Atzerapausoa hasi du Trumpek

Nazioarteko eragileek AEBak kritikatu dituzte, eta klima larrialdiaren aurkako Parisko Akordioa berretsi. Mike Pompeo: «Itunak pisu ekonomiko jasanezin bat sortzen die AEBei»

Klima larrialdearen aurkako manifestazioa Los Angelesen (AEB), pasa den irailaren 20an. DAVID MCNEW / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak klima larrialdiaren aurkako Parisko Akordioa uzteko asmoa iragarri zuen 2017ko ekainean: «Pittsburgheko herritarren interesak defendatzeko hautatu naute, ez Pariskoenak babesteko. Hitzeman nuen moduan, Amerikaren interesei kalte egiten dien edozein akordio utzi edo berriz negoziatuko dut». Beteko du bere promesa Trumpek. Astelehenera arte, ordea, ezin zuen abian jarri Parisko Akordioa uzteko prozedura, itunaren arauen arabera. Hainbat herrialdek gaitzetsi egin dituzte Trumpen asmoak, eta berretsi egin dute akordioarekiko duten konpromisoa.

Herenegun egin zuen agerraldia Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak, Nazio Batuen Erakundeari 2015ean sinatutako akordioa uzteko eskaria bidali ziotela jakinarazteko. Pompeoren arabera, itunak «karga ekonomiko jasanezin bat» sortzen die AEBei. Indarrean duten modeloa defendatu zuen: «Tradizionalki liderrak gara isurien murrizketan, hori egiten dugulako ekonomiaren hazkundea eta gure biztanleei energia bermatuz». Politikari errepublikanoaren arabera, «eredu errealista eta pragmatikoa da» haiena.

Gaur egun, 188 herrialdek dute sinatua Parisko Akordioa. Ofizialki, uzteko prozesua hasi eta urtebetera irtengo dira AEBak itunetik: 2020ko azaroaren 4an; oraingoz, Nikaragua eta Siria dira Parisen adostutako neurriak onartu ez dituzten herrialde bakarrak.

Trumpen erabakiak kritika asko eragin ditu. Besteak beste, ez datoz bat AEBetako gobernuaren erabakiarekin herrialdeko hainbat eragile, eta horregatik sortu dute Oraindik Barruan Gaude mugimendua. Talde horrek osatutako manifestua sinatu dutenek bat egiten dute Parisen hartutako konpromisoekin, eta dagoeneko badira batzuk: 2.209 enpresa, 287 hiri, 353 eskola eta unibertsitate, 10 estatu...

Parisko Akordioa sinatu zenean, John Kerry demokrata zen AEBetako Estatu idazkaria, eta, herenegun The Washington Post egunkarian idatzi zuenez, astelehenekoa «egun beltz bat» izan zen AEBentzat. Parisko Akordiotik ofizialki irten bezperan—2020ko azaroaren 3an—, ordea, hauteskundeak egingo dituzteAEBetan, eta, irabazten badituzte, norabidea aldatzeko aukera izango dute demokratek.

Aurtengo COP25 klima larrialdiaren aurkako goi bileraren antolatzaileek ere, Espainiako eta Txileko gobernuek, Trumpen erabakiaren aurka egin dute, eta AEBek esan zuten atzo erabaki hori baztertzea nahi zutela. Espainiak eta Txilek azpimarratu zuten Parisko Akordioak duen babes zabala, «nazioarteko komunitateak klima larrialdiarekin duen konpromisoaren erakusgarri». Azkenean, Madrilen egingo da COP25 goi bilera, abenduan; berez, Txileri egokitzen zitzaion aurtengoa antolatzea, baina azken asteetako herrialdearen ezegonkortasun politikoak eragin du aldaketa.

Nazioartearen berrespena

2015ean Parisen bildutakoek helburu nagusi bat ezarri zuten: Lurraren tenperatura bi gradu baino gutxiago handitzea 2100. urterako. Munduan isurtzen den CO2-aren %15aren erantzule dira AEBak, eta kolpe gogorra da herrialde ia guztiek sinatu zuten itunarentzat, Kyotoko Protokoloa ez bezala. Besteak beste, Errusiak joan den hilean berretsi zuen bere konpromisoa, eta gaur bilduko dira Txinako eta Frantziako presidenteak Parisko Akordioan «atzera ez dutela egingo» berresteko. Egungo bilakaerak bere hartan segituz gero, 2040rako 1,5 gradu igoko da lurrazaleko tenperatura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.