KIRGIZISTAN

Askar Akaiev presidenteak dimisioa sinatu du Moskun

Legebiltzarreko ordezkaritzarekin negoziatu ondoren lau puntuko akordioa izenpetu du

Agentziak
MOSKU
2005eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Askar Akaiev, Kirgizistango presidenteak dimisioa sinatu zuen igandean, Moskun eginiko bilera itxi batean. Joan den martxoaren 24an oposizioko milaka jarraitzailek presidentearen egoitza hartu ostean Akaievek Errusiara ihes egin zuen. Hasiera batean dimisioa aurkezteari uko egin zion arren Kirgizistango enbaxadan sinatu zuen herenegun dimisioa. Asteburuan Kirgizistango Legebiltzarreko ordezkaritza bat izan joan zen Moskura Akaieven dimisioa negoziatzeko asmotan.

Atzo goizean, Taschkul Kereksizov Kirgizistago ordezkaritzako kideetako batek aditzera eman zuenez, Akaievek dimisioa aurkeztu zion Omurbek Tekebaiev Kirgizistango Legebiltzarreko presidenteari. Kereksizove diputatuaren arabera, Kirgizistango herriari zuzendutako mezu bat irakurri zuen dagoeneko presidente ohia denak: «Beretzat (Alaieventzat) eta entzun genuen guztiontzat mezu tristea izan zen», gaineratu zuen Kereksizovek. Mezuan argitu zuenez, Akaievek ez du aginte berriaren aurka aritzeko asmorik. Kereksivok azpimarratu zuenez, presidente ohiaren adierazpenak argi azaltzen du hark ez duela politikara itzultzeko inolako asmorik».Hainbat ordutako negoziaketen ondoren lau puntutako hitzarmen batekin hitzartu zen, igandean, Akaieven dimisioa. Akordio horretan, presidentearen kargu-uzteaz gain hiru gai gehiago adostu dituzte: presidente ohiarentzatsegurtasun bermeak, lehendakaritzarako hauteskunde deialdia eta Errusia zein Kazakhstanen onarpena hitzarmenaren nazioarteko bermatzaile gisa.Kirgizistango Parlamentuak bilkura berezia egingo du gaur bertan Akaieven dimisioaren inguruan eztabaidatzeko. Kereksizov diputatuak aditzera eman zuenez bilera horretan Parlamentuak «lehendakaritzarako hauteskundeen data zehaztuko du». Orain arte aditzera eman dutenaren arabera, hauteskunde horiek ekainaren 26an egingo dituzte. Akaieven dimisioa, horrenbestez, hauteskunde horien zilegitasuna bermatzeko beharrezko pausoa zen.

Presidente ohiaren segurtasuna

Gaurko bileran, halaber, presidente ohiarentzako segurtasun bermeak izango dituzte eztabaida gai. Honakoa azaldu zuen Kereksizovek: «Agintari berriek ezin dute Akaieven itzulera galarazi estatuburu ohien legea indarrean dagoelako oraindik ere. Baina une honetan bere itzulera ez litzateke gogoz hartua izango. Oso denbora gutxi iragan baita martxoaren 24ko gertaeretatik eta herrialdea arriskuan jar dezake».

Lehen ministro eta jarduneko presidente Kurmanbek Bakievekjoan den ostiralean ohartarazi zuen ezin izango duela Akaieven segurtasuna bermatu hau Kirgizistanera itzultzen bada: «Akaievek ez luke Kirgizistanera etorri behar ez bost ez eta hamar minuturako bada ere. Horrek erantzun ezkorra eta atsekabe handia sorraraziko lituzke». Abdula Gul Turkiako Atzerri ministroak jakinarazi zuenez, Akaievek Turkian bizitzeko eskaria egin du. Baina Gulek ez zuen adierazi Turkiako Gobernuak eskaera horri baiezkoa eman ote dion ala ez.Bestalde, Bakievek herrialdea egonkortzeko batzordea osatzeko ebazpen bat sinatu duela jakinarazi zuen atzo presidentetzako prentsa zerbitzuak. Batzorde honetan Gobernuko ordezkariak, Legebiltzarrekoak eta herrialdeko alderdi bakoitzeko etagobernuz kanpoko erakunde garrantzitsuenetako bost kide egongo lirateke. Batzorde honen eginbeharra honakoa izango da: herrialdearen egungo egoera publiko eta politikoaren ikerketa sakona gauzatzea. Era berean, etorkizunari begira egoera egonkortzeko neurriak hartu beharko ditu. Prentsa zerbitzuak aditzera eman zuenez, Askar Akaiev presidente ohiaren agintaldian hartutako erabaki judizialak berrikusiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.