NBE Nazio Batuen Erakundeak urte hasieran baldintza bat jarri zion Ekialdeko Timorri erakundeak herrialdean dituen tropak erretiratzeko: presidentetzarako eta parlamentua aukeratzeko hauteskundeak bakean igarotzea. Martxoan eta apirilean egin zituzten presidentetzarako bozak, eta bakean joan ziren. Parlamentua hautatzeko uztaileko hauteskundeetan ere ez zen gorabehera handirik izan. Hori horrela, Ekialdeko Timorrek erakutsi du prest dagoela herrialdearen egonkortasunari bere kasa eusteko. Hala adierazi du Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak, Ekialdeko Timorrera tropen erretiratzea negoziatzeko egindako bisitan.
NBEren misioak urte amaierarako erretiratuko ditu tropak herrialdetik. Ekialdeko Timorrek 2002an independentzia lortu zuenetik, NBEko tropak beti egon dira bertan. Gaur egun, 1.300 soldadu inguru daude, eta horiek nola erretiratu erabakitzeko, Jose Maria Vasconselos herrialdeko presidente eta Indar Armatuetako buru ohiarekin bildu da NBEren idazkari nagusia, Dili hiriburuan. Xanana Gusmao lehen ministroarekin ere egin du bilera bat.
NBEko Segurtasun Kontseiluak hauteskundeak modu baketsuan aurrera eraman ahal izana goraipatu du berriki. NBEko idazkari nagusiak ere herrialdeko segurtasuna nabarmendu zuen atzo bileraren ondoren: «Ekialdeko Timorrek jadanik ez du NBEren Bakerako Indarren beharrik. Bertako Poliziak erakutsi du gaitasun handiagoa duela orain. Arrakastaz babestu dituzte presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak».
2002tik burujabe
Ekialdeko Timorrek 2002an lortu zuen independentzia. Ia lau mendez Portugalen menpe egon ostean, 1975ean Indonesiak hartu zuen herrialdea, 1999ra arte. 24 urte horietan 170.000herritar baino gehiago hil zituzten bertan.1999an, Indonesian Suhartoren diktadura amaitzearekin bat, independentziari buruzko erreferenduma egin zuten herrialdean, eta herritarren %78k aldeko botoa eman zuten. Batasunaren aldeko miliziek eta Indonesiako tropek mila lagun inguru hil zituzten herrialdetik alde egin aurretik.
Indonesiako tropek burututako hilketa horiek gogoan, NBEren idazkari nagusiak adierazi du «humanitatearen aurkako eraso guztietan» justizia egitea beharrezkoa dela, baita Ekialdeko Timorren kasuan ere. «Esperientziagatik diot, egonkortasun politikoari ezin zaio eutsi, zibilen aurkako justiziarik egiten ez bada».
Aro berri baten hasiera
Ekialdeko Timorreko agintariekin bildu da Ban Ki-Moon NBEren tropen erretiratzea negoziatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu