Amaitu da. Ebolaren izurritea desagertu dela iragarri du OME Osasunaren Mundu Erakundeak; mundu osoa Afrikara begira jarri duen pandemia. 28.500 lagun kutsatu ditu izurriteak, eta horietatik 11.300 pertsona hil dira. Luzaroan iraungo dute ia bi urteko amesgaiztoak utzitako ondorioek; lezioak ere eman ditu franko.
«Birusaren transmisio kateguztiak eten dira mendebaldeko Afrikan», adierazi du OMEko ordezkari Rick Brennanek. Kutsatutako azken pertsona sendatu eta 42 egunera egin dute iragarpena. Liberia izan da azken herrialdea gaitza gainditzen; Sierra Leonan iazko azaroaren 7an desagertu zen Ebola, eta Ginean urte bereko abuzturen 29an.
2013ko abenduan lehen kasua detektatu zutenetik bi urteetan eragin dituen kalteak neurrigabeak dira. Hildakoen eta kutsatutakoen kopuru beldurgarriez gain, gutxi hitz egin da Afrika mendebaldeko ekonomian eragindako inpaktu ekonomiko nahiz sozialez. Brennanek berak aitortu du kopuru horiek «gutxietsita» daudela. Munduko Bankuak eginiko kalkuluen arabera, gaitzak 30.000 milioi euro inguruko kostua izan du Kenian eta Tanzanian, turismoak behera egin duelako batez ere —5.300 kilometrora daude Ebolak gehien erasandako lekuetatik—.
Heroi moduan agertu dira Europako eta AEBetako erakundeak eta buruzagiak; eraginkortasunez erantzun dute, eta lortu dute azken urteetako pandemiarik larriena gainditzea. Ebolaren lehen hilabeteetako nazioartearen arretarik eza, ordea, «deitoragarria» izan zela gaitzetsi dute beste hainbatek. Izan ere, pandemiak ozeanoak gurutzatu zituenean eta Europara eta AEBetara heldu zenean hartu zuten Ebola mehatxu erreal gisa. Ordurako Gineako Gobernuak hamaika abisu igorri zizkion OMEri. Muturreko arriskua etxean ikusi zutenean erantzunzuten nazioarteko potentziek. Bestalde, OMEk gerora aitortu du «huts egin» zuela Ebolak izan zezakeen zabalpena ez zuelako garaiz aurreikusi.
Botikarik ez, saihesteko
2013ko abenduan hasi zen tragedia, Gineako Conakry hirian. Bi urteko haur bati kutsatu zion gaixotasuna saguzar batek. Hilotzari emandako besarkadetatik eta egindako laztanetatik kutsatu ziren ingurukoak. Hiru hilabetean 80 laguni pasatu zieten, eta zabalkundeak ez zuen etenik izan nazioarteak erantzun zuen arte. Botikekin eginiko saiakerek eta prebentziorako lanak salbatu dute Afrika mendebaldea. Dena den, «lana bukatu gabe» dagoela adierazi du OMEk: «Hiru herrialdeetan [Liberian, Ginean eta Sierra Leonan] Ebola agerraldi txikiak izateko arriskua dago».
Gaixotasuna duela 40 urtetik ezagutzen badute ere, oraindik ez dute botikarik topatu Ebola prebenituko duenik. Txertoak izan daitezkeen tratamenduak probatzen aritu dira pertsonetan; kutsatuei probatu gabeko tratamenduak emateko baimena eman die OMEk ikertzaileei bi urteetan. Oraindik ez dute botika egokirik topatu.
Hala, prebentzioan «adi» jarraitzearen garrantzia azpimarratu du OMEk. Oraingoz, erronka tokiko osasun sistema eraberritzea eta indartzea da. Europako Batasunak, OMEk eta Unicefek, besteak beste, laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Atsedenerako dosi bat
Ebolaren izurritea amaitutzat eman du OMEk.11.300 pertsona hil ditu orotara.Liberian, Ginean eta Sierra Leonan ondorio sozioekonomikoak ere eragin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu