Alan Mitchell. CPTko presidentea

«Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak areago aztertu beharko lirateke»

Mitchellek ohartarazi du Europako zenbait herrialdetako espetxeetan ez direla betetzen CPTk ezarritako bizitzeko gutxieneko baldintzak. Horrez gain, esan du azken aukera moduan ikusi beharko litzatekeela kartzela.

ALAN MITCHELL.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Kartzeletako gainpopulazioak eragina du presoen bizi baldintzetan, baita hango langileen baldintzetan ere. Hala berretsi du Alan Mitchell (Eskozia, 1967) CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko presidenteak, BERRIAk eginiko elkarrizketan. Arazoari irtenbidea emateko, askatasunaz gabetzen ez duten neurrietan jarri du arreta, eta gaineratu eztabaida «irekia» izan beharko lukeela EB Europako Batasuneko estatu kideen artean.

Zergatik ikertu duzue txostenean bereziki presondegietako jende pilaketaren arazoa?

Kartzeletan jende asko egoteak arriskuan jartzen ditu presoen bizi baldintzak, tratu gizagabea emateraino. Baldintza txar horiek Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 3. artikuluaren [pertsona orok eskubidea du integritate fisikoa eta psikikoa izateko] kontrakoak dira. Batzordeak hainbat urtez azpimarratu die EBko herrialdeei gainpopulazioak zer-nolako arazoa eragiten duen presondegietan.

Batzordeak argitaratu zuen bigarren txostenean, duela 30 urte, jada kezka adierazi zuen jende pilaketaren inguruan. Zerbait hobetu da azken urteotan?

Bai, Europako Batasuneko kide diren hainbat herrialdek jende gutxiago dute kartzeletan, eta Espainia da horietako bat.

Jende pilaketaren arazoari irtenbidea emateko, espetxeratzeaz bestelako alternatibetan jarri duzue arreta txostenean. Jarriko zenuke adibideren bat?

Hainbat herrialdetan ikusi dugu kontrol elektronikoa gehiago erabiltzea positiboa izan dela epaiketaren zain behin-behineko espetxeratzean daudenentzat. Horrez gain, kondena amaitzear dauden presoak ere aske utzi dituzte kontrol elektronikoa ezarriz, esaterako. Urrutiko kontrol elektronikoak lagungarriak dira presondegietan jende gutxiago egon dadin.

Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak «gutxietsita» daudela aipatu duzue txostenean. Zer egin behar da neurri horien garrantziaz jabetzeko?

COVID-19arekin, kartzeletan preso asko egotea arazo bat zen gaixotasunaren transmisioari zegokionez, eta, egoera horretan, EBko herrialdeek askatasunaz gabetzen ez zuten neurriak lehenetsi zituzten. Presondegia azkeneko alternatiba moduan ikusi beharko litzateke, eta askatasunaz gabetzen ez duten neurriak areago aztertu beharko genituzke.

Zein ekintza egin beharko lirateke askatasunaz gabetzen ez duten neurriak sustatzeko?

Eztabaida ireki bat egin beharko litzateke Europako Kontseiluko estatu kide guztien artean, espetxeratzearen etorkizunaz eta baita gizarte gisa aurrera egiteko moduaz ere. Horrez gain, ezinbestekoa litzateke krimenak murriztea eta askatasunaz gabetzen duten neurriak azkeneko aukera moduan ikustea. Bestalde, eztabaida hau ez da bakarrik arlo politikoan egin behar: eztabaida honek pisua izan behar du arlo sozialean ere.

Zein presorentzat joko zenituzke egokitzat askatasunaz gabetzen ez duten neurriak?

Erasokorrak eta biolentoak izateagatik kondenatu ez dituzten presoentzat joko nuke egokitzat neurri hori. Baita erasokorrak izateagatik salatu eta zigortu dituztenentzat ere, betiere gizartearen segurtasunerako mehatxu ez direnenean.

CPTk presoen oinarrizko baldintzak hobetzeko aholkuak eman ditu. Zenbateraino daude bermatuta presoen oinarrizko eskubideak kartzeletan?

Zenbait herrialdetan ikusi duguna da CPTk bizitzeko espazioari dagokionez ezarri dituen gutxieneko baldintzak [sei metro koadro banakako ziegetan, eta lau metro koadro pertsona anitzekoetan] ez direla bete. Izan ere, Europako herrialde batzuetan, pertsona anitzeko ziegetan bizi dira hainbat preso, eta horietako batzuek soilik bi metro koadroko espazioa dute, gutxienekoa lau metro koadrokoa denean. Presoak hain espazio txikian hain gertu egoteak haien arteko tentsioa areagotzen du. Eta ez bakarrik presoen artekoa, baita presoen eta langileen artekoa ere. Presoen bizitzeko oinarrizko baldintzak bermatzen dituzten presondegietan, langileen baldintzak hobeak izango dira. Bata bestearen ondorio da.

Neurri horiek betetzeko prestutasuna ikusten duzu Europako Kontseiluko estatu kideen artean?

Gurekin hitz egiten duten Europako herrialde guztiek onespena adierazi dute, eta iruditzen zaie amaiera eman behar zaiola presondegietako jende pilaketaren arazoari. Batzordearekin batera, arazo horri irtenbidea emateko parte hartu duten herrialdeek onartu dute jende pilaketa kaltegarria dela bai presoentzat, baita presondegietan aritzen diren langileentzat ere.

Arazoari irtenbidea emateko interes talde guztien «ekintza sistematikoa» ezinbestekoa dela gaineratu duzue txostenean. Zein dira interes talde horiek?

Politikariak, gizartea, epaileak, fiskalak eta presondegietako zuzendariak dira interes taldeak. Guztien laguntza eta konpromisoa ezinbestekoak dira arazo horrek dakartzan erronkei aurre egiteko.

Sistema penalaren xedeetako bat da espetxera joaten denak birgizarteratzeko baliabideak izatea gizartera itzultzen denerako. Ba al dago sistema horren alternatibarik?

Presondegietan presoak zenbat eta pilatuago egon, orduan eta erronka handiagoa da kartzeletako langileentzat. Izan ere, langileen betebeharra da birgizarteratzerako beharra duten presoen inguruan aurreranzko urratsak identifikatzea. Eta, hain justu, presoen pilaketak asko mugatzen du helburu hori betetzeko ahalmena, horrelako baldintzetan lan eginez presondegietako langileek ez dutelako gertuko hartu-emanik presoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.