KARABAKH GARAIA

Armeniak egotzi dio NBEri Azerbaijanen «garbiketa etnikoa legeztatzea»

Nazio Batuen Erakundearen misio batek adierazi du Karabakh Garaian ez duela detektatu herritarren kontrako indarkeriarik. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egotea onartu du Armeniako Parlamentuak

Armeniar batzuk Karabakh Garaitik ihes egiten, irailaren25ean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 3a
11:38
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundearen misio bat Karabakh Garaian egon da azken egunetan, eta Azerbaijanen «garbiketa etnikoa legeztatzea» leporatu dio Armeniak. Hori nabarmendu du Azerbaijanekin negoziatzeko herrialdeak izendatu duen enbaxadoreak, Edmon Marukianek, X sare sozialean. Egindako bisitari buruzko ohar bat kaleratu zuen NBEk atzo, eta plazaratu ez duela detektatu ez herritarren kontrako indarkeriarik, ez azpiegitura zibilen kontrako kalterik.

Marukianen esanetan, NBEren misio horretako kideek «galarazi» egiten dute «instituzioaren izen ona». Erakundeak Azerbaijanen daukan koordinatzaile Vladanka Andreeva eta OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko goi funtzionario Ramesh Rajasingham izan dira misio horretako buruak, eta eskatu dute, besteak beste, ahaleginak egiteko han geratuko diren armeniarren eskubideak babesteko. «NBEk ordezkari horien lanari buruzko ikerketa bat egitea espero dut».

Ikusi gehiago: Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

Misioak azaldu du «tokiko oso herritar gutxi» ikusi dituztela; «gurekin hitz egin zutenek adierazi zigutenez, 50 eta 1.000 artean oraindik han dauden armeniarrak». Armeniako iturri ofizialek esan dute irailaren 24tik 100.000 bat armeniar iritsi direla herrialdera Karabakh Garaitik. 1991tik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto —nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu—, eta, datu ofizialen arabera, 120.000 herritar inguru bizi ziren han; horien %99, armeniarrak. Baina, bere nagusitasun militarra baliatuta, Azerbaijanek bonbardatu egin zuen irailaren 19an, eta erasoaldia eteteko hurrengo egunean jarri zituen baldintzetako bat izan zen independentzia eta errepublika aldarrikapena bertan behera uztea.

Ikusi gehiago: Azerbaijanek «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi du Karabakh Garaian

Etzi, bilera

Azerbaijanek adierazi du ez duela han geratzeko asmoa duten armeniarren kontra egingo, baina Erevanek uste du jada «garbiketa etniko bat» egiten ari dela Baku. Horren harira, NBEri iruditzen zaio «zaila» dela esatea ea armeniarrak hara itzuli ahal izango diren. «Gauza bat argi dago: konfiantza eraikitzeko beharra dagoela, eta horretarako denbora beharko dela, baita alde guztiek ahaleginak egitea ere».

Azerbaijan eta Armenia haien arteko etorkizuneko harremana nolakoa izango den definitzen hasi dira, eta, hori egiten jarraitzeko, Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea eta Nikol Paxinian Armeniako presidentea Granadan (Espainia) biltzekoak dira etzi.

Bestalde, Armeniako Parlamentuak Erromako Estatutua onartu du gaur, eta horrek esan nahi du NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo dela aurrerantzean. Ganberako presidente Alen Simonianek jakinarazi du hirurogei parlamentarik alde bozkatu dutela, eta 22k kontra. Oposizioak ez du debatean parte hartu nahi izan, iritzita «konstituzioaren kontrakoa» dela.

Eta erabaki horren ondorioz, esaterako, Vladimir Putin Errusiako presidenteak atxilotua izan beharko luke Armeniara joanez gero. Izan ere, Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak egotzita, eta auzitegi horretako estatu kideek aginduak betetzeko obligazioa dute. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek joan den ostiralean ohartarazi zuen Armeniak «etsaikeria» plazaratuko lukeela estatutua berretsita.

Erevanek, baina, Errusia lasaitu nahi izan du, eta nabarmendu ez duela Putin atxilotuko. Auzi juridikoetarako Armeniaren ordezkari Yeghise Kirakosianek joan den astean azaldu zuenez, Moskuri alternatiba bat planteatu diote, eta, haren arabera, NZAko kide bihurtu arren, Putin ez zatekeen Armenian atxilotua izateko arriskuan egongo.

Nolanahi ere, azken hilabeteetan gaiztotu egin dira bi herrialdeen arteko harremanak. Errusiak estutu egin ditu Azerbaijanekin dituen loturak, Ukrainako gerrak eragindako testuinguru sozioekonomikoak bultzatuta. Orduan, nahiz eta beti izan den Errusiaren orbitako herrialde bat, Armeniak AEBen babesa bilatu du, eta duela hiru aste maniobra militarrak egin zituzten elkarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.