Aro bateko azken etsaia

Afganistango talibanek baieztatu dute Omar mulla hilda dagoela, eta Mansur izendatu dute haren ondorengo.Bake elkarrizketak atzeratu egin dituzte

Afganistango soldadu bat, Kabulerako errepidea zaintzen, Omarren heriotzaren berri emandakoan, herenegun. JAWAD JALALI / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Afganistango Gobernuak ofizialki hiltzat jo eta egun batera, talibanek baieztatu egin dute Mohamed Omar mullaren heriotza, eta haren buruzagiordea, izendatu dute ondorengo: Akhtar Mansur. 2001eko irailaren 11ko erasoen ondotik, Mendebaldeak lehen etsaitzat hartu zuen Omar, Al-Qaedako buru Osama Bin Ladenekin batera. Izan ere, hura babestegatik inbaditu zuten AEBek Afganistan urte hartan. Haatik, Saddam Hussein 2006an eta Bin Laden 2011n exekutatuta, eta Omarren heriotza baieztatuta, joan den hamarkadan AEBetako presidente George W. Bushek abiatutako inbasioen aroko etsai nagusiak desagerrarazi dituzte. Gobernuaren eta matxinoen arteko bake elkarrizketak hankaz gora jarri dituzte talibanen lider historikoaren inguruko informazioek, eta bertan behera utzi dituzte atzo eta gaur egitekoak ziren bilkurak.

Askotan jo izan dute hiltzat Omar, baina orain arte talibanek azkar gezurtatu izan dute haren heriotza —apirilean Omarrenlehen biografia ofiziala kaleratu zuten—. AEBen inbasiotik agerpen publikorik egin gabe zegoen, eta askotarikoak izan dira haren inguruko teoria eta espekulazioak.

BBCk herenegun filtratu zuen Afganistango segurtasun indarrek hiltzat jotzen zutela. Ordu batzuetara baieztatu zuen gobernuak Omar 2013an hil zela, Karatxiko ospitale batean, Pakistan hegoaldean. Talibanek, ordea, atzo arte ez zuten adierazpen ofizialik egin. «Afganistango Emirerri Islamikoaren buruzagitzak eta Omar mullaren familiak adierazten dute Emirerri Islamikoaren sortzailea eta Amir-ul Momineen [fededunen printzea] hil egin dela gaixotasun baten ondorioz».

Mugimenduak kaleratutako oharrean, halere, gobernuaren bertsioa gezurtatu dute:«Nahiz eta presioa handia zen, eta AEBak atzetik egon, azken hamalau urteetan ez da Afganistandik atera, eta Emirerri Islamikoa kudeatu du haren egoitzatik». Talibanen arabera, denbora zen gaixo zegoela, baina azken bi asteetan okerrera egin zuen haren osasunak. Ez dute zehaztu zer gaixotasun zuen, ezta zehazki zein egunetan hil zen.

Omarrek 1994an sortu zuen talibanen mugimendua, eta,1996tik, Afganistanen boterea eskuratu zuenetik,2001era bitartean izan zen estatuburua. Azken 22 urtean gidatu dituen lemazainik gabe, Pakistango hedabideek zisma bat iragarri dute talibanen artean, fakzio eta klanen arteko botere borroka bat.

Dawn Pakistango egunkariari talibanen gertuko iturriek azaldu diotenez, Xura Kontseiluak Mansur mulla izendatu du emir. Dena den, albiste agentziek jakinarazi dutenez, ez diote Fededunen printzea titulua eman, eta lider goren gisa izendatu dute. Siraj Haqqani izango da buruzagiordea, Haqqani klaneko burua. Quetta hiri inguruan egin dute biltzarra, Pakistanen.

Baina talibanen kontseiluaren erabakiak ez ditu komandante guztiak asebete. BBCren arabera, Pakistango eta Afganistango talibanen artean arrakalak ireki ditu hautaketak. Hainbat goi karguk Omarren semearen alde egin dute, Mohamed Yaquiben alde, eta Pakistanen gertukoen inposiziotzat hartu dute Mansurren izendapena.

Bake prozesua da talibanen arteko beste eztabaida iturria. Axraf Gani Afganistango presidenteak talibanen delegazio batekin hainbat bilkura bultzatu ostean, uztail hasieran lehen aldiz aurrez aurre bildu ziren gobernuaren eta talibanen ordezkariak. Atzo eta gaur ziren egitekoak bigarren elkarrizketa sorta, baina Omarren heriotzaren inguruko albisteak prozesua bete-betean jo du. «Omarren heriotzaren iragarpenak sortutako ziurtasun ezaren ondorioz, talibanek hala eskatuta atzeratu egin ditugu bake negoziazioak», adierazi du Atzerri Ministerioak.

Mansur elkarrizketaren bideari eustearen aldekoa da. Talibanek Omarren izenean orain bi aste kaleratutako agiri batean ere, bake elkarrizketak babestu zituzten. Baina komandante asko kritiko agertu dira, eta boterea indarraren bidez hartzea lehenetsi dute. Dohako talibanen delegazioak esana du ez duela bake elkarrizketen berri, eta zalantzan jarri du negoziatzaileen zilegitasuna.

Gainera, EIri leialtasuna adierazi dion adar baten agerpenak gaiztotu egin du matxinoen arteko krisia. Talibanek EIri ohartarazi diote Afganistanen ez hedatzeko, baina entzungor egin, eta liskarrak izan dituzte bi taldeek. Itxi den aro bateko etsaiak, aro berrikoen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.