Atzera bota dute Puigdemontek 2019an eurodiputatu aitortu ez zutelako jarritako helegitea

EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du Europako Parlamentuko presidenteak hartutako erabakia. Puigdemont eta Comin ez zituen europarlamentari gisa aitortu Espainiako Konstituzioaren zina egin gabe zeudelako.

(ID_13960016) FRANCIA ELECCIONES EUROPEAS
Antoni Comin eta Carles Puigdemont Ipar Katalunian, joan den ekainean. DAVID BORRAT /EFE
Igor Susaeta.
2024ko irailaren 26a
10:30
Entzun

Antonio Tajani 2019an Europako Parlamentuko presidente zenak ez zituen eurodiputatu aitortu ez Carles Puigdemont, ez Antoni Comin. Helegitea jarri zuten Junts alderdikoek, baina EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera bota du, ganberako presidente zenak hartutako erabakia babestuz. Puigdemont ez zen berriro hautagai izan Europako Parlamenturako azken hauteskundeetan, aurreko ekainean; Comin (Junts) bai, ordea. Jarlekua lortu zuen —erbesteratuta dago 2017tik—, baina ikusteko dago EB justizia instantzia nagusiak gaur kaleratutako ebazpenak nola eragiten dion.

Jarlekurik gabe utzi zituzten 2019an, hauteskundeetan aukeratuak izan ondoren ez zutelako Espainiako Konstituzioaren zina egin. Auzitegiak jaso duenez, Tajanik ez zituen eurodiputatu aitortu ez zirelako ageri eman zioten diputatu hautatuen zerrendan; beraz, ebatzi du zegokiona egin zuela 2017 eta 2019 artean Europako Parlamentuko presidente zenak. Eta ez zeuden zerrendan Espainiako Hauteskunde Batzordeak horretatik kanpo utzi zituelako konstituzioaren zina ez egiteagatik. Ezinbesteko baldintza da hori europarlamentari izateko ere, Espainiako Estatuko legediaren arabera.

Horrenbestez, 2022an EB Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak plazaratutakoa berretsi du EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Duela bi urte ere helegitea baztertu zuen auzitegi orokorrak, argudiatuta Tajaniren erabakiari ezin zitzaiola errekurtsorik jarri. Horiek horrela, Roberta Metsola ganberako egungo presidenteak ere ez du Comin eurodiputatu gisa aitortu, ez duelako konstituzioaren zina egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.