Atef Abu Saif Euskal Herrian izango da urriaren 3an

BERRIAk jendaurreko solasaldi bat egingo du idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiarekin, Donostian. Gazako egunerokoaren euskarazko itzulpena aurkeztuko du. Liburua Aleka bilduman argitaratu da.

ATEF ABU SAIF
Atef Abu Saif. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Jon O. Urain
2024ko irailaren 13a
10:25
Entzun

Iazko udazkenetik Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren lekuko eta narratzaile izan da Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia (Jabalia, Palestina, 1973); berrogei egunez Gazako egunerokoa argitaratu zuen BERRIAn, eta, hala,  palestinarrak bizitzen ari ziren genozidioaren testigantza eman egunez egun. 85 egun igaro zituen zerrendan, harik eta abenduaren 29an ihes egitea lortu zuen arte. Bizipen horiek Don't Look Left. A Diary of Genocide (Ez begiratu ezkerrera. Genozidio baten egunerokoa) liburuan jaso zituen, eta, orain, Aleka bilduman argitaratu da euskarazko bertsioa —BERRIAk, Elkarrek eta Jakin-ek elkarlanean sortutako bilduma da Aleka—. Abu Saifek berak hitzaldi bat emango du Donostian urriaren 3an, ostegunarekin, liburua jendaurrean aurkezteko. Astelehenean 11:30ean egongo dira eskuragarri gonbidapenak Donostia Kulturaren webgunean. Donostia Kulturaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu du ekimena BERRIAk.

Solasaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dute, 19:00etan hasita. Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak eta Arantxa Elizegi Munduko gaietako editoreak jendaurreko elkarrizketa egingo diote egileari. Ekitaldia euskaraz eta ingelesez izango da, eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da. Gonbidapenak irailaren 16tik aurrera Donostiako Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere egongo dira eskuragarri. Urriaren 3a baino lehen BERRIAlagun egiten diren lehenengo 50 lagunek doan jasoko dute liburua, Abu Saifek berak sinatuta.

Liburua BERRIA dendan dago salgai, eta BERRIAlagunek merkeago eskura dezakete. Irene Arrarats Lizeagak eta Maialen Berasategi Catalanek euskaratu dute, eta azala Idoia Beratarbide ilustratzaileak diseinatu du. Etekinak irabazi-asmorik gabeko Medical Aid for Palestinians, Middle East Children's Alliance eta Shefield Palestine Solidarity Campaign (Khan Younis Emergency Relief) gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteei emango dizkiete.

'Gazako egunerokoa'. Alekaren bildumako hamabosgarren liburua.
'Gazako egunerokoa'. Alekaren bildumako hamabosgarren liburua.

Hamahiru hizkuntzatan

Munduaren luze-zabalean jada izan dute aukera Atef Abu Saifen liburua irakurtzeko, hamahiru hizkuntzatan. Ingelesez, gaztelaniaz, katalanez, islandieraz, indonesieraz, japonieraz, italieraz, portugesez, koreeraz eta turkieraz argitaratu dituzte liburuaren edizioak, besteak beste.

«Japoniako ekintzaile ugarik gobernuaren eraikinetako paretetan idatzi dute egunerokoa, han lan egiten dutenek irakurri dezaten»

RA PAGEEditorea

Ra Page da liburuaren editorea, eta nabarmendu du harrera «oso indartsua» izan duela munduan, «izugarria, sinestezina». Esaterako, gaztelaniazko liburua salduta 161.000 euro eskuratu dituzte gobernuz kanpoko erakundeentzat: «Ale asko saldu dira». Indonesierazko eta koreerazko aleek ere «harrera oso ona» izan dute, eta japonierazkoak, bereziki ona. «Japoniako ekintzaile ugarik gobernuaren eraikinetako paretetan idatzi dute egunerokoa, han lan egiten dutenek irakurri dezaten», kontatu du Pagek.

Norvegian, berriz, berrogei aktorek antzoki batean irakurri dute liburua, gelditu gabe, 24 orduz. Erresuma Batuko antzokietara ere iritsi da, baina antzezlan bihurtuta: hainbat aktore ezagunek —tartean Kingsley Ben-Adir— antzeztu dute egunerokoan jasotakoa. Manchesterren gertatutakoa kontatu du Pagek: «Lobby sionistak han egin behar zen antzezlanari eraso egin, eta bertan behera utzi zuten emankizuna. Hala ere, protesta ugari izan ziren horren aurka, eta berriro programatu zuten antzezlana. Garaipen bat izan zen».

Idazle eta politikari

Abu Saif Jabaliako iheslari esparruan jaio zen, Gazako zerrendan, 1973an. Birzeiteko Unibertsitatean lizentziatu zen, eta maisutza ere egin zuen Bradfordeko Unibertsitatean. Politika eta Gizarte Zientzietako doktoretza egin zuen Florentzian, Europako Institutu Unibertsitarioan. Bost nobela idatzi ditu: Itzalak memorian (1997), Uzta gauaren ipuina (1999), Elur bola (2000), Paradisuko mahats gazia (2003, 2006) eta Bizi bat airean (2014), zeina Arabierazko Fikzioaren Nazioarteko Sarirako hautatu baitzuten 2015ean. Bi ipuin liburu ere argitaratu ditu: Dena normal dago (2004) eta Bizitza oraindik: Gazako garai baten istorioak (2013).

Politikari buruzko liburu batzuk ere idatziak ditu. Kolaboratzaile aritzen da zenbait egunkari eta aldizkari palestinar eta arabiarretan. 2014an, Gazako liburua editatu zuen, Comma Press-en Hiria Irakurri sailaren parte zen liburu bat, Gazako zerrendako hamar idazle garaikideren ipuinak bildu zituena. 2015ean, Arabierazko Fikzioaren Nazioarteko Sarirako hautatu zuten. 2018an, eleberri arabiarrik onenaren Katari saria irabazi zuen, idazle gazteen kategorian. 2015ean, Gazako 2014ko gerrako bere egunerokoak argitaratu zituen: Droneak nirekin batera jaten du: Gazako eguneroko bat (Comma Press). Molly Crabapplek honela deskribatu zuen liburua: «Gerra literaturako klasiko moderno bat». Arabieraz eta ingelesez idazten du.

2019an, Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro izendatu zuten. Zisjordanian bizi da orain, baina erasoa hasi zenean Gazako zerrendan zegoen, familia bisitatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.