Espainiako Poliziak atzera Marokora bidali ditu herenegun hesia pasatu zuten 116 migratzaileak. Irribarreak malko bilakatu dira Europa amets zuten iheslarientzat. Herenegun eman zion baimena Marokok Espainiako Poliziari 116ak itzultzeko. Atzo kanporatu zituzten, hamarreko taldeetan, osasun laguntza eman ostean. Guardia Zibilak jakinarazi du kereila aurkeztu duela Marokora kanporatu zituen iheslarien aurka, bai eta uztailaren 26an hesia pasatu zuten 602en aurka ere, hesia gainditu ahal izateko Poliziaren aurka indarkeria erabiltzeagatik.
1992an sinatutako akordio baten ondorioa da atzoko kanporaketa. Hitzarmen horren arabera, modu ilegalean Espainiara sartutako pertsonak berriz Marokora itzuli ahal izatea adostu zuten bi herrialdeek. Espainiak idatzi formal baten bidez deportazioa eskatzean Marokok itzultzen uztea adostu zuten orduan. Hala ere, hitzartutakoa aurrera eramateko, errefuxiatuak jatorriz ezin dira izan ez espainiarrak, ez marokoarrak. Azken urteetan hainbat migratzaile kanporatu dituzte Ceuta eta Melillatik.
Atzo goizean migratzaileak kanporatzen hasi zirela ikusita, etorkinak hartzeko behin-behineko zentrotik ihes egin zuten beste hainbatek, eta Ceutako kaleetara jo zuten. Zentroan 1.200 pertsona baino gehiago zeuden, eta 512rentzat baino ez dago lekua han. Ez da lehenengo aldia zentroak gainezka egiten duela. Uztailaren 26an, hesia pasatuta behin-behineko zentrora eraman zituzten 602 iheslariri laguntzeko, kanpamentuak antolatu behar izan zituzten. Penintsulako zentroetan ere neurri bereziak hartzen ari dira ahal beste migratzaile hartzeko.
Italian noiz lehorreratuko
Marokora eraman zituztenak ez dira azken egunotan Europara iristeko ahalegina egin duten bakarrak. Astelehenetik Italiako uretan lehorreratzeko zain dauden 177 migratzaile Siziliako Catania portuan daude oraindik, gobernuak baimena noiz emango zain. Herenegun 29 adingaberi eman zieten baimena ontzia uzteko, baina oraindik ez dira lehorreratu. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak berretsi du iheslariei ez diela lehorreratzen utziko EB Europako Batasuneko herrialdeek horiek hartzeko konpromisoa hartu arte. Maltako uretan ere, ehun bat migratzaile daramatzan ontzi bat portu baten bila dabil lehorreratzeko. Maltako Gobernuak ez du oraindik zehaztu bere herrialdean lehorreratuko diren edo beste herrialderen batean izan beharko duen.
Bruselak jakinarazi du oraindik estatu kideetako batek ere ez duela formalki konpromisorik azaldu Italian dauden errefuxiatuak hartzeko, baina nabarmendu du hamabi herrialde prest egongo liratekeela zenbait beren herrian hartzeko: Italia, Espainia, Frantzia, Alemania, Malta, Luxemburgo, Grezia, Herbehereak, Belgika, Austria, Portugal eta Irlanda.
Europako Batzordeak bilera batera deitu du gaurko, egoerari irtenbide bat bilatzeko, eta estatu kideak gonbidatu ditu «ardura bateratuak» hartzera. Alexander Winterstein Europako Batzordeko bozeramaileak esan du «epe luzerako irtenbide iraunkor» bat behar duela Europako Batasunak «migrazio masiboei» aurre egiteko.
Tunisiako hondoratzea
Itsasotik iristen da iheslari gehien Europara. Tunisiako kostazainek ontzi hondoratu bat atzeman zuten atzo, Lampedusarako bidean zena. Gutxienez sei pertsona hil direla nabarmendu zuten hango agintariek. Tunisia hegoaldeko Zarzis hiritik hartu zuen Europarako bidea itsasontziak, joan den astelehenean. Azken hilabeteetan Tunisiatik itsasoratzeko joera nabarmendu da, orain gutxi arte Libiak betetzen zuen tokia hartuta. Urtea hasi zenetik, Libiako kostazainek kontrolak areagotu dituzte. Horregatik, iheslari ugarik Tunisian itsasoratzeko erabakia hartzen dute.
Ekainean 80 migratzaile zeramatzan txalupa bat hondoratu zen Tunisiako kostan, eta denak hil ziren. Kostazainak iritsi zirenerako, ezin izan zuten ezer egin. Azken urteetako migratzaileen tragediarik handiena izan zen hura herrialdearentzat.