Artikoa gainontzeko eremuak baino lau aldiz azkarrago ari da berotzen

Izotzak eguzki izpiak islatzen ditu, baina, behin urtuta, ozeanoak xurgatzen du izpien beroa, eta, ondorioz, gora egiten du tenperaturak

SOS Artic espedizioaren haizezko lera bat, joan den ekainean, Groenlandian. EFE.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Artikoa gainontzeko eremuak baino lau aldiz azkarrago berotzen ari da, Finlandiako Meteorologia Institutuaren ikerketa baten arabera. Nature Communications Earth and Environment aldizkariak argitaratu zuen txostena herenegun. Jakina zen planetaren mutur horretan klima aldaketak eragin handiagoa zuela, baina informazio berriak larritasuna handitu du.

Orain arte, Artikoa bi edota hiru aldiz azkarrago berotzen ari zela uste zen. Mika Rantanenek gidatutako ikerketa taldeak, ordea, neurtu du 3,7 eta 4,1 gradu zentigradu bitartean dagoela ezberdintasuna. 1979. urtetik 2021. urtera arteko datuak bildu dituzte, eta hamarkada bakoitzeko 0,73 gradu igo da tenperatura Artikoan, batez beste; munduko gainontzeko lekuetan, berriz, 0,19 gradu.

Azkarren, Barents itsasoan

Artikoaren barruan ere gorabeherak daude eremuaren arabera, eta aldaketarik handiena Barents itsasoan atzeman dute ikertzaileek Norvegiaren eta Errusiaren iparraldean. Bertan, hamarkada bakoitzeko 1,25 gradu igo da tenperatura batez beste, Lurreko batezbestekoa baino zazpi aldiz gehiago. Munduan azkarren berotzen ari den eremu gisa identifikatu dute.

Artikoa itsaso izoztua izateak are konplexuagoa egiten du egoera. Izotz zuriak eguzki izpiak islatzen ditu, eta bueltan espaziora bidali. Eguzki energiaz libratzen laguntzen du horrek. Baina izotz masa urtuz gero, izpiak ozeanora iristen dira, urak beroa xurgatzen du. Ondorioz, ozeanoaren tenperatura igo egiten da. Gertakari horrek eragiten du, hein handi batean, Artikoa gainerako eremuak baino azkarrago berotzea.

Rantanen meteorologiako doktoreari «kezkagarria» iruditzen zaio datu berriak aurrekoen bikoitzak izatea. Klima aldaketa aurreikusteko orain arte erabilitako metodoak zaharkituakgeratu direla uste du, eta unean uneko egoeretara egokitu behar direla.

Adituak bi aldagairekin lotu du azken emaitzek erakutsi duten aldea: aztertutako eremuari eta denborari. Lehenari dagokionez, Artikoaren eremuaren definizio itxi baten faltan, Rantanaren taldeak zirkulu polar artikoaren barneko eremua hartu du erreferentziatzat 66,5 graduko latitudetik iparraldera. Bestalde, berotzea 1979tik aurrera aztertzea erabaki zuten, ordutik daudelako satelite bidezko datu «fidagarriak» eskuragarri, eta klimaren aldaketa nabarmena 1970eko hamarkadan hasi zela kalkulatu dutelako.

Artikoa urtzea, arriskutsua

Artikoko gutxieneko izotz masa %13,1 jaisten da hamarkada bakoitzeko, batez beste. Litekeena da 2050a baino lehen Artikoa izotzik gabe geratzea irailean, urte batean gutxienez. Hori zioen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak iazko txostenean. Larria da horrelako gertaera bat, eta, hori ikusirik, oraindik posible dena egin behar dela uste dute, kasu soilak ohiko bihurtu ez daitezen.

Gainera, Artikoa oinarrizkoa da mundu osoko klimaren erregulaziorako, eta haren egoera okertzeak ondorio larriak ekar ditzake. Besteak beste, permafrostan eragingo luke. Permafrosta deritzo denbora jarraian izoztuta mantentzen den geruzari. Lurra eta izotza nahasten dira bertan, eta gas toxikoak ere gordetzen dira; hala nola metanoa. Geruza horiek urtzen badira, berotegi efektuan eragingo luketen gas kantitate handiak aireratuko lirateke, eta klimaren egoera are gehiago larritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.