COP26. Sergio H. Faria. IPCCko 6. txostenaren egile nagusia

«Atmosferan pilatutako CO2aren erdia azken 30 urteetan isuritakoa da»

Ez du esan nahi Glasgowkoa «azken aukera» izango dela, baina argi du goi bilera horrek duen garrantzia. Herrialdeak konpromisoak handitzen eta agindutakoak betetzen hasteko garaia dela uste du zientzialariak.

INIGO SIERRAISO100FOTO.
inaki petxarroman
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Glasgown ez badago ere, arretaz jarraitzen ari zaie Sergio H. Faria BC3ko Ikerbasque irakasle eta Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko (IPCC) ikertzailea (Curitiba, Brasil, 1974)handik heltzen diren berriei. Haren iritziz, goi bileran ikusiko da Parisko Hitzarmenaren ebaluazioa eta aurrera begira herrialdeak zer gehiago egiteko prest dauden hura betetzeko. «Horregatik da garrantzitsua, eta konpromiso zehatzak eta garbiak behar dira, ez dadin inor ihesi joan».

Zer konpromiso hartu beharko lituzkete herrialdeek COP26an?

Herrialdearen arabera. Oro har, berriztagarrien trantsizioa, erregai fosilen erabilera mugatzea, metano isurketak gutxitzea, CO2aren xurgatzea handitzea —basoberritzeen bidez edo beste modu batzuen bidez—, lurraren erabileraren kudeaketa... Estrategia ezberdinak daude, eta herrialde bakoitzak erabaki behar du zein lehenetsi, duen ahalmenaren arabera. Zer gertatu da? Bada, Parisko konpromiso asko oraindik ez direla bete, eta betetzea lortu dena ez dela nahikoa izan 1,5 graduko berotzearen helburua lortzeko. Uste dut orain dela aukera, Glasgown; ez nuke esango azken aukera dela, baina benetan gure esku dugu klima aldaketari galga jartzeko.

Azken konpromisoen arabera, isurketak %7,5 gutxituko lirateke 2030erako, baina %30-40 gutxitu beharko lirateke.

Parisko Hitzarmeneko xedeak bete nahi baditugu, konpromiso eta ekintza sakonagoak behar ditugu. Ekintza bizkorragoak, globalki koordinatuagoak... Baina, batez ere, gehiago bete behar dira hitzemandakoak. IPCCk agerian utzi du argitaratutako azken txostenean atmosferan pilatutako CO2aren erdia azken 30 urteetan isuritakoa dela. Eta berotegi gasen atmosferako pilaketa inoizko handiena da. Horrek aurrekaririk gabeko berotze tasak dakartza; gutxienez, duela 2.000 urtetik hona. Klima aldaketaren ondorioak planetako toki askotan sumatzen ari dira, eta, haietako batzuek, zoritxarrez, ez dute atzera-bueltarik. Gure esku dago aldaketen abiadura murriztea, isurketen murrizketa zorrotzak eginez gero. Eta arrakasta handiz jokatuz gero, aldaketa asko galga ditzakegu.

Atzeraezinezkoa da itsasoarenberotze prozesua, ezta?

Bai, ozeanoek inertzia handia daukate. Horregatik, itsasoarentenperatura eta garaiera oso mantso aldatzen dira, baina mendeak behar dira horri buelta emateko, akaso milurtekoak. Aldaketak hasten direnean itsasoetan, beraz, oso zaila da haiek geratzea. Baina garrantzitsuena da ulertzea gure ekintzek garrantzi handia daukatela aldaketa horiek mantsotzeko eta mugatzeko.

Zientzialariek ohartarazi duzue oihanak gordetzen dutena baino karbono gehiago isurtzen hasi direla.

Atal hau gehiago dagokio klima aldaketaren egokitzapenari, eta ez dugu aztertu 6. txostenean, baizik eta hurrengo urtean argitaratuko den beste batean. IPCCren 2. taldeak egin du lan hori. Hori eta 3. taldeak egindako beste bat 2022ko lehen hilabeteetan argitaratuko dira, eta zehatz aztertuko dituzte klima aldaketaren eragin klimatiko, sozioekonomiko eta ingurumenekoak... Eta, horrekin batera, egokitzeko estrategiak proposatuko dituzte.

Metano isurketak murriztea erabaki dute ehundik gora estatuk. Itxaropena sortzen dizu horrek?

Metanoak berotze ahalmen handiagoa du CO2ak baino, baina askoz ere denbora laburragoan geratzen da atmosferan. Beraz, atmosferaren metano pilaketa segituan igartzen da kliman. Pilaketa azkar bat dagoenean, oso kezkagarria da; eta gutxitzen denean, berehala nabaritzen da. Beraz, metano isurketen berehalako murrizketa oso itxaropentsua litzateke, baldin eta ez badu baldintzatzen CO2 isurketak gutxitzeko gure ahalegin kolektiboa.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Metano isurketen murrizketak geldo dezake klima aldaketaren erritmoa, eta horrek eragin dezake CO2 isurketak gutxitzeko ahalegina moteltzea. Hori hondamendi bat litzateke, zeren karbono dioxidoa da epe ertain eta luzera berotzea gidatzen duena. Beraz, ezin dugu hau erabili aitzakia gisa CO2 isurketak gutxitzeko ahaleginak erlaxatzeko. Biak gutxitzea lortzen bada, bakoitza bere moduan eta erritmoan, orduan bai izango genuke onura bikoitza klimarentzat.

IPCCren azken txostenean diozue isurketak errotik moztea beharrezkoa dela 1,5 graduko berotzearen helburua betetzeko. Garaiz gaudela uste duzu?

Garaiz, teorian, bai. Baina gure ekintzen eta konpromisoen historia ikusita, ezin daiteke baikorregia izan. Bestalde, esan beharra dago: 1,5 graduko berotzea oso esanguratsua da, baina ez dago mugarik zona seguru batetik arriskutsu batera igarotzeko. Esan nahi baita: arriskuak eta kalteak mugatu nahi baditugu, garrantzitsuena da isurketa ahal den gehiena murriztea. 1,5 graduraino iristen bagara, hobeto. Baina hori gainditzen badugu, bi graduko berotzea hobea da 2,5ekoa baino. Gradu erdi bakoitzean ikusiko dugu nola handitzen diren arriskuak eta nola suntsitzen diren naturguneak, koralezko uharrietan, glaziarretan...

Nola eragin du COVID-19ak klima aldaketaren aurkako borrokan?

Pandemiak eragin itzela izan du pertsonen osasunean eta bizitzetan, eta, jakina, klima aldaketari aurre egiteko esfortzuak ere baldintzatu ditu. Dena zailagoa izan da. Ikertzaileon lana, egokitzeko plangintzak, trantsizio energetikorako urratsak... Dena mantsotu da. Zientzialarion txostenak ere hilabete askotan atzeratu dira. Presentzialki egiten diren sei hilabeteroko bilerak —gure ekoizpenaren muina izaten dira horiek, epeak betetzeko— bertan behera geratu dira, eta dena online egin behar izan dugu. Horrek txostena atzeratu digu, betiko zorroztasun eta kalitateari eutsi nahi izan diogulako. COP26a ere iaz egin behar zen, eta, beraz, Parisko Hitzarmenaren aurrerapenen ebaluazioa ere atzeratu egin behar izan da. Eragin garrantzitsua izan du pandemiak, beraz, eta espero dezagun orain galdutako denbora berreskuratzeko gai izatea.

Hala ere, naturarekin dugun harremana birpentsatzeko lagundu beharko liguke, zoonosien arriskua dela eta.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) duela urte asko ohartarazi du zoonosien arriskuaz, baina ez gara behar bezala prestatu, ez genekielako noiz izango zen. Klima aldaketarekin antzekoa gertatzen ari da. Duela 30 urtetik ari gara abisatzen haren ondorioez, baina hemen izan arte, ez gara mugitzen. Eta duela urte asko egin behar genituen gauzak egiten hasi nahi dugu orain. Jakina, orain dena presaka eta modu traumatikoan egin beharko da, ez baitago ia denborarik.

IPCCko kide gisa, izan diren filtrazioei buruz galdetu behar dizut. Badirudi gobernuak eta lobbyak presio egiten ari direla, txostenak alda daitezen.

Egileok ezin dugu komentariorik egin txostenen zirriborroen inguruan. Logikoa da, gainera, behin-behineko testua delako, eta, beraz, ez dakigulako testu horiek argitaratuko diren edo ez. Izan ere, balizko aldaketa eta zuzenketak izan ditzakete lanek, eta dokumentu dinamikoak direnez, ez dakigu zertan geratuko diren. Eduki horiek eztabaidan daudenez, gomendioa da ezer ez komentatzea, txostenen egileen errespetuagatik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.