Mundua

Atentatu oldea Pakistanen

Batetik, ANP Awani alderdi pashtun nazionalistaren mitin batean lehergailua zartarazi du ekintzaile suizida batek. Gutxienez 43 dira hildakoak. Bestetik, AEBen kontsulatuari eraso diote Peshawarren, eta zazpi lagun hil nahiz eta inor ez den kontsulatuko langilea. Talibanek hartu dituzte beren gain erasoak.

2010eko apirilaren 5a
16:06
Entzun
Gutxienez 43lagun hil dira Pakistan ipar-mendebaldeko Timergara herrian, ANP Awani alderdi pashtun nazionalistaren mitin baten kontrako atentatuan. Iturri ofizialen arabera, ehunka lagun ari ziren parte hartzen alderdiaren batzarrean, eta ustez ekintzaile suizida batek eragin du leherketa, gorputzera lotuta zeraman lehergaia zartarazita. Esan bezala, gutxienez 38 dira hildakoak eta 50etik gora zaurituak. Inguruko erietxe eta osasun zentroetara eraman dituzte, eta zenbaiten larritasuna aintzat hartuta, litekeena da hildakoen kopurua handitzea.

ANP alderdi laikoa da, eta Pakistan ipar-mendebaldeko probintzian agintean dago. Hain zuzen ere, talibanen mugimenduaren aurkari nagusia da inguru horretan.

Eskualde berean, Peshawar hirian, hiru leherketa handi izan dira gaur goizean (zenbait iturriren arabera bost), AEBetako kontsulatutik hurbil. Talibanek hartu dituzte beren gain erasoak, eta jomuga kontsulatua zela agertu dute. Leherketetako lehena kontsulatuaren egoitzatik 200 metrora gertatu da, Pakistango segurtasun indarren kontrol postu batean, eta gutxienez hiru polizia hil dira. Hogei minutuko epean gutxienez beste bi leherketa izan dira inguru berean, eta hildako gehiago ere badira, gutxienez, lau; beraz, zazpi lagun bederen hil dira eraso horietan. Lekukoen arabera, eraikin batzuk goitik behera erori dira leherketen ondorioz. Era berean, agertu dute leherketak gertatu baino lehen ekintzaile islamistek tiroka ekin diotela kontrol postuetako polizien aurka. Nolanahi ere, kontsulatuko inor ez dela zauritu ziurtatu dute iturri ofizialek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.