Erresuma Batua astindu du eskuin muturreko taldeak migratzaileen aurka egiten ari diren kanpainak. Astebetean 378 lagun atxilotu dituzte gutxienez, eta Keir Starmer lehen ministroak agindu du ordena publikoan espezializatutako polizien «armada iraunkor bat» sortuko duela egoera kontrolatzeko. Epaitegiak 24 orduz irekita edukitzeko protokoloak abian jarriko dituela ere iragarri zuen atzo, larrialdi kabinetearen bileraren ostean.
Uztailaren 29an Ingalaterra ipar-mendebaldeko Southport hirian gertatutako krimen bat da protesten jatorria: hamazazpi urteko gazte batek sei, zazpi eta bederatzi urteko hiru neskatila hil zituen labankadaz, Taylor Swift abeslariaren inguruko dantza ekitaldi batean. Beste bost haur zauritu zituen, baita bi heldu ere.
Adingabea denez, Poliziak ez zuen atxilotuaren nortasunaren berri eman hasieran, baina, gezurrak hedatzen ari zirela ikusita, kasua daraman epaileak salbuespen bat egitea onartu zuen. Hilketen egunean bertan zabaldu zituzten xehetasunak: Axel Muganwa Rudakubana da hiltzailea, Ruandako genozidiotik ihes egindako familia bateko kidea, Cardiffen jaioa eta Southport ondoko Banks herrian bizi dena 2013tik. Gehitu zuten ez zela sareetan hiltzailetzat jo zuten pertsona bera, eta erasoak ez zuela loturarik terrorismoarekin. Bitartean, Interneten, berehala zabaldu ziren egilea Siriako migratzaile musulman bat zela zioten dozenaka albiste, faltsuak, eta milioika bisita izan zituzten.
Gezurrak, saretik kalera
Nagusiki X eta Telegram bidez egindako desinformazio kanpainak hauspotu ditu manifestariak, eta horren inguruan ere neurriak hartzeko asmoa erakutsi du Erresuma Batuko Gobernuak. Interneten «indarkeria sustatu» dutenei kaleko istiluetan parte hartu dutenei adinako zigorrak ezarri nahi dizkiela jakinarazi du lehen ministroaren bozeramaileak: «Indarkeria hori pizten duen edonor, izan sarean edo izan kalean, salatua izango da, eta kartzela zigorrei aurre egin beharko die».
Starmerrek argi seinalatu ditu protesten erantzuleak: «Eskuin muturreko jazarroiak». Dena den, eta oposizioak eskatu dion arren, ez du parlamentua biltzeko asmorik —oporretan daude—, eta adierazi du lehentasuna segurtasuna dela, «ez baitira protestak, indarkeria baizik». Epaitegien eta espetxeen saturazioa da gobernuaren arazo nagusietako bat orain, baina Londresek baieztatu du epaitegiak normalean baino ordu gehiagoz arituko direla lanean sententzia azkarrak ebazteko.
Segurtasun kontuez gain, atzoko bileran aztertu zuten atzerriko herrialdeek zer eragin izan duten aferan. Gobernuak uste du sareetako jarduna areagotu zutela atzerritik, Erresuma Batuan ezegonkortasuna sortzeko. Channel 4 telebista katearen arabera, Southporteko hilketen egiletza migratzaile musulman bati egozten zioten albisteen erdiek AEB Amerikako Estatu Batuetan zuten jatorria.
Londresek erantzukizuna hartzeko eskatu die sare sozialen arduradunei, Elon Muskek berak, X sare sozialaren jabeak, parte hartu baitu desinformazio kanpainan. «Gerra Zibila saihetsezina da», idatzi zuen igandean. Gezurrak hedatzearen aurka ezer ez egitea egotzi diote zenbait adituk; are, eskuin muturreko asaldatzaileak hauspotzen ibili izana aurpegiratu diote —tartean, Tommy Robinson ospetsua—.
Civil war is inevitable
— Elon Musk (@elonmusk) August 4, 2024
Azken gertakariak
Ehun lagun inguru Southporteko meskita hartzen saiatu ziren joan den asteartean, eta, ordutik, antzeko ekintzak herrialde osora hedatu dira. Azken hamarkadan Erresuma Batuan izandako protesta uholde larriena da, tokiko hedabideen arabera. Asteburuan gertaera larriak izan ziren; esaterako, asilo eskatzaileak jasotzen dituzten bi hotelen aurka oldartu ziren manifestariak Rotherhamen eta Tamworthen, eta migratzaileak haietatik atera behar izan zituzten. Bart, berriz, Plymouthen sei lagun atxilotu dituzte poliziei adreiluak eta suziriak jaurtitzeagatik; migratzaileen aurkako manifestariak haien aldeko beste protesta batekin elkartzea eragotzi nahian zebiltzan agenteak.
Izan ere, eskuin muturreko manifestariak ez dira kalera irten diren bakarrak. Southporten, hilketak gertatu ziren herrian, ehunka lagunek elkarretaratze baketsu bat egin zuten atzo, hildakoak oroitzeko. Belfasten, berriz, istiluak izan dira bart, manifestariek harriak eta molotov koktelak bota baitizkiete poliziei. Sky Newsen arabera, gizon musulmanen elkarretaratze handi bat zen hangoa; «kaleak defendatzeko» prestatzen ari ziren, jakinik eskuin muturrak inguru horretan ustez beste protesta bat antolatu behar zuela. Erantzun gisa jaio diren manifestazio horiek ere gaitzetsi ditu gobernuak.