Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak 2019an kargua hartu zuenean, politika berdeak jarri zituen lehentasun handi gisa, eta, bost urtean, direktiba eta arau mordoa onartu dituzte horrekin bat eginez, Europako Itun Berdea oinarri hartuta. Gorabehera handiak eragin dituzten gertakariak izan dira tartean, hala nola COVID-19aren pandemia eta Ukrainako inbasioa, baina horrek ez du aldarazi agenda berdea, urte horietan behintzat.
2024ko abenduaren lehenean, bigarren agintaldiari ekin zion Von der Leyen alemaniarrak, Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean batzordea berrituta. Bai parlamentua eta bai batzordea asko aldatu dira, talde ultraeskuindarretako kide gehiago baitaude bietan, eta horrek eragin garbia du politika berdeetan, ingurumena babesteko neurrien aurkakoak baitira alderdi ultraeskuindar ia denak.
Hala ere, azken hilabeteetan ingurumen politiken aurkako diskurtsoa hedatzen ari da beste alderdietan ere, eta gero eta gehiagok uste dute Europako Batzordeak eta Von der Leyenek emandako pausoak gehiegizkoak direla. Hain zuzen, Von der Leyenek berak uztailean egin zituen adierazpenetan ikus daiteke hori. Politikari alemaniarrak orduan aurkeztu zuen bere burua batzordeburu izateko hautagai, eta 2024tik 2029rako legealdirako zuen proposamena aletzean, defentsari, EB Europako Batasunaren posizio geopolitikoa indartzeari eta haren industriaren lehiakortasunari eman zion garrantzi handiena, baita migrazio politikak zorrozteari ere. Gutxi hitz egin zuen agenda berdeari buruz; esan zuen eutsi egin behar zitzaiola.
«Garbi dago Mercosurren eta EBren arteko akordioak ez diola batere onik egiten Europako nekazaritza jasangarriari»
ANDRES ILLANAEkologistak Martxan-eko kidea
Esandako hori egitea, baina, beste gauza bat da. Batzorde berriak hilabete baino gutxiago darama lanean, eta atzerapen batzuk onartuak dituzte jada ingurumena babestearekin zerikusia duten kontuetan. Andres Illana Ekologistak Martxan-eko kideak azaldu du oso arduratua dagoela EB bultzatzen ari den aldaketekin. Uste du alderdi politiko ultraeskuindarren presioak eragindakoak direla: «Alderdi horiek ukatu egiten dute klima aldaketa, eta beti egon dira 2030erako Agendaren kontra. Lehen sektoreak arrazoi du gauza askotan, baina hartan ari direnen haserreaz baliatzen ari dira orain arte lortu diren aurrerapen guztiei buelta emateko».
Mercosur eta EB
Abenduaren 6an, Von der Leyenek EBren eta Mercosurren arteko akordio bat sinatu zuen Argentinako, Brasilgo, Paraguaiko eta Uruguaiko presidenteekin batera. Itun hori 2020tik zegoen adostuta, eta haren helburua da salgaien eta zerbitzuen salerosketa librerako esparru bat sortzea Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen artean. Hala ere, Europako Batasuneko herrialdeek akordioa berretsi behar dute oraindik. Eta zaila izango da, lehen sektore indartsua duten bi herrialde aurka baitaude: Frantzia eta Polonia; Italiak ere ez du ziurtatu alde bozkatuko duenik.
Azaroan, laurehun elkartek baino gehiagok gutun bat idatzi zuten akordioaren aurka, eta, hartan, aletu zuten halako merkataritza libreko esparru batek zer arrisku dituen gizartearentzat eta ingurumenarentzat. Akordioa toxikotzat jo dute «herrientzat eta planetarentzat», egungo merkataritza eta ekoizpen ehunaren «eredu neokoloniala» sakonduko duelako. Uste dute akordioak areagotu egingo duela Iparralde Globalaren eta Hegoaldearen arteko «desparekotasuna» trukeari dagokionez, Europako Batasunean debekatuta dauden nekazaritzarako gai kimiko gehiago esportatuko baita Mercosurreko herrialdeetara. Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa sustatuko direla ere ohartarazi dute, baita Hego Amerikako landa komunitate asko kaltetuko direla ere.
Horrez gain, salatu dute deforestazioaren arazoa are gordinagoa bihurtuko dela akordioaren eraginez, eta klima krisia sakondu. Izan ere, tokiko kontsumoa eta elikadura burujabetza sustatzea da berotegi gasen emisioak murrizteko gakoetako bat, eta, akordioa berresten bada, jaki truke gehiago izango da Ozeano Atlantikoaren alde batetik bestera.
Bestalde, Mercosurreko herrialde gehienetan pestizidei buruzko legediak lausoagoak dira EBn baino, eta, hala, ekologistak ez ezik EBko nekazariak ere haserretu dira itunaren harira. Salatu dute akordioak kalte egingo diela lehiakortasunari dagokionez, iritzita Hego Ameriketako abeltzaintza eta nekazaritza enpresa handiek aukera izango dutela EBn produktu merkeagoak —eta batzuetan toxikoak— saltzeko. Illanak azaldu du gauza batzuetan ekologistak eta nekazariak ez daudela ados, baina beste askotan bat datozela: «Garbi dago Mercosurren eta EBren arteko akordioak ez diola batere onik egiten Europako nekazaritza jasangarriari».
Deforestazioaren aurkako araudia
Deforestazioaren aurkako araudia indarrean jartzeko eguna urtebete atzeratzea izan da bazterrak nahasi dituen beste erabaki bat. Finean, lege horren bitartez mugatu egingo dira EBren zenbait inportazio: besteak beste, behi haragiarena, kakaoarena, kafearena, palma olioarena, sojarena eta egurrarena. Zehazki, enpresa saltzaileek nahitaez ziurtatu beharko dute beren produktuak ez dituztela basoak soilduz ekoitzi. Lege horrek distribuzio enpresak eta bitartekariak haserrearazi ditu batez ere, baita elikadura industriako erraldoiak ere; Nestle, esaterako.
Legea iazko abenduaren 30ean zen indarrean sartzekoa, baina presio taldeen jarduna dela medio, Europako Batasunak urtebete atzeratu du indarrean sartzeko eguna. Atzerapena justifikatzeko erabilitako arrazoi nagusietako bat da lege horren ondorioz enpresek burokrazia lan handiagoa izango dutela, eta, beraz, tarte handiagoa eman diete horretara moldatzeko. Hala ere, legea 2021eko azaroan hasi zen bidea egiten, duela hiru urte baino gehiago. Illanak azaldu du Ekologistak Martxan-en «oso larrituta» daudela Europako Batasunean izandako atzerapenekin, joera hori areagotzen ari delakoan baitaude.
Otsoaren babesa
Europako Kontseiluak, Europako Batzordearen proposamenez, otsoaren babes maila apaltzea onartu zuen abenduan, eta, hala, Bernako Hitzarmenean «babes bereziko» espezietzat jotakoa espezie «babestu» bakarrik izango da aurrerantzean. Illanaren esanetan, otsoaren auzia hizpide bihurtu zen 2022an otso batek Von der Leyenen poney bat hil zuenean. Illanak esan du otsoaren babesa apaltzeak ez duela inolako oinarri zientifikorik: «Emozioak lehenesten dira, eta ez arrazoia». Azaldu duenez, espezie bat babesteko hamaika txosten zientifiko behar dira, eta babesa kentzeko, berriz, bakar bat ere ez: «Hirurehun zientzialarik baino gehiagok sinatu dute otsoari babesa kentzearen kontrako eskaera».
Pestizidak eta Nekazaritza Politika Bateratua
Illanak azaldu duenez, beste alor batzuetan ere izan dira atzerapenak. Pestiziden erabilera jasangarriaren araudiarekin gertatutakoa nabarmendu du: Europako Batzordeak zirriborro bat proposatu zuen 2022an, baina atzera bota zuten 2024aren hasieran, industriaren presioengatik. Gainera, malgutu egin dira Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak jasotzeko baldintzak, eta Elikagai Jasangarrien Sistemaren proposamena geldirik dago oraindik.