Espainiako inbestidura ituna. Protestak

Astebetez Ferrazen

Azken zazpi egunetan, Kataluniako amnistiaren eta Sanchezen aurkako manifestazioak egin dituzte PSOEren egoitza nagusiaren inguruetan. Atzo, milaka eskuindarrek egin zuten protesta.

Amnistia legearen aurkako kartelak, atzo. SERGIO PEREZ / EFE.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Madril
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako banderak eta Sos Europa kartelak. «Denok gara Alejo [Vidal Queadras, Voxen sortzaileetako bat]», oihuak eta Europari «esnatzeko» deiak. Atzo, berriro ere eskuin muturrak hartu zituen PSOEren Madrilgo egoitzaren inguruak. PSOEk eta JxCek akordioa sinatu berritan, bero zegoen giroa.

Lehenik, Europako Parlamentuak Madrilen duen egoitzan batu ziren manifestariak. Eta handik joan ziren PSOEren egoitza ingurura, Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen kontra ahotsa ozenduta: «Pedro Sanchez espetxera». Milaka manifestari ziren. Poliziak hartua zuen ingurua, eta kristalezko objekturen bat ere bota zieten. Tentsio uneak egon ziren. Baita kazetarien aurkako isekak ere: «Espainiako prentsa manipulatzailea da».

Aurreko ostiralean hasi ziren mobilizazioak. Ordutik, Kataluniako amnistia legearen aurka, milaka herritar batu dira egunero PSOEren Ferraz kalean duen egoitzaren bueltan. Herenegun ere nabari zen mugimendua. Entsalada errusiar apur bat baino ez da geratzen barrako erretiluetan. «Badago jateko zerbait?», galdetu zuen bezero batek. «Horixe, besterik ez. Arratsaldeko zortzietan itxi dugu sukaldea; poliziak eta kazetariak bakarrik dabiltza hemen», erantzun zioten. Madrilgo Ferraz kaleko 39.ean dago taberna, PSOEren egoitzaren parean. Poliziak kalea itxita zeukan; seigarren egunez jarraian manifestariak han elkartu baitziren, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezen eta Kataluniako amnistia legearen aurka.

Arratsaldeko zortzietarako egiten dute deialdia, egoitzatik ehun metrora dagoen bidegurutzean. Herenegun, Poliziak alderik alde hesitutako kalearen aurrean, manifestari bat aginduak ematen aritu zen protesta hasi aurretik; jakinarazi zuen ez zutela indarkeriarik onartuko: «Ez diezaiogun eman Poliziari gure aurka oldartzeko arrazoirik».

Eskuorriak ere banatu zituzten. Espainia ez da beste Venezuela bat izango. Diktadura hau geldituko dugu, dio alde batean. Atzealdean, berriz, Bakezaleak gara, ez bortitzak ohartarazten du. Azken egunetako istiluen aldean, atzo hori gogorarazi nahi izan zuten zenbait manifestarik. Halere, isekak izan ziren nagusi beren aldarrien artean; Sanchezen aurkakoak eta Kataluniako Generalitateko presidente ohi (2016-2017) Carles Puigdemonten kontrakoak, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi aipatzen zuenik ere bazen. Era berean, monarkiaren utzikeria ere salatu zuten, eta PP Alderdi Popularra zein PSOE gauza bera direla oihukatu zuten.

Halere, ez da aurreko egunetan bezalako istilurik gertatu. Iragan astelehenean eta asteartean, manifestaziora joandakoek botilak, harriak eta material piroteknikoa jaurti zituzten polizien eta kazetarien aurka, eta Polizia manifestarien aurka oldartu zen. Asteartea izan zen egunik gogorrena, Elena Nakeuri Ferraz 39 tabernako nagusiaren ustez. Poliziak taberna ixtera behartu zuen egun horretan. «Gaur [herenegun] ez digute ezer ere esan, baina arratsaldeko zortzietatik aurrera ez dugu janaririk prestatu. Gainera, taberna laster itxiko dugu, jende gutxi baitabil», azaldu du Nakeurik.

Kazetariak, poliziak eta auzoko bizilagun solteren bat, beste inor ez dabil inguruan. Azken egunetan, manifestazioek iraun bitartean, soilik horiek izan dute Ferraz kalera sartzeko baimena. Bertakoek erroldatze agiria edo alokairu kontratua erakutsi beharra daukate etxera sartu nahi badute. «Ezohiko egoera batean bizi gara, eta zenbait egunez luzatuko dela dirudi», kexatu da Mario Gutierrez, auzoko tabernako barraren aurrean.

Ferraz kaleko biztanleak ohituta daude manifestazioetara: «Animalistak, prostitutak, adinekoak, poliziak... Manifestazio ugari egin dituzte hemen. Guztiak dira zilegi, baina oraingoa gehiegizkoa da», azaldu du Gutierrezek. Tabernek eta jatetxeek bezala, gainontzeko negozioek ere ixte ordua baino lehenago amaitzen dute eguneko jarduna: «Optikakoek eta azazkalak txukuntzen dituztenek 19:00ak arte luzatzen dute jarduna, baina normalean 20:30ean edo 21:00etan ixten zuten».

Tentsioa areagotuz

Gauak aurrera egin ahala, giroa oldartuz joan zen. Lehen lerroan, aurpegia estalita zeukaten gazteak adinekoei lekua hartzen hasi ziren. Gero eta gehiagok daramatzate ikur frankistak. Nakeurik eta Gutierrezek zera ohartarazi dute: «Orain adinekoak etxera joango dira, eta Real Madrilen partidan zeudenak hona etorriko dira». Bandera frankista bat agertu da, eta sinbolo faxistadun zenbait afixa ere bai. Hasieran manifestari batzuk kexatu egin dira: «Jaitsi bandera hori!». Baina ez dute jaitsi, eta, kexuak urritu heinean, manifestaziora joandako batzuk agur faxistak egiten eta aldarri frankistak oihukatzen hasi dira.

Tarteka, kantuak, txistu hotsak eta zaratak gelditu, eta isiltasuna nagusitu da zenbait segundoz. Berriro ere oihuak, eta, geroago, isiltasuna berriz. Momentu horietako batean, manifestari batek garagardo lata bat jaurti du kazetariak dauden gunera. Berriemaileak eta poliziak kaskoak jartzen hasi dira, aurreko egunetako istiluak berrituko ziren beldurrez. Baina egoera bere horretan geratu da; tentsioa agerian, baina istilurik ez. Manifestariak pixkanaka alde egiten hasi dira. Poliziak atzean zeudenak sakabanatu dituen arte. 23:30 pasatxoan amaitu da manifestaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.