Armeniak «datozen hilabeteetan» sinatu nahi du bakea Azerbaijainekin

Azerbaijango Atzerri ministro Jeyhun Baymarovek esana du badituztela aukerak bake akordioa «luze gabe» lortzeko

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa, irailean, hitzaldi bat ematen. ARMENIAKO GOBENUA / EFE.
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek atzo esan zuen Azerbaijanekin «bakea eta harremanak finkatuko» dituen akordioa sinatu nahi dutela «datozen hilabeteetan».

Paxinianek gaiari buruz hitz egin zuen Georgiako hiriburuanegiten ari diren nazioarteko foro ekonomiko batean, eta hitzaldia baliatu zuen bakearen oinarriez aritzeko: «Lanean ari gara bake itunaren zirriborro bat osatzeko».

Bake akordioa egingo dutelako ideia indarra hartzen ari da aste honetan. Armeniako lehen ministroaren aurretik, Azerbaijango Atzerri ministro Jeyhun Baymarovek asteartean esan zuen badaudela aukerak bi herrialdeak «luze gabe» ados jartzeko, Azerbaijanek Karabakh Garaiko kontrola eskuratu eta gero. Bi estatuen artean beste gatazka bat piztea baztertu zuen Baymarovek. Hilabete bukaeran batzartu behar zuten Paxinianek eta Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek bake ituna eztabaidatzeko, baina Azerbaijangoak batzarra atzeratu zuen; ez dute beste egunik jarri elkartzeko.

Atzoko hitzaldian, Paxinianekesan zuen bi herrialdeak «bakearen bidegurutzean» daudela, eta bakerako oinarri batzuk adostu behar direla. Oinarri horietako bat litzateke herrialde bakoitzak bere kontrolpeko eremutik pasatzen diren azpiegituren eta errepideen kontrola izan behar duela. Azpiegitura horiek konpontzeak eskualdeari onurak ekarriko dizkiola uste du Paxinianek, Kaspiar itsasoa eta Mediterraneo itsasoa elkartzeko bide motz eta eraginkorra izan daitekeelako.

Paxinianentzat, mugen kontrola da bigarren oinarria: herrialde bakoitzak ezarri beharko ditu mugako kontrolak eta aduana zergak. Gainera, bi herrialdeek muga pasatzen duten «azpiegitura guztien eta zibilen» segurtasuna bermatu beharko dutela gehitu du Paxinianek.

Agintariak aipatu duen beste oinarrietako bat Almatyko Adierazpenean adostutako mugak errespetatzea da. 1991n sinatutako adierazpen horrek SESB Sobietar Batasunetik atera eta independentzia lortu zuten hamabi herrialderen mugak ezartzen ditu.

Armenia eta Azerbaijanen arteko erlazioa oso zaila izan da hitzarmena sinatu zutenetik. Bi herrialde horiek 1991n independentzia aldarrikatu zuten modura, Karabakh Garaiak ere berea aldarrikatu zuen; orduan, Armeniak okupatu zuen, eta, de facto, estatu independentea bilakatu zen.

Hamarkadotan, Karabakh Garaiak etengabeko tentsioak sortu ditu bi herrialdeen artean. 2020ko gerraren ondoren, Azerbaijanek eta Armeniak su etena adostu zuten. Bakeari eusteko, Errusiako bakerako tropak ezarri ziren Karabakh Garaiko eremu batzuetan.

Irailean, Bakuk hautsi egin zuen menia hori. Erasoa hasi eta egun batera Erevanek amore eman, eta bi aldeek su etena sinatu zuten. Talde armatuak desegitea eta horiek zituzten armak eta ekipamendu militar guztia entregatzea jaso zuten akordioan, besteak beste. Karabakh Garaiko 120.000 lagunen exodoa eragin zuen —armeniarrak gehienak—, eta eskualdea Azerbaijanen kontrolpean geratzea.

Iraileko erasoaren ondorioz, Karabakh Garaiko Errepublikadesegin egingo da 2024ko urtarrilaren 1ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.