alderdiko kidea
«Mintzatzeko parada eskaini behar diegu gazteei, eta entzun»
Aitor Renteria
Clichy-sous-Boiseko oldarraldia hedatzen hasi zelarik istilu latzak bizi izan ziren Stainsen. Michel Beaumale da hango auzapeza. Urte luzetan PCF Alderdi Komunistak kudeatu du hiria eta auzapezak ez du begi onez ikusten Villepinen gobernuak proposatu neurriak. Istiluetan parte hartzen ziren gazteekin solastatzen ari zelarik, autoko berinak hautsi zizkioten.
Hainbat astetan istiluak pairatu ondoren, zer deritzozu etxeratze deia indarrean ezartzeari?
Gobernuaren neurriak sobera berandu heldu dira eta ez dira egokiak. Bederen ez dute balio gogoak baretzeko eta gutxiago jende xumeen arazoei konponbidea emateko. Larrialdia egon badago, baina ez da soilik istiluena. Gizarte mailan plantatu den beharrari ihardestea da hartu beharreko lehen neurria. Etxerako deia segurtasunaren norabidean hartu bertze neurri bat baino ez da, gogorra. Beldur naiz ez ote den soilik bortizkeriari indarrez erantzuteko. Bizi dugun tentsiotik atera behar gara eta segurtasun irizpideen araberako lasterraldiak ez gaitu horra eramanen. Istiluek erakutsi duten arazo sozialari eman behar zaio aterabidea, oinarrian sakoneko krisialdi soziala dagoelako.
Ezustean harrapatu zaitu oldarraldiak edo espero zitekeen?
Egia erran ez nau batere harritu oldarraldiak. Badu aspaldi egoera lehertzeko puntuan dela. Jendea larrian bizi izan da luzaz eta horrek ezinegona, herra, etsipena metatu ditu. Azken urteotako erabaki politikoek ez dute konponbiderako ildoa hartu eta gainera bizi baldintzak gogortu dizkio jendeari. Egoerak gutxiespen sentsazioa sortzen du. Gizarteak ahantzi ditu, bigarren mailan ezarri, ghetto batean. Ez da harritzekoa, beraz, zentzuaren bidea utzi eta egoera lehertzen bada. Bizi ezin den egoerari egiten zaion ihardespena da bortizkeria. Eta larriagoa oraindik. Hau orain konpontzen ez bada, berriz eginen du eztanda, baina bortitzago.
Aterabidea eta konponbidea aipatzen dituzu. Zein zentzutan abiatu behar da hori lortzeko?
Lehenik ikusi beharko dugu nola bizi diren eta nolako zailtasunak dituzten biziraupena bermatzeko. Mugagabeko oztopoak gainditu behar dituzte familiaren beharrak asetzeko. Legendunak bezala sentitzen dira, mundutik at. Gazteek ez dute etorkizunik ikusten. Nola egin etorkizuna asmatzeko egoera horretan? Hori da galdera eta konponbiderako ildoa. Bestela bizi duguna biziko dugu berriz, bortizkeria, itxaropenik gabeko oihua. Ez dut erran nahi bortizkeria begi onez ikusten dudanik, norberaren soinadarrak mozten ari direlako. Baina oihu hori entzutetik abiatu behar dugu konponbidea atzemateko.
Hitza ematea aipatzen duzu. Baina nori? Ez dago bozeramailerik, ez horiek sortzeko biderik.
Argi dago mogimendua ez dagoela antolatuta, ez dela politikoa. Baina badute anitz errateko. Entzuteak sustraiak kenduko lizkioke bortizkeriari, solasaldirako bidea irekiz. Gazteak dira eta ez dakite nola mintzatu. Ezagutzen duten hizkuntza bakarra baliatzen dute, bortizkeria. Mintzatzeko tokia eskaini behar diegu. Hori egin ezean bortizkeria geldituko da, agian, baina soilik geroan indartsuago berpizteko.
Istiluetan harrapatzen dituzten atzerritar jatorrizko pertsonak egotziko dituela iragarri du Sarkozyk. Zer deritzozu horri?
Onartezina da, eskandalagarria. Sutara erregaia botatzen du horrekin Sarkozyk eta ongi daki ez dela baketze giroa lortuko horrela. Berriz ere zurikeria erakusten du. Izan ere, zigor bikoitzaren aurka mintzatu izan da Sarkozy eta orain berak ezartzen du indarrean, mailarik gorenean.
Asteburuan egoerak okerrera egitea aurreikusten duzu?
Badirudi egoera baretzen ari dela, eta hobe denentzat. Gurean ez da indarrean sartu etxeratze deia eta iruditzen zaigu oldar berriak sortzeko baino ez duela balio. Krisialdia ez da oraindik konpondu. Egiturazko arazoak dira, gure gizartearenak eta mundu osoarenak ere bai.
Zein neurri hartu behar dira herrietan gatazkak gainditzeko?
Bizi baldintza duinak sortu eta garatu behar ditugu. Indar handia egiten dugu, baina ezin da bakarrik aritu. Estatuaren eta gainerateko erabakiguneen laguntza behar dugu. Estatuak Errepublikaren berdintasun ereduaren bermea izan behar du.
Hollanderen ildo politikoa babestu dute sozialistek
Alderdi Sozialistako egungo idazkari nagusi François Hollanderen lan ildo politikoa sostengatu zuten herenegun gauean alderdikideek. Bozen %80 zenbatuta botoen %56 jaso zituen buruzagiak parte hartzea %80koa izan zen. Europako Konstituzioari ezezkoa emateko kanpaina egin zuen Laurent Fabiusek, berriz, botoen %19 jaso zituen. Fabiusek salatu zuen irregulartasun ugari izan zirela eta zuzendaritzaren mesederako izan zela. Alderdi Sozialista Berriko hautagai Vincent Peillonek botoen %24 jaso zituen. Sozialistek kongresua egingo dute hilaren 18-20 bitartean Le Mansen. 2007ko presidentetzarako bozak prestatzea dute xede.