Joanna Anneke Rummens. Soziologoa eta antropologoa

«Asiloa ematea kalean arnasten den zerbait da Kanadan»

Kanadar nortasuna eta jatorrikoa errotuak izateak gizartea aberasten du, Rummensen arabera: «Integratzeko esperientziaren arrakasta parteka dezakegu Europarekin».

OSKAR MORENO GENARO.
Adrian Garcia.
Donostia
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Migratzaileen integrazioa ikertzen du Joanna Anneke Rummensek (Ipar Brabante, Herbehereak, 1961). Migratzailea da bera ere, 6 urte zituenetik bizi baita Kanadan. Torontoko Unibertsitatean ari da gaur egun, antropologo eta soziologo gisa, eta nortasunean espezializatu da. «Kontua da gizarteak nola ikusten duen bere burua, eta besteez duen irudia». European Dialogues Globernance erakundeak antolatutako zikloaren barruan, hitzaldia eman du aste honetan Donostiako San Telmo museoan: Migratzaileak, errefuxiatuak eta zirkulazio librea Europako Batasunean.

Kanadak tradizio handia du migratzaileak hartzen. Europak zer ikas dezake esperientzia horretaz?

Izugarri plurala da Kanada: 34 milioi biztanle ditu, baina urtero milioi laurden migratzaileri ongietorria egiten diegu. Horrez gain, 25.000 errefuxiatu arte hartuko ditugu. Herrialde handia da, baina hiru hiritara jotzen dute bereziki: Toronto, Vancouver eta, frantses hiztunak direnak, Montrealera. Horrek esan nahi du kultura, hizkuntza eta erlijio aniztasuna oso kontzentratuta daudela. Torontoko bizilagunen erdiak atzerrian jaiotakoak dira; egunean 107 hizkuntza desberdin hitz egiten dira. Kolonoen gizarte bat da, horrela garatu gara, eta etorri berrien integrazioa bultzatzeko era berriak asmatu ditugu.

Eredu hori kontinente zaharrean ezartzea posible al da?

Kontuan hartu beharra dugu testuinguru historikoa eta geopolitikoa. Europan askoz jende gehiago bizi da. Gainera, askotariko aliantzak, gatazkak eta bestelako elkarrekintzak izan dituzte herrialdeek historian; muga politikoak aldatzen joan dira. Testuinguruak oso desberdinak dira.

Baina zer jarrera du administrazioak kanpotarrekin?

Gaitasunaren arabera hartzen ditu gobernuak errefuxiatuak. Ez du nahi izaten familia batek hotel batean hilabeteak igaro ditzan. Kanadako Gobernuak lan merkatuaren beharrak kontuan hartzen ditu, eta behin-behineko langileak ekarri beharrean, errefuxiatuak hartzen ditu. Ekinbide pribatuak ere badaude iheslariak hartzeko. Etorri berriak hartzeko sistema integralak daude: zentro batean lana bilatzeko aholkuak, laguntza medikoa eta beste aholkularitza zerbitzuak ematen dizkiete. Aurrekontuaren diru apur bat kostatzen da soilik. Gizarteak egoki ikusten du. «Ezin al ditugu siriar gehiago ekarri?», esaten du jendeak. Kanpotarrek herrialdean asiloa hartzea normaltzat hartzen da, egunero kalean arnasten den zerbait da.

Integrazio sistemekin asmatu al du Kanadak?

Bai, eta etorri berriak integratzeko esperientziaren arrakasta parteka dezakegu Europarekin. Arrakastatsua da errefuxiatuentzat eta gizartearentzat. Batez beste, etorri berri batek 11 urte behar ditu familiak atzean utzitako egoera sozioekonomikoa berreskuratzeko. Integraziorako, berebizikoa da gurasoen egoera; egonkortasuna eta lanbide bat badute, haurrak hez ditzakete arazorik gabe. Egonkortasunik ez eta hiru lanpostutan aritu behar badute errenta ordaintzeko, ez dute etxean denbora igarotzen, eta horrek eragin zuzena du haurren ongizatean.

Bereziki haurrengan jarri duzu arreta zure ikerketetan. Zein egitasmo jarri dira martxan horiek ondo integratzeko?

Aurrekontu bat dago ingelesezko eskolak indartzeko. Ipar Amerikako kultura oso desberdina izan daiteke batzuentzat, bereziki Afrikatik datozenentzat. Egitasmo bat badago gurasoak eskola barrura eramateko, haurraren harremanak eta integrazioa bultzatzeko. Somaliako ama batzuek eskulan eskolak ematen dituzte eskolan bertan, eta kulturen arteko zubiak eraikitzen laguntzen dute.

Zein erronkari aurre egin behar diete etorri berriek?

Hasteko, ohartu behar dugu sarritan beste ezer ez dutelako egiten dutela bidaia, gerretatik ihesi. Gurasoengan ikusten duten kezkak astintzen dituzte. Bidaia luzeak, kanpaleku bateko itxaronaldi amaigabeak... Oso desberdina den lurralde batera iristeko azkenean. Jendeak pentsatzen du: «Hemen dira, seguru dira, kontent egon beharko lukete». Baina trauma asko ekartzen dituzte haiekin, ziurgabetasun ugari.

Etorri berriak nortasuna galdu eta asimilatua izateko arriskua al du integratzeko bidean?

Horrek aukera bat izan behar luke. Ongietorriaren eta gizartearen babesaren araberakoa da. Dena den, frogatua dago jatorriko hizkuntzari eusteak emaitza akademiko hobeak ekartzen dituela. Hizkuntza hori ondasun bat da, ez soilik etorri berriarentzat, gizarte osoarentzat baizik.

Europan badaude integrazio arazoak migratzaileen bigarren eta hirugarren belaunaldietan. Nola kudeatu duzue auzi hori Kanadan?

Arreta handiz behatu ditugu kasu horiek, badugu horretarako ikertzaile sare handi bat, eta 25 urtez gertutik aztertu dugu ea migratzaileen seme-alabak gizartearen parte sentitzen ote diren. Lan merkatura sartzeko besteen aukera berdinak ez badituzte, gizartetik urruntzen dira ezinbestean. Baina nortasun desberdinak izatea ez da arazoa. Migratzaileen eta errefuxiatuen seme-alabekin egindako ikerketetan ikusi dugu kanadarrak sentitzen direla. Bi urte igarota herritartasuna eska dezakezu; beraz, denak dira kanadarrak, nahiz eta haien artean itxura desberdina izan. Baina, era berean, herbeheretarrak, edo somaliarrak, edo japoniarrak sentitzen dira. Eta bi nortasunak oso errotuta eduki ditzakete; batek ez du bestea zapaltzen. Eta ikusi dugu biei eusteko gaitasunak aberastu egiten dituela haurrak, eta, aldi berean, gizartea.

Eskuin muturrak hauspotuta, Europan errefuxiatuen aurkako mezua zabaldu da.

Migrazioaren aurkako iritziak normalean ezjakintasunean oinarritzen dira. Askok diote etorri berriek lanpostuak lapurtuko dituztela. Baina, datuak eskuetan, migrazioak enplegu berriak sortzen ditu. Ezezagunarekiko beldurra, ziurgabetasunak eta ideia okerrek eragiten dituzte iritzi horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.