Artikoa izotzik gabe geratuko da datozen urteetan

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
LONDRES. «Beranduegi» da Ozeano Artikoaren urtzea eragozteko. Horixe ohartarazi dute zenbait zientzialarik, atzo argitaratutako ikerketa batean. Berotegi efektuko gasen isuriak asko murriztuta ere, 2030-2040 artean izotzik gabe geratuko da Ozeano Artikoa, garai jakin batzuetan, eta joera hori izango da datozen hamarkadetan ere. Ikerketaren arabera, gizakiak eragindako berotze globalaren ondorio da urtzearen %90.

Ozeano Artikoak irailean izan ohi du urteko izotz gutxien. Orain arteko datuen arabera—1979an hasi zen NASA sateliteko irudien bidez irudiak erregistratzen—, 2013koa izan zen izotz gutxieneko uda, eta, ondoren, 2021ekoa. Ikertzaileen arabera, 1979tik %12,6 murriztu da Ozeano Artikoko udako izotza hamarkada bakoitzean. Eta klima krisiaren adierazgarri «argigarrienetakoa» da hori.

Ozeano Artikoko izotza udan erabat urtzeko arriskua 2040 eta 2050 bitartean zehaztu zuen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak 2021ean zabaldutako txostenean. Baina atzo argitaratutako ikerketan hamar urte aurreratu dute epe hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.