Atzeratutako adreiluak bakea eraikitzeko

FARCeko gerrillariak hartzeko eta armak uzteko kanpamentuetako lanak atzeratuta daude, eta horrek zaildu egiten du armagabetzea. Bake prozesua ez dago arriskuan, baina gerrillariak kezkatuta daude. Kolonbiako Gobernuak ziurtatu du azpiegitura guztiak bukatuta egongo direla apirilean.

4 MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Pondores, La Guajira
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gobernua ez da ari bere hitza betetzen, eta, horrela, ezinezkoa da armak hitzartutako epean utzi ahal izatea». FARCeko gerrillari talde batek esana da, Pondoresko kanpamentuan, La Guajiran, Kolonbiako ipar ekialdean. Gerrillarientzako 26 eremuak eraikitzeko obren artean, Pondoresko kanpamentuko lanak daude aurreratuenak; hala ere, hango gerrillariek salatu dute gutxienez hilabete falta dela guztia prest edukitzeko. Barraka handi batzuk eraikiko zituztela agindu zieten, baina oraindik ezin dute haietan lo egin. Eta prestakuntza eta aisialdi guneak adreilu multzo bat baino ez dira.

Gobernuko eta FARCeko ordezkariek iragan asteburuan egin zuten bilera , bake akordioa indarrean jartzea azkartzeko. Gobernuak konpromisoa hartu zuen apirilean osatuko dituela gerrillarientzako azpiegitura guztiak armagabetzerako eremuetan. 7.000 gerrillari inguru hartu behar dituzte. FARCek gaurko emango dizkio gerrillarien eta laguntzaileen zerrenda guztiak gobernuari. Gaur, 700 gerrillarik armak utziko dituztela aurreratu zuen atzo Juan Fernando Cristo Barne ministroak. NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek gaur emango dituzte xehetasunak.

Pondoreskoa normalizaziorako behin-behineko puntua da, gerrillariek bizitza zibilerako bidea osatuko duten lekua. Valleduparren dago, eta 220 gerrillari hartu beharko lituzke. Hala ere, gerrillariek oraindik basoan lo egiten dute, lastoarekin eta egurrekin inprobisatutako oheetan.Han gordetzen dituzte beren armak ere. Kanpamentuan bizi ahal izateko 55 plataforma egingo zituztela agindu zieten, plataforma bakoitza 24 metro koadroko lau etxerekin; baina haiek prestatu zain daude. Komunak, ordea, dutxekin eta ur edangarriarekin, prest daude. Ura kanpamentutik bi kilometrora dagoen iturburu batetik iristen da.

Atzerapena kezkagarria da, arriskuan jar baitezake Juan Manuel Santosen gobernuak azaroaren 24an zehaztu zuen data armagabetzea bukatzeko: ekainaren 1a baino lehen bukatzea aurreikusi zuten, hau da, E eguna gehi 180 egunera, Habanan hitzartutako egutegiaren arabera.

Gerrilla urtarrilaren amaieran hasi zen eremu horietara joaten. Pondoreskoa da NBEren edukiontziak jarri dituzten lehen puntua armak entregatzeko. Baina, martxoaren amaieran, edukiontziek oraindik ez daukate giltzarraporik, eta ez dago armarik barruan.

Aurrera, baina poliki

Kontrastea nabarmena da gerrillarien eta Sergio Jaramilloren iritzien artean. Jaramillo, Kolonbiako Gobernuaren Bakerako Goi Mandataria, Pondoresera joan zen, azpiegituren aurrerabidea ikusteko. «Urtarrilaren 30ean leku hau bisitatu nuen, FARCen Karibe Blokearen etorrera ikusteko», esan zuen. «Ez zegoen ezer eraikita, lurra baino ez zegoen; orain ia prest dago. Albiste ona da aurrera egin dela baieztatzea».

Ez da nahikoa, FARCen iritziz. «Herrialdean badaude hau baino atzerapen handiagoa duten eremuak, eta hemendik gobernuari eskatzen diot obrak lehenbailehen amaitu daitezela, bakearen bidean jarraitu ahal izan dezagun», erantzun zion Luciano Marin Arango Ivan Marquez gerrillaren ordezkaritzaren buruak. Marquezek eta Jaramillok bat egin zuten kanpamentuaren bisitan. Atzerapenak atzerapen, Ivan Marquezek «eszeptikoei» esan nahi izan zien «iritsi dela ordua herrialde berri bat eraikitzeko».

Haren diskurtsoa gerrillariena baino bateratzaileagoa da. Gerrillariak hura baino kezkatuago daude, eurak baitira atzerapenen ondorioak jasan dituztenak. FARCeko zuzendaritzako kide batzuen moduan, Ivan Marquez Bogotan bizi da, hiriburuan, eta handik joaten da gerrilla bateratzeko eremuetara, gerrillariei animoak ematera eta aurrerapenak gainbegiratzera. «Hau ez da errepublika independente bat, Alvaro Uribek [Zentro Demokratiko alderdi kontserbadoreko burua, prozesuaren kontrario nagusia] esaten duen moduan, ez eta segurtasun nazionalaren kontrako mehatxu bat, hau da FARCek bizitza berri bat hasiko duen lekua eta adiskidetzerako bidea zabalduko duen lekua», nabarmendu zuen Ivan Marquezek, Pondoresko kanpamentura egindako bisitan.

Segurtasun eremua

Kanpamentuan ezin dute sartu ez armadak, ez herritarrek. Harrera gune bat dago haientzat. Kanpamentuak 500 metro eta kilometro bat arteko segurtasun eremu bat dauka, babesteko. Han daude FARCek, Kolonbiako Gobernuak eta NBEk prozesua gainbegiratzeko eta egiaztatzeko sortutako mekanismoko ordezkariak. Orain,FARCeko hiru kide, gobernuko beste hiru (poliziak) eta NBEko hamabi daude. Apirilaren bukaeran, obrak bukatu behar dituzten garaian, hamar, hamar eta hamalau izango dira, hurrenez hurren.

NBEren misioak armagabetze prozesua ikuskatu behar du, istilurik ez gertatzeko. 7.000 gerrillari eta 14.000 arma dira, Defentsa Ministerioaren esanetan. NBEren lanaren barruan dago material ezegonkorra suntsitzea eta fusilak, pistolak eta gainerakoak aprobetxatzea, monumentuak eraikitzeko.

Pondoresko eremuan lanean ari dira UNIPEPeko 49 kide ere. Prozesuaren gaur egungo etaparako sortutako «bakearen polizia» da. Zerbitzu sekretu, Polizia Judizial, landa eremuetako segurtasun eta mekanismoaren babes lanak egiten dituzte.

Beldurra

FARCen buruzagitzak prentsaurreko bat eman zuen martxoaren hasieran, Bogotan. Gobernua gogor kritikatu zuen, konpromiso faltagatik eta desmobilizazio prozesuan atzerapenak eragiteagatik. Kezka hori nabaritu daiteke Pondoresen. «Gobernuak dio azpiegituren %85 eraiki direla, baina benetan eraikitakoa apenas iristen da %30era; gure lanagatik izango ez balitz, ez luke batere aurrera egingo», Alirio Cordobaren esanetan. Gerrillaren barruan, Bakearen Pedagogia arduraduna da Cordoba.

«Bake akordioarekin konprometituta egoteak ez du esan nahi errealitatea ikusten ez dugunik, gobernuak iruzur egin digu berriro», azaldu du beste gerrillari batek. Ez du bere izena eman nahi. Kexu da bere gerrillakideak, FARCen etorkizuneko alderdi politikoaren tesiak aztertzen edota bizimodu zibilerako prestatzen aritu beharrean —landatzeko proiektuak, informatika tailerrak...—, kanpalekua eraikitzen ari direlako. Gerrillarietako askok diote ez dakitela zer egingo duten armak uzten dituztenean. «Ivanek esandakoa egingo dugu», erantzun dute batzuek, Ivan Marquezen erreferentzialtasuna eta itzala nabarmenduz.

Pondoresko gerrillari batek baino gehiagok dio beldurra duela. NBEren giza eskubideei buruzko azkeneko txostenaren arabera, gizarte mugimenduetako 64 lider hil zituzten iaz Kolonbian, azken urteetako kopurua baino nabarmen handiagoa.

«Ezin dugu etxetik atera, hil egingo baikintuzkete», ohartarazi du Gustavo Balantak, Karibe eskualdeko gerrillari batek. Pondoresera joan da Bakerako Goi Mandatariari manifestu bat ematera, gobernuak paramilitarismoaren ondorengoen kontra lan egin dezan. «Guk armak utzi aurretik Santos presidenteak segurtasun bermeak eta berme juridikoak eman behar dizkio FARCi», exijitu du Milton de Jesus Toncel Redondo Joaquin Gomez-ek, gerrillako buruetako batek.

Gobernuak eta FARCek akordioa sinatu zutenetik, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bakeari buruz hitz egiten du kanpora begira; baina hainbat talde kriminal armatuk jarraitzen dute Kolonbian. Narkotrafikoa, legez kanpoko meatzaritza eta legez kanpoko beste negozio batzuk kontrolatzen dituzte. Herrialdeko bigarren gerrillak ere, ELNk, indarrean jarraitzen du (zazpi lagun hiltzea eta lau zauritzea leporatu diote egunotan ELNri), gobernuarekin bake negoziazioak hasi baditu ere. Oker handia litzateke ez kezkatzea prozesuaren azken zatiaren arrakastaz eta gerrillariak legezko bizimodura sartzeaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.