Tentsio politikoak eztanda egin du Perun. Kongresua gaur zen Pedro Castillo presidentearen aurkako zentsura mozio bat bozkatzekoa —urte eta erdiko agintaldian hirugarren aldiz—, baina, aurretik, ganbera desegin du Castillok. Azkenean, ordea, kongresuak Castillo kargugabetzearen alde bozkatu du, eta, Fiskaltzaren aginduz, atxilotu egin dute. Haren arabera, «inork ezin du konstituzioaren gainetik jarri, eta presidenteak bere betebehar konstituzionalak bete behar ditu».
Castillok nazioari eskainitako diskurtso batean iragarri du ganbera desegiteko neurria, eta ez da bakarra izan: hauteskundeak deitu ditu, salbuespenezko gobernu bat ezarri du, «legez kanpoko armak» dituzten guztiei haiek entregatzeko agindu die, eta etxeratze agindua ezarri du 22:00etatik 04:00etara, gaurtik aurrera. Besteak beste, Cesar Landa Atzerri ministroak Estatu kolpe bat ematea egotzi dio, eta gobernura eraman zuen alderdiak ere (Peru Librek) ez du babestu.
«Herritarren eskaerei men eginda, eta Zuzenbide estatua eta demokrazia berrezartzeko helburuarekin, salbuespenezko gobernu bat ezartzea erabaki dugu. Ondorioz, neurri hauek onartu ditugu: behin behinean Peruko Kongresua desegitea, eta larrialdiari aurre egiteko gobernu bat ezartzea», iragarri du. Hortaz gain, jakinarazi du hauteskundeak deituko dituela «ahal bezain pronto», kongresu berri bat eratu eta Konstituzio berri bat idazteko, gehienez ere bederatzi hilabeteko epean. Bitartean lege dekretuen bidez aginduko dutela ere gehitu du. Agerraldi publikoa egin ostean, Peruko Gobernuaren egoitzatik alde egin du Castillok, bere familiarekin.
Horren ostean kargugabetu du kongresuko gehiengo osoak —130 diputatutik 101ek—, «ezgaitasun moral etengabeagatik». Ondorioz, Dina Boluarte presidenteordeari eskatu dio Kongresuak presidente karguaren zina egiteko.
Bitartean, Peruko Auzitegi Konstituzionaleko presidente Francisco Moralesek dei egin dio Armadari, Perun «ordena konstituzionala» berrezartzeko.
Estatu kolpea
Landak, Estatu kolpe saiakera salatzeaz gain, nazioarteko komunitateari dei egin dio Perun demokrazia berrezartzen laguntzeko. Azaldu du Castillok bere babesik gabe hartu duela kongresua desegiteko erabakia.
Vladimir Cerronek, Peru Libre alderdiko presidenteak, esan du ez dutela babestuko «abian den Estatu kolpea»: «Hiperparlamentarismoaren aurka gaude, hedabideak ez dira fidagarriak herrialde honetan, testigantzak ez dira fidagarriak, baina Castillogatik ere ez dugu eskua sutan jarriko», adierazi du.
Castillok hitz egin bezain laster, gainera, dimisioa aurkeztu dute hainbat ministrok. Tartean, Ekonomiakoak, Kanpo Harremanetakoak eta Lanekoak. Azaldu dutenez, «balio demokratiko eta konstituzionalei» duten atxikimenduagatik hartu dute erabakia. Dimisioa aurkeztu du Manuel Rodríguez Cuadrosek ere, Peruk NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak. Hark ere esan du Castillok iragarritakoa Estatu kolpea dela.
Ollanta Humala Peruko presidente ohiak (2011-2016) ere gogor gaitzetsi du Castilloren erabakia.
Rechazo total a este Golpe de Estado cometido por el propio presidente. Las Fuerzas Armadas le deben honor y lealtad a la patria y no a un dictador. Eso eres hoy @PedroCastilloTe
— Ollanta Humala Tasso (@Ollanta_HumalaT) December 7, 2022