Ateak itxita hasi dute Aung San Suu Kyiren aurkako epaiketa

Myanmarko armadak ukatu du estatu kolpea eman izana, eta berretsi bozak egingo dituztela

arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ateak itxita eta ezkutuan hasi zuten atzo Myanmarren Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren eta U Win Myint presidente kargugabetuaren aurkako epaiketa. Herrialdeko merkataritza legea urratu eta «mitin jendetsuekin» herritarren osasuna arriskuan jarri izana egozten dio junta militarrak Aung San Suu Kyiri, eta natur hondamendien legea bete ez izana U Win Myinti. Bi akusatuek bi aste pasa daramate espetxean, otsailaren 1ean militarrek gobernua kargugabetu eta agintea euren esku hartu zutenetik.

Bideokonferentzia bidez erantzun zituzten Aung San Suu Kyik eta presidente ohiak fiskaltzaren galderak, euren abokatuaren laguntzarik gabe. Izan ere, abokatuak berak salatu zuenez, hasiera batean astelehenerako jarri zuten auzi saioa, eta jarraian gaur izango zela jakinarazi zioten; azken orduan, baina, atzo egin zuten, defentsari aldaketaren berri eman gabe. «Isilean egin nahi dute guztia», gaitzetsi zuen abokatuak.

Sei eta hiru urte arteko kartzela zigorrak jaso ditzakete bi buruzagiek. Hurrengo auzi saioa martxo hasieran dute egitekoa, baina epaiketa urtebetez luza daiteke. Hala jakinarazi zuen atzo defentsak. Baina Aung San Suu Kyi eta U Win Myint ez dira atxilo hartutako gobernuko kide bakarrak. Dozenaka dira espetxeratutako ordezkari politikoak, baina, gaur-gaurkoz, militarrek ez dituzte haien aurkako karguak jakinarazi.

Bestalde, militarrek ukatu dute hilaren hasieran gertatutakoa estatu kolpea izan zela, eta argudiatu «2008ko Konstituzioa betearazteko» kargugabetu zituztela gobernuko kideak. «Demokrazia eta aberastasuna bermatzeko herritarrek gurekin elkarlanean ari beharko lukete, sentimenduen menpe erori gabe», adierazi zuen junta militarraren eledun Zaw Min Tunek, eta berretsi militarren azken asmoa bozak egitea dela.

Herritarrak, ordea, kalera atera ziren atzo ere. Rangunen, banku nazionalaren parean bildu ziren eta errepide nagusia moztu zuten, baita Rangundik hegoaldeko Mawlamyine hirira doan tren zerbitzua ere. Langile publikoek, berriz, «greba nazionala» antolatu zuten, nahiz eta militarrek ohartarazi lanera itzuli ezean, haien aurkako neurriak hartuko zituztela. Iparraldeko Kachin estatuan segurtasun indarrek manifestarien aurka jo zuten, eta zaurituak eragin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.