HILBERRIA. Ernesto Cardenal

Askapenaren teologo eta poeta

JEFFREY ARGUEDAS / EFE.
Erredakzioa
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ernesto Cardenalek (Granada, Nikaragua, 1926) berebiziko garrantzia izan zuen Hispanoamerikan: ez soilik poeta garrantzitsuenetako bat izateagatik, Askapenaren Teologiaren sortzaileetako bat izateagatik ere bai.

Cardenal Nikaraguako hiriburuan hil zen, herenegun, 95 urte zituela. Herrialdeko poeta ezagunenetariko bat izateaz gain, askapenaren teologiaren sortzaileetako bat ere izan zen: mugimenduak pobreen aldeko jarrera defendatu eta justizia soziala aldarrikatzen du.

Teologia ikasi zuen Mexikon, eta 1965ean apaiztu egin zen. Garai hartan, Latinoamerikan zabaltzen hasia zen askapenaren teologia deitutakoa, eta harekin bat egin zuen Cardenalek ere, El Evangelio en Solentiname (Ebanjelioa Solentinamen) idatziz. Bertan azaldu zuenez, txiroenek justizia soziala lortzeko baliabidea izan behar zuen erlijioak. Bere herrialdean, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren gertuko jarrera hartu zuen, eta haiekin bat egin zuen Anastasio Somoza kargugabetzeko borrokan. Hala, mugimendu sandinista gobernura heldu zenean, Kultura ministro izendatu zuten Cardenal.

Haren ideologiak eta sandinisten alde egin izanak, ordea, Joan Paulo II.a aita santua haserrearazi zuten, eta, 1984an, apaizgoan aritzea debekatu zien hari eta Askapenaren Teologiarekin lotutako beste hainbat elizgizoni —debekua indarrean egon da duela urtebete arte—. Cardenalek berak 1994an utzi zuen mugimendu sandinista, Daniel Ortegaren zuzendaritzak hartutako bidea salatzeko. «Diktadore baten moduan» aritzea egotzi zion buruzagiari, eta, gerora, bat egin zuen sandinista ohiek sortutako Mugimendu Sandinista Berritzailearekin.

Lau alditan izan zen Literaturako Nobel saria irabazteko hautagaia. Haren lanak beste sari asko jaso zituen, ordea; besteak beste, Iberoamerikako Poesiaren Pablo Neruda saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.