Sani Ladan. Geopolitikan aditua

«Arraza ez da kontu biologiko bat: egiturazkoa da»

Europak eta Afrikak historikoki izan duten harremanaren inguruko kontakizuna aldatu egin behar da, Ladanen ustez. Migrazioaren auziari arrazaren ikuspegitik begiratzearen garrantzia azpimarratu du.

GIANFRANCO TRIPODO.
jone arruabarrena
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Amets bat zuen Sani Ladanek (Duala, Kamerun, 1995) txikitatik: ikastea. Helburu horri segika ekin zion Europako bideari, eta lortu zuen; nazioarteko harremanetan diplomatua, Afrikan aditua, gizarte hezitzailea eta ikertzailea da, ekintzaile antirrazista izateaz gainera. La luna está en Duala (Ilargia Dualan dago) liburua ere kaleratu du duela gutxi.

Afrikak eta Europak zer-nolako harremana izan dute historikoki?

Afrikaren eta Europaren artekoa espoliazio eta esplotazio harreman bat izan da. Lehenik, ustiapen fisiko bat izan zen: pertsonak eraman zituzten. Gero, lurrak ustiatu zituzten; eta horrek berdin jarraitzen du oraindik ere.

Hala ere, salatu duzu bestelako kontakizun bat nagusitu dela.

Bai. Uste dut egia berreskuratu behar dela, eta kontakizun berrien olatua baliatu harreman horri buruzko egia kontatzeko. Izan ere, egia hor dago oraindik ere, historia faltsu bat kontatuta distortsionatu nahi izan duten arren, eta kontatu beharra dago.

Eta zein da egia hori?

Nazioarteko sistema oraindik aitortu gabe eta erreparatu gabe dauden egitate historiko batzuen gainean eraiki dela. Esklabismoaz ari naiz, baita kolonizazioaz ere. Aime Cesairek Discours sur le colonialisme [Kolonialismoaren inguruko diskurtsoa] liburuan esaten duen moduan, Europa moralki eta espiritualki defendaezina da. Jendeari gomendatzen diot historiari beste betaurreko batzuekin begiratzeko, ulertuta Europa ez dela munduaren zilborra.

Afrika kolonizatuta dago oraindik ere?

Noski. Mbuyi Kabundak zioen bezala, bigarren deskolonizazioa behar du Afrikak; aditu guztiak bat datoz horretan.

Nolakoa izan zen lehen deskolonizazioa?

Fikziozko deskolonizazio bat izan zen. Ugazaba zuriak hango ugazabekin aldatu zituzten, baina horiek ere kanpotik jasotzen dituzte aginduak. Horrez gain, kolonizatzaileak ere ez dira guztiz joan. Defentsarako itunek hor diraute, baita akordio historiko eta ekonomikoek ere: afrikar kontinentea lotzen dute, eta ez diote aireratzen uzten.

Praktikan, non ikusten da hori?

Frantziaren kolonia izandako hamalau herrialdeetan, esaterako, CFA frankoa erabiltzen dute. Txanpon kolonial bat da, Frantzian ekoizten dena. Horren bidez, Frantziak bere eskuetan dauka herrialde horietako 180 milioi herritarren ekonomia; Frantziak erabakitzen du herrialde horien diru politika. Eta hori anomalia bat da gaur egun; herrialde baten diruaren subiranotasuna kolono izandako beste potentzia baten eskuetan dagoen eremu bakarra da munduan.

Migrazioaren auzia da harreman horren beste ondorio bat. Europak mafiei egozten die errua. Hala da?

Garrantzitsua da ulertzea mafiak migrazio politika zapaltzaileez elikatzen direla; zenbat eta migratzeko bide seguru eta legal gutxiago egon, orduan eta gehiago hedatuko dira, eta bide gehiago sortuko dituzte migratu nahi duten horiez baliatzeko. Baina errazagoa da mafiei buruz hitz egitea jendearen arreta desbideratzeko, gaur egun politikariek egiten duten moduan.

Esaten dutenean aplikatzen dituzten politikek migratzaileak mafien eskuetatik askatzea dutela helburu, itxura ona hartu diezaiokegu mezu horri. Baina horren atzean bestelako errealitate bat dago: Bruselak akordioak egiten ditu giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeekin; Tunisiarekin, Marokorekin eta Libiarekin, esate baterako. Egoera horretan ezinezkoa da mafien gisako alternatiba arriskutsuak sortu daitezen eragoztea.

Zergatik da beharrezkoa arraza ikuspegia aplikatzea migrazio politikez ari garenean?

Arraza biologikoki existitzen ez den arren, mundua arrazializazioaren bidez eraiki da, eta hori ezin dugu bazter utzi migrazio fluxuei begiratzen diegunean. Arrazializazio horrek eragin du pertsona jakin batzuek, azalaren koloreagatik, jatorriagatik edo daukaten pasaporteagatik, aukera izatea bizitza arriskuan jarri gabe migratzeko. Beraz, migrazioa ezin dugu aztertu arrazaren aldagaia kontuan izan gabe. Berriro esango dut. Arraza ez da kontu biologiko bat: egiturazkoa da. Arrazaren inguruko hierarkia bat sortu da, botere egituren bidez. Eta gaur egun, jende askoren etorkizuna erabakitzen du horrek.

Zu zeu CIE atzerritarrentzako zentro itxi batean sartu zintuzten, Espainian. Europako gobernuek zertarako erabiltzen dituzte zentro horiek?

CIEak disuasio mekanismoak dira, migratzaileen eskubideak sistematikoki urratzen diren eremuak: hara eta hona ibiltzea debekatzen den lekua, tortura lekua... Politikariek erakartze efektua deitzen duten hori gerta ez dadin erabiltzen dute; emozionalki eta fisikoki higatzen zaituzte, handik irtetean zera konta diezaiezun migratu nahi dutenei, Europara iristea lortzen badute ere kartzelatu egingo dituztela hemen.

Zer delitu leporatzen zaie horietan atxikitakoei?

Erregularizatuta ez egotea da pertsona horiek CIEetan sartzeko arrazoi bakarra. Espainiako ordenamendu juridikoan, erregularizatuta ez egotea falta administratibo bat baino ez da. Horrek ez du bide ematen norbait kartzelan sartu eta hari oinarrizko eskubideak kentzeko.

Berez, pertsona horiek Espainiako Estatutik kanporatzeko helburuz sortu ziren CIEak. Helburu hori betetzen dute?

Estatistikei begiratzen badiegu, ikus dezakegu preso sartzen dituzten gehienak aske uzten dituztela azkenean. Esan dudan bezala, migratzaileak ahultzeko soilik baliatzen dira.

La luna está en Duala liburua kaleratu duzu duela gutxi. Zer mezu helarazi nahi zenuen liburuaren bidez?

Nire migrazio prozesuaren kontakizuna erabili nahi nuen migrazioaren errealitatea eta Europa eta Afrikaren arteko harremana analizatzeko. Jendeak migrazioaren kausa errealak zeintzuk diren ulertzea nahi nuen. Migrazio bidean dagoen bati laguntzen diozu liburua irakurtzen duzunean, baina, aldi berean, begiak zabaltzen dizkizu hedabide tradizionalek ukitzen ez dituzten beste arlo batzuei buruz.

Africa en 1 click (Afrika klik batean) podcasta ere sortu duzu, Afrika kontinenteari buruz. Informazioa falta da Europan?

Ezezagutza izugarria dago Afrikari buruz. Europako kostatik hamalau kilometrora dago, baina, Espainiako akademiari edo eskolako curriculumari begiratuta, esaterako, argi ikusi daiteke nolako hutsunea dagoen. Eta konturatu nintzen ezezagutza hori ere erabakitakoa dela. Beraz, Afrika jendearengana hurbildu nahi genuen podcastaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.