GIBRALTAR

«Askatasunaren eguna»

Soldadu britainiarrak iritsi zireneko 300. urteurrena Gibraltarren egun nazional aldarrikatu du Legebiltzarrak

2004ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Milaka herritarrek eskua emanda inguratu zuten atzo Gibraltar giza kate bat eginez, Erresuma Batuko soldaduen iritsieraren 300. urteurrena ospatzeko. Gorriz jantzita zeuden gehienak, Gibraltargo eta Erresuma Batuko banderetan komuna den kolorez.

Gobernuak jai egun nazional aldarrikatu zuen atzokoa, «askatasunaren eguna» eta Legebiltzarrak Hiriko Askatasunaren Saria eman zion Erresuma Batuko Itsas Armadari, Geoff Hoon Londresko Defentsa ministroaren aurrean. Horrekin batera, bi apustu egin zituen Peter Caruana lehen ministroak Legebiltzarrean: Londresekiko harremanak «modernizatzea» eta konstituzioa berritzea. Gibraltardarrek kolonia izateari utzi nahi diote, Londresekiko loturei eutsi arren. Beste estatus bat lortu eta «autogobernu maila handiena» lortzea da beren helburua, autodeterminazio eskubideari uko egin gabe. Baina, Madrili ere besoak zabaldu dizkio Caruanak. Espainiak «sentsibilitaterik eza» eta «inperialismoa» leporatu dio azken bi hilabeteetan Erresuma Batuari, Gibraltar hartu izanaren urteurren ospakizunetan parte hartzeagatik. Bereziki, Anne printzesaren eta Hoonen bisita kritikatu ditu, baita Tireless urpeko nuklearra Gibraltargo kaira eraman izana ere. Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak, ordea, beren historia gogoratzeko eskubidea onartu die gibraltardarrei, herenegun El País egunkarian argitaratu zuen iritzi artikulu batean. Bestetik, «alde guztientzat onargarria» izango den akordio baten alde egin zuen. Gibraltarren zein Gibraltar inguruan dauden herrien arteko elkarlan ekonomikoa bultzatzeko ere eskatu zuen Moratinosek. Haren adierazpenari «kutsu positiboa» hartu zion Caruanak atzo. «Nahiz eta gure subiranotasuna Espainiarenatzat jo, edukiak eta tonuak berradiskidetzerako aukera zabaltzen du», esan zuen lehen ministroak. Azken urteotan Gibraltarrek Madrili egin dion proposamena da, Caruanaren ustez, Moratinosek orain onartu duena: «Subiranotasuna alde batera utzita, guztiontzat onargarria izango den elkarrizketa bat abiatzea, eta gatazka ez dadila oztopo izan elkarlan lokal baterako».

Tximuak errege

1713an geratu zen ofizialki Gibraltar Londresen esku, Utrechteko Itunaren bidez. Itunak dio lurraldearen estatusean ezin dela inolako aldaketarik egin gibraltardarrek onartzen ez badute. 2002an erreferenduma egin zuten gibraltardarrek eta %99k ezezkoa eman zioten subiranotasuna Erresuma Batua eta Espainiaren artean partekatzeari.

Urte bat lehenago, subiranotasuna banatzeko akordio bat onartzeko prest agertu zen Peter Hain Erresuma Batuko Europako Gaietarako ministroa, ezinezkotzat jotzen baitzuen Madrilekiko gatazka beste modu batean konpontzea. Alabaina, Caruanak erreferendumerako deialdia egin zuen 2002ko uztailean eta emaitzek Hainen zein Madrilen asmoak zapuztu zituen. Gibraltargo 1969ko konstituzioak dio ezingo dela subiranotasuna negoziatu gibraltardarrak kontuan hartu gabe. Erresuma Batuko soldaduak iritsi aurretik, soilik 250 urtez izan zen Gibraltar Espainiako koroaren menpe. Izan ere, VIII. mendetik 1462ra arte, musulmanen esku zegoen. Londresek Hong Kong Txinari itzuli zionean (1997), ordea, Gibraltar eskuratuko zuela uste izan zuen Espainiak. Ez da hori gibraltardarren asmoa. Bertan bizi diren 40-50 tximuak hiltzen ez diren bitartean Londresi lotuta jarraituko dutela dio leiendak, britainiartasunaren sinbolo baitira. «Munduari erakutsiko diogu inork ezin digula Gibraltar kendu», esan zuen atzo Lilian Carrollek, giza katea egiten ari zela.

-

Prentsa





Gibraltargo egunkariek Espainiarekin harremanak izatearen aukera ontzat hartu dute eta duen balioa aitortzeko eskatu diete Espainiari zein Erresuma Batuari. Espainiakoek «harrokeria militar» gisa jo dute atzoko ospakizuna, eta Erresuma Batuko zenbait egunkari ere kritiko izan dira.

'Gibraltar Chronicle': «Gertakari garrantzitsuek askotan abiapuntu berriak ezartzen dituzte [...]. Lehen ministroak hitz egitearen alde erakutsitako jarrera eta horrek Gibraltargo Gunean izan duen harrera kontuan hartu beharko lukete Madrilek eta Londresek, kolonialismoaren ondorengo garai berri bat hasteko». 'El País': Erresuma Batuak Gibraltarrera ministro bat bidali izanak erakusten du, Espainiako egunkariaren arabera, «Arrokaren konkista militarra» dela ospatzen ari direna, nahiz eta ofizialki beste arrazoi bat eman, hots: Erresuma Batuaren subiranotasunaren urteurrena ospatzea.

'La Razón': «[Hoonen bidaiak] sentsibilitate gabezia handia erakusten du herrialde lagun, aliatu eta kide baten sentimendu nazionalaren aurrean».

'The Guardian': «Gobernua ordezkatzeko ordezkari desegokiagorik aukeratzea nekez imagina daiteke [...]. Arroka da gure historian zintzilik utzitako arazoetako bat. Asmo onenarekin ere gatazka konpontzeko bideak oztopatzen ditu. Arrazoi gehiago beraz, Espainia ez haserrarazteko, harrokeria militar britainiarekin».

'Daily Telegraph': «Diplomatikoki ez dago inolako zalantzarik Erresuma Batuak Gibraltarren gainean zuen eskubideaz. Borroka bidezko batean bereganatu zuen 1704an».

'The Independent': «Gibraltarren bakartzeak geroz eta ezohikoagoa ematen du mugimendu askearekin engaiatuta dagoen Europako Batasunaren barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.