«Soldaduak gerrarako prest daude. Borrokara joatea aukeratzen dute; armen prestakuntza ulertzen dute; arma bat zer den ulertzen dute; ulertzen dute zer senti daitekeen pistola bat duen norbaitekin borrokatzean, ezta? Gure seme-alabek ez zuten horretarako izena eman, soilik eskolan ikasten zeuden», esan du Mary Joycek, Covenant-eko amen mugimenduko kideak (Nashville, Tennessee).
Joycek, armen kontrolaren aldeko talde honen beste kideek bezala, ez zuen espero bere alaba egoera horretan ikustea; ez zuen espero bera protagonista izatea. «Gure seme-alabek gugan konfiantza osoa dute, beti seguru egongo direla esaten diegu, beste eskoletan gertatzen dena beren eskolan ez dela gertatuko, eta, azkenean, gertatzen da. Egoera oso latza da». Tiroketa bat gertatu zen Joyceren alabaren eskolan, Covenant Schoolen, iazko martxoan. Zorte handia izan zuen, onik atera baitzen. Hala ere, haur txiki bat izanda, ikusi behar izan zuen bere hiru ikaskide nola hiltzen ziren bere aurrean. Horrek ondorio psikologikoak utzi dizkio.
«Oraindik amesgaiztoak ditu. Terapia guztiak probatu ditugu; neurofeedbacka, EMDR —begi mugimenduekin egiten den terapia mota bat da—, talde terapia, indibiduala, eskola terapia, familiakoa, baina ez da nahikoa. Txakurrak ditugu, soinu makina bat daukat, balen aurkako beira bat jarri dugu etxean, baina berak etengabe tiroketan pentsatzen du», azaldu du Joycek.
Horrelako estres egoera bat bizitzea oso zaila da ume txiki batentzat. «Nire semeak bederatzi urte zituen, eta egun hartan hiltzeko prestatzen ari zen. Haren atzetik ari ziren. Eta bederatzi urteko ume batek tiroketa bat bizitzea, leku guztietan ke usaina sentitzea... Estres izugarria da. Gero eta gertuago entzuten zituen tiro hotsak. Gure semeak hori eramango du berarekin bizitza osoan», azaldu du Melissa Alexanderrek; hura ere Covenant-eko amen mugimenduko kide da. Bi ama horiek eta beren seme-alabek bizi izan duten egoera hori eragotz zitekeen AEBetan armen kontrol zorrotzago bat ezarriz.
«Bederatzi urteko ume batek tiroketa bat bizitzea, leku guztietan ke usaina sentitzea... Estres izugarria da»
MELISSA ALEXANDERCovenant-eko amen mugimendua
Small Arms Survey erakundearen 2023ko txostenaren arabera, ehun biztanleko 120 suzko arma daude AEBetan zibilen esku. Beste ezein herrialdetan ez dago hainbeste arma erregistratu zibilen esku. AEBetako Konstituzioak berak babesten du banakoek armak edukitzeko eskubidea. «Normalean, mundu osoko estatuetan, zeozer arrikutsua denean, gobernuak kontrolatzen saiatzen dira; adibidez, drogak. Baino armekin alderantziz gertatzen da; askotan, armen erabilera bultzatzen da hemen», azpimarratu du Melissa Alvarezek. Rise and Shine elkarteko kidea da; armen kontrolaren alde egiten dute.
Baina ez Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak, ez aurrez egon diren beste administrazioek, ez dute urratsik egin armak zorrotzago kontrolatzeko. Geroz eta arma denda gehiago ikusten dira herri eta hirietan, eta horrek ez du laguntzen. «Bazter guztietan, hiri guztietan, daude pistolak, balak, denetarik erosteko dendak. Eta soilik bost minutu dira beharrezkoak horiek eskuratzeko. Walmart batera joan zaitezke, eta pistolak eros ditzakezu», kexatu da Alvarez.
Pertsona da «arazoa»
Aintzat hartu behar da armagileen lobbya oso boteretsua dela AEBetan, eta politikari askok beldur handia daukatela, beraien ibilbide politikoa lobby horien eskuetan dagoelako askotan. «Herri honetan badaude politikariak berriz hautatuak ez izateko beldurrez, armen kontrolerako politikak saihesten dituztenak. Armen lobbyak botere eta eragin handia du haiengan», adierazi du Joycek.
«Bazter guztietan daude pistolak. Soilik bost minutu dira beharrezkoak horiek eskuratzeko»
MELISSA ALVAREZRise and Shine elkartea
Lobby horrekin batera, asko dira armen erabileraren alde dauden banakoak ere; horientzat, arazoa ez da arma bera, armak aldean daramatzaten pertsonak baizik. «Armen kontrolari buruzko nire iritziari dagokionez, segurtasuna da garrantzitsuena. Armak bere kabuz ez du ezer egiten, norbaitek egin behar du tiro. Beraz, arazoa pertsona da, ez arma. Beste era batera esanda: makilekin eta harriekin hasi zen, eta aurrerakuntzak arma modernoak ekarri ditu, azken horiekin delituak egin ahal dira, baina armak dauzkaten pertsonetatik, gutxienekoak dira gauza txarrak egiteko erabiltzen diruztenak», argudiatu du arma denda bateko jabeak.