Atzeratu egin dute Iñigo Errejonen deklarazioa

Sumarreko diputatu ohia gaur zen deklaratzekoa. Epaileak behin-behinean artxibatu du kasua, Elisa Mouliaaren abokatuak gaixo baimena hartu duelako.

Iñigo Errejon ,Espainiako Kongresuan, urriaren 22an. FERNANDO VILLAR / EFE
Iñigo Errejon, Espainiako Kongresuan, urriaren 22an. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 12a
09:10
Entzun

Itxaron egin beharko da Iñigo Errejonen bertsioa entzuteko. Kasua aztertzen ari den epaileak gaurko deitua zuen deklaratzera Sumarreko diputatu ohia, baina lehen salaketa jarri zion Elisa Mouliaaren abokatuak gaixo baimena hartu duenez, kasua artxibatu egin du behin-behinean. 

Errejonen aurkako salaketa urriaren 25ean jarri zuen Mouliaak, indarkeria matxistagatik. Aktorea ere gaur zen deklaratzekoa, baina bere abokatua lanera itzuli arte ez du deklaratuko hark ere. Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, haurdunaldiaren azken asteetan dagoelako hartu du baimena Carla Vall abokatuak. Rubiales auzianJennifer Hermoso futbolaria defendatu zuen bera da.

Atzo eman zuen albistea Adolfo Carretero epaileak: «Gaur jaso dugu zitatuaren abokatuaren gaixo baimena, eta, uko egin dionez beste abokatu bat aukeratzeari, ezinezkoa da prozedurarekin jarraitzea». Mouliaa, izatez, ostegunean zen deklaratzekoa, baina orduko agerraldia ere arrazoi beragatik atzeratu zuten.

El Mundo egunkarian argitaratu dutenez, Errejonek helegitea jarriko dio epaiketa atzeratzeko erabakiari. Ez du zenbait hilabete itxaron nahi salaketatik defendatzeko. Haren defentsak, gainera, gogorarazi du salaketa jaso duenak abokatua izatea derrigorrezkoa dela legez, baina salaketa jarri duenak izatea ez.

Lehen salaketa

Mouliaa da Errejonen kontrako lehenbiziko denuntzia jarri zuen emakumea, eta kasua sare sozialetan zabaldutako mezu anonimoetatik harago doala erakutsi nahi du. Beste emakume batek ere aurkeztu zuen diputatu ohiaren kontrako salaketa: Aida Nizar telebistako aurkezleak.

Errejonek dimisioa eman zuen urriaren 24an, eta politika utziko zuela iragarri. Hori baino lehen, Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministaren sare sozialetan, Errejoni jarrera matxistak izatea egozten zioten mezu anonimoak zabaldu zituzten. 

2014an, Podemos alderdiaren sortzaileetako bat izan zen Errejon, baita Diputatuen Kongresuan talde horretako bozeramaile ere. Ostera, Podemos utzi, eta Mas Pais plataformako hautagaia izan zen 2019ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Mas Paisekin diputatu karguan aritu zen 2023ra arte, eta, urte horretan, plataforma Sumar koalizioaren parte bilakatu zen. 2023ko hauteskundeetatik, Sumarreko diputatu izan da Kongresuan, eta, aurtengo urtarriletik, talde parlamentario horretako bozeramaile gisa aritu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.