Ekainaren 17an, Erresuma Batuak baiezkoa eman zion Julian Assange kazetaria estraditatzeari. Londresen arabera, Wikileaksen sortzailea AEBetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «modu egokian tratatuko» lukete. Oso bestelako iritzia du Renata Avila abokatuak (Guatemala Hiria, 1981). Assangeren defentsa taldeko bozeramaile eta Open Knowledge fundazioko zuzendaria da Avila. Iruñean izan da egunotan, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politikako eta Justiziako Departamentuak gonbidatuta.
Zertan da Wikileaks auzia?
Helegitea aurkeztu genion estradizio aginduari, eta horren zain gaude uneotan. AEBek, baina, beste atzerapen bat eskatu dute, eta baliteke erantzuna abenduan etortzea. Horren ostean, beste apelazio epe bat zabalduko da. Seguruenik, datorren urtera atzeratuko da behin betiko erabakia.
Nola dago Julian Assange?
Lau urte daramatza behin-behineko kartzelaldian, eta hori tortura da, berez. Aurretik, Ekuadorko enbaxadan iheslari politiko gisa izan zen zazpi urtez, eta gela batean itxita egonagatik ere, aukera zuen Internet erabiltzeko, lan egiteko eta bere ahotsa mundura zabaltzeko. Orain, berriz, segurtasun goreneko espetxe batean dago [Belmarsh espetxean, Londresen], eta ukatu egin diote komunikatzeko aukera. Erabat bakartua daukate, segurtasun neurri izugarriekin. Askotan eskatu dugu fidantzapeko askatasuna, baina behin eta berriro ukatu digute. Praktikan, hamabi urteko zigorra betea du, bere aurkako prozesua hasi aurretik ere.
Zergatik luzatu da hainbeste prozesua?
AEBek horrela nahi izan dutelako. Estrategia bat da. Legea arma gisa erabiltzen ari dira, pertsona bat suntsitzeko. Edozein amarru juridiko erabiltzen dute, epaiketak ahal bezainbeste iraun dezan. Atzerapen bakoitzak luzatu egiten du zigorra, bitarte horretan atxilotua sufritzen ari da eta.
AEBetara eramanda, Assange torturatzeko arriskua dagoela salatu zenuten...
Ziur gaude horretaz. AEBetan oso ohikoa da presoek bere buruaz beste egitea kartzelan. Salaketa gehienak ez dira ikertzen, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berak ere ebatzi zuen herrialde horretako espetxeak ez direla bateragarriak giza eskubideekin. Tortura guneak dira, eta gure esku dagoen guztia eginen dugu, Julian ez dezaten halako zentro batera eraman.
Zeintzuk izanen dira hurrengo urratsak?
Egoera ez da baikor egoteko modukoa, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dugu. Borroka honek ez du etenik; baliteke urteak irautea. Horregatik uste dut AEBetako presidente Joe Bidenek har dezakeen erabakirik onena dela auzia behingoz ixtea. Baita haren interesengatik ere.
Zergatik?
Imajina dezagun hemendik bi urteko hauteskundeetan Alderdi Errepublikanoko integrista erlijioso bat iristen dela Etxe Zurira, eta, Assange aurrekaria oinarritzat hartuta, inork ezin diola kargu hartu, inork ezin duela ikertu, eta haren kontrako froga guztiak desagerraraz ditzakeela, kazetariak isilarazita... Hori nahi al dute benetan? Alderdi Demokratak herra izugarria dio Julian Assangeri, badakigu, baina uste dut komeni zaiela hori alde batera uztea, eta etorkizunean pentsatzea. Ikerketa kazetaritza zigortzea hanka sartze beldurgarria izanen litzateke. Hankan tiro egitea da.
Auzia, beraz, Julian Assangez harago doa.
Askoz harago. Horregatik ez gara konformatuko Julian aske uztearekin. Espedientea erabat itxi behar da, beste sorgin ehiza baterako aurrekaria izan ez dadin. Uneotan, baliteke gerra nuklear baten eta klima hondamendi baten atarian egotea, eta jendeak eskubidea du jakiteko zer gertatzen ari den. Nor ari da erabakiak hartzen? Zergatik? Noren mesedetan? Norbaitek egin behar ditu galdera horiek, eta ikerketa kazetaritza isilarazi nahi izatea erabaki suizida da. Julian 175 urteko kartzelaldira zigortzen badute, beste kazetari askok birritan pentsatuko dute informazioa argitaratu aurretik.
Auziak lehen lerrora ekarri du espioitzaren eta pribatutasunaren auzia ere. Posible al da giza eskubideak bermatzea, herritarren datuak eskuragarri badaude?
Demagun igande arratsalde batean aspertuta zaudela eta, zure etxe ondoko parkera joan beharrean, merkataritza gune handi batera zoazela. Zuk pentsatzen duzu, funtsean, gauza bera dela, baina ez: parkean zaudenean, aplikagarri dira ohiko arauak, zure udalak jarri dituenak, eta berberak dira denontzat; merkataritza gunean, ordea, enpresa pribatu baten arauak onartzen ari zara, ohartu gabe: segurtasun pribatua daukate, kamerak daude txoko guztietan, eta denda bakoitzak erreserbatua du nahi duen orori sarrera ukatzea. Ez baduzu ordaintzen, alde egin beharko duzu. Bada, gauza bera gertatzen da sare sozialetan: webgune edo aplikazio batean sartzean, enpresa pribatu baten arauak onartzen ari zara. Ez da eremu publiko bat, kontrakoa sinetsarazi nahi dizuten arren; eta, jakina, ez da doakoa: ordaintzen ari zara. Agian ez dirutan, baina bai zure arretarekin, denborarekin edo informazio pribatuarekin.
Ez al da hartu-eman libre bat?
Hori argudiatu liteke, baina benetan al da askea? Erakunde publikoek Facebook, Whatsapp edo Twitter soilik erabiltzea informazio publikoa gizarteratzeko, adibidez. Hori askatasuna da? Herritarrak behartzen ari dira enpresa pribatu baten plataforman izena ematera, denon eskura egon beharko lukeen informazio bat jaso ahal izateko. Horrek informazio eskubidea urratzen du, eta, areago: herritar asko eskubide horretatik bazter uzten ditu.
Zer arrisku du horrek?
Pertsona baten egoera, jarduerak, mugimenduak eta beste hainbat datu jasotzen dituzte etenik gabe. Lan esparruan, adibidez, oso arriskutsua da, bidalketa enpresa batzuek halakoak erabiltzen baitituzte langileak kontrolatzeko. Langilearen sakelakoak huts egiten badu eta ez baditu erregistratzen egun osoan eginiko ibilbideak eta entregatutako paketeak, beharginak ez du egun horretako soldata kobratuko. Sare informatizatu batek zure lan harremana baldintzatzen badu, noraino da hori askatasuna?
Zaila da, ordea, teknologiari aurre egitea...
Kontua ez baita teknologiari aurre egitea. Nik behar dut teknologia egunerokoan, eta erabilera itzelak ditu komunikazioaren, ingurumenaren, osasunaren eta lan arriskutsuen automatizazioaren alorretan. Teknologiaren defendatzaile sutsua naiz! Baina gakoa da teknologia erabilgarri izan behar dugula geure irizpideen arabera, herritarren mesederako. Nire auzoan kamera bat jartzen badute eta material hori erabiltzen bada kolektibo bat estigmatizatzeko edo baztertzeko, teknologia horren erabilera makur bat egiten ari gara. Sektore pribatuak gehiegikeria asko egin ohi ditu teknologia baliatuta, ekoizpenaren eta eraginkortasunaren izenean.
Renata Avila. Julian Assangeren abokatu taldeko burua
«Assange torturatu eginen dute, ziur»
Giza eskubideek komunikazioaren teknologian duten tokia aztertu du Renata Avila abokatuak. Uste du 'Wikileaks auzian' ez direla Julian Assange soilik epaitzen ari: «Jokoan da adierazpen askatasuna bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu