TPLF Tigray Askatzeko Herri fronteak gutun bat zabaldu du herritarrei armak hartzeko eskatuz, «gerra genozidatik defendatzeko». Oharrean salatu du Eritreak «erasoaldi zabal bat» hasi duela Etiopiako armadaren eta Amhara eskualdeko indar berezien laguntzarekin. «Aurrean dugun erronkak tigrayar guztien parte hartzea eskatzen du, TPLFk eskatzen dizue prest egon zaiteztela erabateko gerrari aurre egiteko», dio idatziak.
Tigrayko herritarrei ez ezik, Etiopia osoko eta, batez ere, Amhara eta Afar eskualdeetako herritarrei ere mintzatu zaie gerrilla, eskatuz «gogor» egin diezaiotela «gobernu faxistak eta haren kideek ezarritako amarruari». Eritreako herriari eta armadari, berriz, ohartarazi die Tigrayko herriak ez diola uko egingo berea duenari, eta ez duela bilatuko berea ez duenik: «Gure ametsa garapena eta bakea dira».
Aurtengo martxotik abuztura, bi aldeen arteko su eten bat egon zen, arrazoi humanitarioak tarteko. Ez zen, ordea, elkarrekin adostutakoa izan, eta, duela bizpahiru aste, berriro hasi ziren borrokak. Hala ere, orain arte, menia bat adosteko prest agertu izan da gerrilla, baita AB Afrikako Batasunaren bitartekaritza onartzekoa ere. Ordea, TPLFren arabera, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmed izan da prozesua oztopatzen aritu dena, Tigray behin eta berriz bonbardatuz.
Ez da lehen aldia Eritreak Tigrayko gatazkan esku hartzen duena. Gerra piztu zenean, 2020ko azaroan, Addis Abebari laguntzen aritu zen, nahiz eta hilabete batzuk geroago arte Asmarak ez zuen onartu erasoaldian parte hartu izana. Eritreak harreman txarra izan du historikoki TPLFrekin, eta Isaias Afwerki herrialde horretako presidenteak harreman ona du Etiopiako lehen ministroarekin, bi estatuen arteko bake akordioa lortu zutenetik; Abiyek horren harira jaso zuen Bakearen Nobel saria, iaz.