Aro berri baten promesa

Boricek Txileko presidentetza hartu du, hurrengo lau urteetarako. Gobernu berria ere izendatu dute, 24 ministroz osatua, horietatik hamalau emakumeak. Ekitaldia keinu sinbolikoz betea izan da

Gabriel Boric Txileko presidentea eta Izkia Siches Barne ministroa, atzo, kargua hartzeko ekitaldiaren ostean, jarraitzaileak agurtzen, Valparaison. E. GONZALEZ / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gabriel Boricek Txileko presidentearen kargua hartu zuen atzo, eta herrialdearen historiako presidenterik gazteena bihurtu zen—36 urte ditu—. Txileko Kongresu Nazionalean egin zuten aginte-hartze ekitaldia, eta harekin hasi zen Boricek berak aro politiko berri gisa iragarri duena. «Txileko herriaren eta herrien aurrean, bai, hitzematen dut», esanez hartu zuen kargua, estatu barruko herri indigenei begirako keinuarekin. Presidente gisa herritarrei zuzendu zien lehen mezuan, lanerako konpromisoa agindu zuen Boricek. «Oso hunkituta nago une honekin, erantzukizun sentipen handiarekin, Txileko herriaren aurrean dugun betebeharrarengatik. Jakin ezazue gure onena emango dugula herri gisa ditugun erronken pare egoteko».

Boricen presidentetza berritasun bat izango da, batetik, ikasle mugimenduko ekintzaile ohia ez delako Txilen demokrazia indarrean jarri zenetik —1990etik— boterean egon diren bi blokeetako baten ordezkari, eta, bestetik, Salvador Allenderen agintalditik izan den gobernurik ezkertiarrena izatea espero dutelako haren jarraitzaileek.

Aldaketaren ideia hasieratik irudikatu du Boricek, eta kargu hartzea sinbolismoz josia egon zen. Ekitaldian, 2019ko urriko protesta mugimenduak kalean erabili zituen aldarriak entzun ziren. «Gora herri maputxea!» oihukatu zuten, Boric aretoan sartu zenean. Kongresura gonbidatutakoen artean zegoen Gustavo Gatica Polizia indarkeriaren biktima —2019ko manifestazio batean itsu utzi zuen estatuaren indarrak—.

Alvaro Elizalde Senatuko presidente sozialistaren eskutik jaso zuen presidentearen zinta Boricek. Sinbolismoz betea zegoen hura ere. Sebastian Piñera aurreko presidenteak bere zinta Parisen egiteko eskatu zuen, eta Boricek Santiago kanpoaldeko jostun tailer txiki bati egin dio enkargua. Lantegi horretako beharginekSiretex Ehungintza Sindikatu Iraultzaileasortu zuten 2019an, prekaritateari erantzuteko.

Piñera bera izan zen Boricen paparrean Bernardo O'Higginsen independentziako buruetako baten bost puntako izarra ipini zuena; hori da Txilen boterearen jabetza adierazten duena. Boric presidente izendatu eta berehala, ganberak ereserkia abestu eta Piñerak aretoa utzi zuen, «hiltzailea!» oihu artean eta txistu hotsek lagunduta.

Kongresuko ekitaldian, gobernua osatzen duten ministroak ere izendatu zituzten. Boricek 24 ministro ditu, eta horietatik hamalau dira emakumeak. «Gobernu honetaz oso harro nago, gizon baino emakume gehiago egoteaz. Eskerrik asko, mugimendu feminista», adierazi zuen. Gobernuko kideen artean da Maya Fernandez Allende Defentsa ministroa, Salvador Allende presidentearen biloba, eta emakumeak izango dira Barne ministroa eta gobernuaren bozeramaile berria ere: Izkia Siches eta Camila Vallejo, hurrenez hurren. Azkena, Boricekin batera 2010eko hamarkadan ikasle mugimenduko ordezkari izandakoa.

Presidenteak bere lehen diskurtso ofiziala zuen egitekoa edizio hau ixteko orduan, Santiagoko Moneda jauregitik. Hitzaldi horretan bere agintaldirako oinarrien aurkezpena espero zen. Hurrengo lau urteetan, hainbat erronka izango ditu Boricek. Batetik, kargura eraman duen 2019ko urriko protestetan sortu zen mugimendu sozialaren eskariei erantzun beharko die, eta, bestetik, azken urteetan Txile gehien baldintzatu duten arazoei: pandemiaren kudeaketa, immigrazio oldea iparraldean, krisi ekonomikoa eta lehortea, besteak beste. Bere proposamenak gauzatzeko, gainera, ez du gehiengorik izango Kongresuan, eta, beraz, akordioak lortzen saiatzera behartuta egongo da.

Konstituzio berria

Politika horietatik harago, baina, hasi berri den agintaldia Txilen 2019ko urriaz geroztik abiatu den ziklo politikoaren beste mugarri bat izango da. Lehenik, konstituzio berri bat egiteko erreferenduma onartu zen; gero, erreferenduma irabazi zuten Pinocheten konstituzioa atzean uztearen aldekoek; eta, duela ia urtebete, Biltzar Konstituziogileko hautetsiak aukeratzeko bozketan, benetako aldaketa baten aldekoak gailendu ziren. Beste pauso bat da Boricen presidentetza, eta, Piñerarena ez bezala, aldaketa horren beste katebegi bat izango da.

Biltzar Konstituziogilea, berez, uztailean da bere lana amaitzekoa, baina sei hilabeteko luzapen bat eskatzeko aukera dauka. Batzordeetan ari dira lanean, eta, oraingoz, konstituzioaren zirriborrorako Txileren etorkizunean gako izan daitezkeen hainbat gai onartu dituzte: kultur aniztasuna, jatorrizko herrien justizia sistema propioaren aitortza eta sistema judizialean genero perspektiba txertatzea, besteak beste. Zirriborro hori galdeketa batean onartu beharko dute txiletarrek.

Eskuinak porrot egin zuen iazko udaberriko Biltzar Konstituziogilerako bozetan, eta organo horretan edozein ekinaldi blokeatzeko beharrezkoa den heren batera iristen ez denez, independenteen eta ezkerreko hautetsien ekinaldiak aurrera ari dira ateratzen; bozketan bi herenen babesarekin onartzen ez direnak lantaldeetara itzultzen dira, egokitzeko. Ezintasun horretan, betoa ezarri dietela esan izan du eskuinak. Piñera, Monedatik, Biltzarraren lana oztopatzen saiatu da, baina orain presidentearen jauregia bidelagun izango dute konstituzio berria idazten ari direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.