Geshe Sermey Loga (Lithang Aothok, Tibet, 1975) duela 23 urte erbesteratu zen Indiara. Dharamsalan bizi da, eta, monje budista bada ere, politikan ari da. Tibeteko Alderdi Nazional Demokratikoko kidea da, eta pare bat urtez idazkari nagusi izan zen.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa Tibeten?
Kham probintzian jaio nintzen, familia nomada batean. 6 urte nituela, gurasoen nahiak betez, monasterioan sartu nintzen. 1959an, Txinak Tibet inbaditu zuen, eta urte hauetan guztietan erregimenak tibetar askoren bizitza suntsitu du, baliabideak lapurtu dizkiete. Aitona-amonek esan zidatenez, 1.200.000 tibetar erail zituzten modu basatian. Oso gaztetxoa nintzela, tibetar familia askok hutsetik hasi behar izan zutela ikusi eta entzun nuen, 1970a geroztik asko eta asko gosez hil zirela. Inbasioaren aurretik horrelakorik gertatzea guztiz pentsaezina zen gure herrian. Tibetarren bizimodua oso zaila zen garai horretan, osasun arazo asko zegoen, eta nomadak leku zehatz batean finkatu behar izan zuten 1980ko hamarkada hasieran. Horretaz gain, armadak ama jipoitu zuela entzun nuen, ez zuelako dolurik egin nahi izan Mao Zedong hil zenean.
Zergatik erbesteratu zinen?
Ez nuen nik erabaki. Aitak eta Tulku Tenzin Delek Rinpoche maisuak erabakia hartu zuten, 17 urte nituenean. Oso mingarria izan zen, eta askotan egin nuen familiarekin amets, baita negar ere haien hutsunea sentitzen nuelako. Maisuak esan zidan filosofia budistan sakontzeko aukerahandiagoa nuela Indian; Tibeten, egoeraren ondorioz, errituak eta zeremoniak bakarrik ikasiko nituela. Himalaia zeharkatu nuen, beste bost monjeekin batera, eta, 27 egunen buruan, Nepalera heldu ginen. Gure bidaia Sakya monasterioan hasi zen, Lhasatik hurbil. Gauez ibili, eta egunez ezkutatu egiten ginen, Txinako muga patruilak saihestu ahal izateko. Oinak zaurituta heldu ziren asko Nepalera. Egun bakarra pasatu genuen janari gabe. Nepalen tibetarren harrera gunera heldu ginenean, benetan hunkitu ginen. Seme-alabak bagina bezala hartu gintuzten.
Noiz heldu zinen Indiara?
1992. urtea zen, eta garai horretan Tibetetik jende asko heltzen zen egunero. Batzuk Dharamsalara joan ziren, iparraldera. Ni Sera Monasteriora nindoanez, hegoaldera zihoan taldean sartu ninduten. Ezustean, dalai-lama ere India hegoaldean zegoen. Lehenengoz aurrez aurre elkartu ginenean, 70 urte zituen, eta ezin izan nien eutsi malkoei; askok konortea galdu zuten.
Errefuxiatua zara. Nolakoa da bizimodua?
Uste dut tibetar guztiak antzera sentitzen garela. Gure bizitza kolokan dago, nolabait, eta etorkizuna, Indiaren erabakien esku. Hemen ez dute gaizki jokatzen gurekin, baina ez da erraza etxe eta lur gabe bizitzea. Oso kezkatuta gaude gure familien egoeraz.
Zein da mojen eta monjeen rola komunitatearen barruan?
Hezkuntzari dagokionez, monasterioak eta komentuak jakintza iturri oso garrantzitsuak dira. Tibeten arau oso zorrotzak zeuden,eta monje gazteok nagusiek ziotena hitzez hitz bete behar genuen. Orain, erbestean, administrazio eredu demokratikoa ezarri dugu, eta horrek eragin handia izan du monasterio eta komentuetan. Moja eta monjeak ezagutza intelektualaren iturri direnez, errespetu berezia dute gizartean.
Askatasuna lortzeko borroka zein puntutan dago?
Borrokaren gainean berba egitean, hiru gai eduki behar ditugu kontuan. Lehenengoa, gaur egun oso tibetar gutxi erbesteratzen dela. Bigarrena, tibetar asko Indiatik Tibetera bueltatu direla. Eta hirugarrena, erbestean bizi diren tibetarrak mundu osoan zehar sakabanaturik daudela. Gauzak horrela, erbesteko askatasun borroka arindu eta eraginkortasuna galduko du etorkizun hurbilean. Ez du indar guztia galduko, noski, baina ahuldu egingo dela uste dut. Txinatik datorren propaganda faltsuak arrakasta handia izan du. Hala ere, bihotzez uste dut borrokaren indarra jaioterrian bizi diren tibetarrek dutela. Okupazioaren basakeriak egunero jasatea eta etengabeko erresistentziak borroka gogorarazten die behin eta berriz. Borrokak indarra galdu duela dirudi, baina bizirik dirau du gure baitan. Gainera, munduan zehar inoiz baino jende gehiagok egiten du gure auziaren alde, baita Txina barruan ere.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Tibeteko kausa berreskuratu eta askatasuna lortzeko, gogor lan egin beharra daukagu. Eredutzat hartu behar ditugu gure anai-arrebak, eta saiatu gure hizkuntza eta kultura babesten, arriskuan baitaude. Guztiok, barruan daudenak eta kanpoan gaudenak, bat egiteko garaia da.
Familiarekin harremana duzu?
Familiarekin berba egin dezaket, jai egun jakin batzuetan izan ezik. 2014. urtean, gurasoak etorri ziren, geshe gradua lortu nuenean, ospakizunera. Poz handia hartu nuen, eta, gainera, dalai-lama ikusteko aukera izan zuten. Gurasoek milaka hamarreko yuan ordaindu behar izan zituzten pasaportea lortzeko; txinatarrek, ostera, ehunka yuan besterik ez dute ordaindu behar...
Itzuliko al zara Tibetera?
Tibetar asko, Txinara joateko bisa eskatu, eta Tibetera itzuli dira, baita Txinaren aurkako protestetan parte hartutakoak ere. Ni neuk, monje gisa behintzat, zaila dut, ez baitago erlijio askatasunik.
Geshe Sermey Loga. Alderdi Nazional Demokratikoko kidea
«Askatasun borrokaren indarra jaioterrian bizi diren tibetarrek dute»
Monjearen ustez, arrakasta du Txinako propagandak, baina askatasun borroka ahultzen ari da erbestean dauden tibetarren artean: «Gure kausa berreskuratu behar dugu. Tibetar guztiok bat egiteko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu