Klima aldaketak ondorio larriak utzi ditu munduko zona askotan, eta, zientzialariek ohartarazi dutenez, are kaltegarriagoak izango dira etorkizunean. Baina bada poloen urtzea aprobetxatu nahi duenik etekinak ateratzeko. Izan ere, Artikoko urek aberastasun iturri izugarriak gordetzen dituzte, eta, izotza urtu ahala, inguruko herrialdeek lasterketa militar eta diplomatikoa hasi dute baliabide horiek ustiatzeko. Egunotan bildu da Artikoko Biltzarra Fairbanksen (Alaska, AEBak); eskualdean lurrak dituzten zortzi herrialdeak eta bertan bizi diren komunitate indigenek osatzen dute. Ingurumena babestea eta elkarlana sustatzea du helburu biltzarrak, baina estatuen interesek asmo horiek gainditzen dituzte askotan. Bi dira mehatxu handienak: AEBen administrazioaren ingurumen politikak, eta Errusiaren lasterketa militarra.
Kanadak, AEBek, Danimarkak—Groenlandia bidez—, Errusiak, Finlandiak, Islandiak, Norvegiak eta Suediak dituzte lurrak Artikoaren eremuan, eta eskualdearen zati bat aldarrikatzen dute denek.Gatazka politikoa ezinbestekoa da, preziatua baita tarta zatia: arrantza, ur azpiko mineralak, gasa, petrolioa, turismoa. Gainera, poloek masa galdu dutenez, nabigaziorako bide berriak ireki dira, eta errazagoa egin du horrek ustiaketa.
Herrialde horietako Atzerri ministroak bildu dira, Artikoko Biltzarraren presidentea txandakatzeko, bi urtean behin legez; AEBek Finlandiari utzi diote presidentetza. Helsinkik adierazi du klima aldaketaren aurkako borroka izango duela lehentasun.
Parisko ituna
Baina AEBen jarrera izango du oztopo nagusia. Rex Tillerson Estatu idazkariari ezagunak zaizkio Artikoko kontuak. Exxon Mobile AEBetako petrolio enpresa handieneko zuzendari zenean, Errusiarekin ustiaketak negoziatu zituen ur horietan. Washingtonen politika berriak azaldu beharko ditu diplomaziaburuak. Donald Trump presidenteak lurpeko erregai fosilak ustiatzeko mugak kendu ditu, eta adierazi du AEBetako lurreko ustiapenei dagokienez inork ez dizkiola baldintzak jarriko. 2015eko Parisko klima aldaketari buruzko ituna airean utzi du Washingtonek.
Eskualde horren zati handi baten jabe egiteko, epe luzera begirako estrategia martxan du Errusiak. Eragina zabaldu du azken urteetan Moskuk, presentzia militarra handituz. Horretaz kexu da AEBetako Kostazainetako komandante Paul Zukunft: «Xake taulan pieza guztiak jarri dituzte. Guk peoi bat, asko jota dorre bat dugu. Xake-matean gauzkate hasieratik», esan dio Nazioarteko Ikerketa Estrategikoak zentroari.
Nazioarteko hedabideak gonbidatu zituen Moskuk joan den hilabetean Alakurtti basera, Artikoko Brigadaren egoitzara. Artikoko Brigada berriaren egoitza da. Eta beste base militar bat ireki berri du Kremlinek, Frantzisko Josefen Lurraldea artxipelago bakartuan. Iparralderago duen basea da hori. Vladimir Putin presidenteak Artikoa bisitatu zuen martxoan, herrialdearen lurralde aldarrikapenak indartzeko.
NBEren arabera, Artikoko izotz geruzaren %40 inguru desagertu da dagoneko. Zientzialariek etengabe ohartarazi dute: Artikoan gertatzen denak eragina du gero mundu osoan. Geruza urtzearekin batera, itsasoaren maila igotzen da, eta itsaslasterretan eta euriteetan eragina zuzena du.
Artikoa, lehia betean
Artikoko zortzi herrialdeak bildu dira, bertako baliabideak ustiatzeko lasterketaren itzalpean. AEBen ingurumen politikak kezka eragin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu