«Aske nago kazetaritza egin izanaren errua aitortu dudalako, ez sistema ondo dabilelako», azpimarratu du Wikileaksen sortzaile Julian Assangek. Iragan ekainean Erresuma Batuko espetxe batetik atera zenetik lehen aldiz egin du agerraldi publiko bat Assangek, gaur, Europako Kontseiluan. Ordu eta erdiko hitzaldia eman du, eta azaldu du zergatik egon den espetxean eta zergatik geratu den aske: «Preso politiko bat naiz. AEBek [Ameriketako Estatu Batuek] espioitzan eta informatikoki bidegabe aritzea leporatu didate, baina nik kazetaritza baino ez dut egin».
«Iturri batetik informazioa bilatzea, iturri batetik informazioa lortzea, informazio hori jendeari ematea: hori egin izanaren errua aitortu nuen. Ez dut dut beste ezeren errunduntzat jo neure burua». Hitz horiek erabili ditu kazetariak bere burua defendatzeko eta AEBek leporatutako karguak ezeztatzeko. AEBekin akordio bat sinatu du aurten espetxetik atera ahal izateko, baina salatu du ez duela jakin bere kasuko xehetasunen berri, hitzartutako hori dela eta. Eta gaitzetsi du CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentrala «zigorrik gabe» gelditzea haren aurka egindakoagatik eta jasanarazi dion jazarpenarengatik.
Assange ez da aske egon 2012tik aurtengo ekainera arte: lehenengo, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babes dipomatikoa jaso zuen, eta han egon zen ezkutaturik; gero, 2019tik aurrera, Erresuma Batuko espetxe batean egon da, AEBen estradizio eskaera baten zain. AEBek Assange epaitu nahi zuten, 2010ean Wikileaksek argitaratutako zenbait informazioren harira. AEBetako armadaren milaka dokumentu sekretu kaleratu zituen: Chelsea Manning AEBetako soldaduak emandako dokumentuak ziren; bertan, Irakeko eta Afganistango gerretan AEBetako armadak egindako gehiegikeriak azaltzen dira.
Europako Kontseiluan mintzatu izana ez da kasualitatea izan. Izan ere, 46 kideko talde horrek bihar bozketa bidez erabakiko du Assange «preso politiko» izendatzen duen edo ez. Islandiak proposatutako testua dela-eta egin du agerraldia Wikileaksen sortzaileak. Testuan, gaitzetsi egin dute ekintzailea espetxeratu izanak munduko beste kazetarien artean izango duen «disuasio efektua». Alde horretatik, Assangek nabarmendu du kazetariek «egiaren aldeko ekintzaileak» izan behar dutela.
Beste Wikileaks bat
Assangerekin batera, haren emazte Stella Assange ere egon da agerraldian. Ekintzailea da, eta kazetariek galdetu diote ea asmoa duen Assangek 2006an abiatutako Wikileaks hura bezalako beste proiekturen bat egiteko. Hark, ordea, ez die erantzun galdera horiei.
Wikileaksen sortzaileak ere ez du baieztatu kazetari gisa lan egiten jarraituko duen; haren hitzetan, orain aske bizitzera ohitu behar du: «Aita izateko garaia da orain, senarra izatekoa».