Errefuxiatuen deportazioekin hasi eta berehala, kanporaketak behin-behinean eten behar izan ditu Greziak; egun batetik bestera jasotako asilo eskaera masiboak kudeatzeko denbora beharko du herrialdeak. Herenegun jarri zuten martxan Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko ituna, eta 202 lagun deportatu zituzten Greziatik Turkiara. Ondorioz, asilo eskaerak ugaritu egin dira: Lesbos uharteko Moria zentroan dagoeneko 2.800 lagunek eskatu dute asiloa, eta Kiosen hutsetik 540 eskaera jaso dituzte.
Etzi berriro hasiko dira deportazioekin; 200 lagun deportatzeko asmoa dute. Dena den, kanporaketa aginduaren zain zeuden ehun lagun desagertu egin dira Kiosen; Polizia haien bila dabil. Uharte horretan 250 lagun deportatzeko agindua dute, eta orain arte soilik 66 kanporatu dituzte. Azken uneko asilo eskaera horiek guztiak ikertzeko lanean hasi dira dagoeneko, Greziako Gobernuaren bozeramaile Giorgioz Kiritsisen arabera: «Arazo praktiko bat sortu digute azken uneko eskaera horiek guztiak, deportaziorako zerrendetan txertatutako jendeak asiloa eskatu duelako, eta herrialdetik kanporatu aurretik haien egoera ikertu beharko dugu».
EB-Turkia itunarekin jarraiki, Europako hainbat herrialde hasi dira errefuxiatuak hartzen. Turkiara kanporatutako siriar bakoitzeko Europak bat hartuko du hango kanpalekuetatik; hala, Herbehereek 31 siriar hartu zituzten atzo, eta Finlandiak beste 11. Bestalde, astelehenetik hona Alemaniak 32 errefuxiatu hartu ditu; herrialdeak 1.600 lagun hartu beharko ditu. Banaka aztertu dituzte kasu guztiak, bidaiatzeko bahimena eman aurretik
Mugak sendotuz
Grezian geroz eta zailtasun handiagoak dituzte errefuxiatuen egoera kudeatzeko; EBk 400 funtzionario eta itzultzaile agindu zizkion herrialdeari, baina oraindik 30 besterik ez dira iritsi; bestalde, Frontexek agindutako 400 polizietatik erdiak baino ez daude bertan lanean. Bitartean, 6.000lagun inguru ez atzera ez aurrera jarraitzen dute irletan harrapatuta, eta egunero iristen dira errefuxiatuak. Idomenin dagoeneko 11.300 lagun daude, eta tentsioak gora egin du azken egunetan. Atzo, 30 haurrek protesta baketsua egin zuten muga ondoko trenbidean; mugaren beste aldera loreak bota zituzten, Isilpean hiltzen gaituzte lelopean.
Bitartean, Europak bere mugak blindatzen jarraitzen du; datozen egunotan errefuxiatu gehiago iristea espero du Austriako Gobernuak, eta Italiako eta Esloveniako mugetan kontrol gehiago ezarriko ditu. Johanna Mikl-Leitner Austriako Barne ministroaren esanetan, bi dira errefuxiatuek erabilitako bideak: bata Balkanetatik, Turkia, Bulgaria, Errumania eta Serbia zeharkatuz, eta bestea, Italiatik. Hain zuzen ere, ostiralean Italiako agintariekin bilduko da Mikl-Leitner, Brenner muga arteko pasabidean kontrol gehiago jartzeko. Italiak gogor kritikatu ditu Austriaren neurriak, baina mugara iritsitako errefuxiatu kopurua «nabarmen» igo dela berretsi du Mikl-Leitnerrek: «Aurreko astean 5.000 lagun iritsi ziren mugara; kopurua izugarri hazi da, eta neurriak hartu behar ditugu, datozen asteetan errefuxiatu gehiago iritsiko direlako».
Asilo eskaerak ugaritu dira Grezian, deportazioek eragindako beldurragatik
Kanporaketak behin-behinean eten ditu Greziak, asilo eskaera guztiak ikertzeko.Ostiralean egingo dute hurrengo deportatuen txanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu