Arrainak uretan bezala

Somaliako urak piratak egiten ari diren bahiketengatik bilakatu dira ezagun; NATOk Indiako Ozeanoan gerraontziak dituen arren, piratek azken egunetan beste lau itsasontzi bahitu dituzte.

2008ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Siad Barre diktadorea1991. urtean kendu zuten Somaliako agintetik. Orduan, gerra jauntxoen esku geratu zen herrialdea. Gaur egungo egoeraren antzera, kaosa zen nagusi. GFT Trantsiziozko Gobernu Federalak gobernatzeko boterea duen arren, bertako buruak Abdullahi Yusuf presidenteak ere ez du herrialdea kontrolpean izatea lortu. Somaliako lurraldeen gehiengoa Al Shabab islamiar miliziaren esku dago. Horrela uler daitezke Somaliako kostan azkenaldian gertatzen ari diren bahiketak. Gainera, oraingoz, itsasontziak bahitzen dituzten piraten aurkako neurririk ez dute hartu, beraz, itsasontziak bahitzea negozio erraz bihurtu da. Gizarteko talde guztietako jendeak hartzen du parte negozio horretan. Guztira bost taldetan banatua daudela uste da, eta mila pirata ingururi aginduak ematen dizkiete.

Piratek nahi dutena egiteko aukera dute Somalian. Horren aurrean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea, EB Europako Batasuna eta nazioarteko beste erakunde batzuek itsasoko segurtasuna bermatzeko bilera bat egin zuten atzo.

Beste misio bat abenduan

Aurtengo abenduaren erdialdean bukatuko da NATOk Somaliako uretan duen misioa. NATOren egitekoa bertatik igarotzen diren itsasontziak babestea da. Egoerak eskatzen badu, indarra ere erabil dezakete. NATOren operazioa EBn lehenengo itsas misio batek ordezkatuko du abenduan, Atalanta operazioak. Horretan bederatzi herrialdek hartuko dute parte; zortzi eta hamar itsasontzi artean eta zaintzarako hegazkinak erabiliko dituzte. Helburu nagusiak Somalian janaria banatzen duten nazioarteko laguntza programetako ontziak babestea, eta piratak «uzkurtzea, zapaltzea eta haiei aurre egitea» izango dira. Horretan, NATOko misioak bezala, beharrezkoa denean indarra erabili ahalko dute.

Piratak erasoak egiteko gunea zabaltzen ari dira. Adengo Golkoan (Somalia) dauden NATOko militarrentzat ia ezinezkoa da eremu osoa zaintzapean izatea. Piratak oso azkar mugitzen dira eta askotan, gainera, gauez egiten dituzte erasoak.

Lau itsasontzi gehiago bahitu dituzte azken egunetan eta denera, hamasei dira bahitu dituztenak. Horien artean, orain arte bahitu duten handiena. 100 milioi dolar inguruko balioko petrolio karga dauka piraten esku dagoen Sirius Star petroliontziak. Indiako itsas armadako ontzi batek, piraten erasoei aurre egin die, eta, ondorioz, piraten ontzi bat suntsitzea lortu du.

Egun, Somaliako kosta munduko arriskutsuena da. Piraten erasoen heren bat han gertatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.