Kolonbiako Bake Akordioak Inplementatzeko Bulegoko zuzendaria

Gloria Cuartas: «Armak politikatik atera behar ditugu»

Cuartasentzat, aberastasunen banaketa eta biktimen erreparazioa nahitaezko urratsak dira bakerako bidean, baina baita instituzioak aldatzea ere.

Gloria Cuartas, Kolonbiako Bake Akordioaren Inplementaziorako Bulegoko burua. JON URBE / FOKU
Gloria Cuartas, Kolonbiako Bake Akordioak Inplementatzeko Bulegoko burua. JON URBE / FOKU
arantxa elizegi egilegor
2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun
Gloria Cuartas (Sabaneta, Kolonbia, 1960) beti izan da «susmagarria boteretsuen begietara». Halaxe gogoratu du berak Apartadoko alkate izan zen garaiaz galdetuta (1995-1997). Bai orduan bai gerora ere, gatazka amaitzeko lanean aritu da buru-belarri, senatari moduan lehenik eta Bake Akordioak Inplementatzeko Bulegoko zuzendari gisara 2022az geroztik. Gustavo Petro presidentearen gertuko izaki, gogor kritikatzen ditu hura eta hark bultzatzen duen Erabateko Bakearen aurka jotzen dutenak: «Eskubide bat eta betebehar da bakea, ez pribilegio bat». Jorge Freytter elkarteak gonbidatuta egon da Cuartas Euskal Herrian.
 
Azaroan beteko dira zortzi urte Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak bake akordioak sinatu zituztenetik. Nola laburbilduko zenuke orain arteko bidea?

Kolonbiarentzat izugarrizko urratsa izan zen garai bateko FARCen eta gobernuaren arteko akordioa, bere egin zituelako aurrez egindako bakerako saioak. Ez dugu ahaztu behar Kolonbiak 30 alditan baino gehiagotan abiatu izan dituela bake prozesuak. FARCekin 1985ean egin zen lehen saioa, eta, nahiz eta hura gero bertan behera geratu zen, handik sortu zen Batasun Patriotikoaren Alderdia. Akordio hark sortu zuen bizitzak babesteko aukera, ateak ireki zituen berdintasunik eza eta gizarteko arrakalak ikusarazteko, baita biktimei izugarrizko mina eragin zien gatazka baten ondorioak agerian jartzeko ere. Milaka eta milioika kolonbiarrontzat, bake akordioak itxaropena ekarri zuen, aukera berri bat ikusi baikenuen bertan.

Espero zenuten akordio hark gerora beste bake prozesuei bide ematea?

Ordu hartan azken akordioa zela esan genuen, baina zortzi urteren ondoren ohartu gara ez zela azkena izan. Gustavo Petro presidenteak beste kontzeptu bat ekarri digu, Bake Osoarena. Estatu politika bat da. Nazioartearentzat ere garrantzitsua da presidenteak hartutako erabakia, elkarrizketa erdigunean jartzen duelako, gatazkak indarraren, inbasioen eta genozidioen bidez konpondu nahi dituen mundu batean. Aldiz, Latinoamerika ahaleginak eta bi egiten ari da denekin hitz egiteko, eta denekin diodanean, interes ekonomikoez ari naiz, eta Golkoko Klanaz eta garai bateko FARC gerrillaz. FARCi dagokionez, gerrillak estatuaren saldukeria bizi izan zuen, orduko gobernuak ez baitzuen bete hitzemandakoa eta AEBekin elkarlanean frogak eraiki baitzituen, eta kolokan jarri akordioarekiko konfiantza eta haren egonkortasuna. Hortik sortu ziren disidentziak, eta gaur egun, haiekin ere hitz egiten ari gara. Horietako bat da Bigarren Marquetalia deiturikoa. Horiek akordioak sinatu zituzten, baina, traizio egin zietela ikusi zutenean, gerrara itzuli ziren. Armak atera behar ditugu politikagintzatik, eta orain arte etsaia suntsituz konpondu nahi izan dena elkarrizketaren bidez konpondu behar dugu.

«Aurreko akordioak alde bakarrekoak izan ziren edo ez ziren bete, eta horrek gatazka areagotzea eta biktimak are gehiago estigmatizatzea eragin zuen»

Aurrez ere izan ziren gerrillekin akordioak egiteko ahaleginak. Zer izan zen desberdina FARCi dagokionez?

Aurrekoak alde bakarrekoak izan ziren edo ez ziren bete, eta horrek gatazka areagotzea eta biktimak are gehiago estigmatizatzea eragin zuen. Baita droga uztak areagotzea ere, bai koka landarearena, baita marihuanarena edota mitxoletarena ere. FARCekin adostutako akordioaren arabera, 100.000 koka ekoizle handienak gobernuaren bakerako politika publikoetan sartzea zen helburua, baina horietatik soilik 300 sartu dira horietan. Gainontzekoekin Petroren gobernua ari da lanean, duela zortzi urte adostutakoa bete ahal izateko. Bien bitartean, ordea, droga trafikatzaileen belaunaldi berriek hirietako auzoetara eraman dute koka merkatua, eta horiek okupatu dituzte, eta, ondorioz, gobernuak horiekin ere elkarrizketak hasi ditu, bake prozesura batu daitezen.

Garai batean nekazaritza eremuetan zegoen gatazka, beraz, hirietara zabaldu da.

Bai, kontuan izan behar dugu gatazkak zazpi milioi barne desplazatu eragin zituela, eta horrek eragina izan du hirietan, desplazatu horietako askok nekazaritza eremuetatik hirietara ihes egin zutelako. Horrek guztiak arazo larriak sortzen ditu, bazterketa areagotzen duelako, gazte asko lanik gabe daudelako, babesgabetasuna handitzen delako eta gatazkak sortzen dituelako hirietan, eta gatazka horiek espetxeetatik zuzentzen dituzte.

Espetxeetatik?

Bai. Inpaktu handiko estrukturak deitzen dira horiek; ez dira matxinoak, ez da gauza bera. Inpaktu handiko estruktura horiek lotura zuzena dute gaizkile taldeekin.

Akordioaren beste puntu garrantzitsu bat izan zen sinatzaileen segurtasuna bermatzearena, eta hor ere hutsune handiak daude.

Aldaketaren gobernuan gaude orain, eta aurrez akordio osteko zortzi urte izan ditugu, baina ez dugu ahaztu behar horren aurretik 70 urte iraun duen gatazka bat izan dugula, eta tarte horretan lur asko geratu dira esku gutxi batzuetan, milaka lagunek beren etxeak utzi behar izan dituzte eta jende asko urrundu egin da politikatik, seinalatuko dituzten beldur. Kontuan izan behar dugu, gainera, akordioak itxi zirenean 13.000 lagunek sinatu zituztela, eta horietatik 12.000 gizarteratzeko prozesuan sartu ziren. Akordioek ere jasotzen zuten segurtasun azpiegitura bat sortu behar zela parte hartze politikoa bermatuko zuena. Baina sistemak huts egin du, eta 420 sinatzaile hil dituzte. Zer ondorio ditu horrek? Herritarrek konfiantza galdu dutela akordioari begira.

«Bazterketa eta gatazka bultzatu zituzten instituzio horiek berak ziren bake akordioa inplementatzeko arduradunak, tartean inolako trantsiziorik egin gabe»

Zerk huts egin du?

Uste dut ez dela gainditu sinatzaileen estigmatizazioa. Badugu justizia trantsizionala, baina gizartearen zati handi bati kosta egin zaio haren helburua ulertzea. Izan ere, ez gara ohiko justiziaz ari, ez gara ari zenbat kartzela urte jasoko dituzten esaten; erreparazioaz ari gara. Sinatzaileak gatazka urteetan gertatu zenaz hitz egiten ari dira Bakerako Jurisdikzio Berezian, eta horrek aukera ematen du egia jakiteko. Baina, estigma desagertu ez denez, sinatzaileetako asko hil egin dituzte disidentziek. Horrez gain, gizarteari kosta egin zaio trantsizio prozesua ulertzea. Ez dugu ahaztu behar galdu egin genuela bakerako erreferenduma, baita haren jarraian egin ziren hauteskundeak ere.

Hemen bada elementu bat oso garrantzitsua: badela ahaztera bultzatzen duen kultur industria bat. Nola gainditu industria hori, eta argi esan zortzi urtera Kolonbiak ez duela lortu parte hartze eta elkarrizketa politikorako jauzia egitea? Hori egin ezean, bazterketa eta hilketa gehiago izango ditugu.

Kolonbia prest zegoen akordio haietarako?

Akordio hauek ez dira paper hutsa. Azpiegitura handia behar dute; Kolonbiako adibidea aztertzen ari dira toki askotan, besteak beste Afrikako hainbat estatutan, itxaropen argiz ikusten dutelako, eta itxaropen hori bera helarazi nahiko nuke nik elkarrizketa honetan. Garai hartan ahalegin handia egin zuen nazioarteak, batez ere Venezuelak, Norvegiak eta Kubak, haiek baitziren herrialde bermatzaileak. Haiek lortu zuten prozesu honek aurrera egitea, nahiz eta orain haietako bi, Venezuela eta Kuba, AEBen jomugan egon. Baina huts bat egin zen: ez zen parte-hartze prozesu politikorik egin benetako boterea zutenekin. Egia da haiek joan zirela Kubara: han izan ziren enpresari ugari, biktimak, nazioarteko erakundeak, eragileak... baina ez zen inbertsiorik egin komunikabide handiek pedagogia egin zezaten. Elkarrizketak oso itxiak izan ziren, eta ez genituen gure esku genituen komunikabideak baliatu haiek zabaltzeko, herritarrei helarazteko. Batzuek hala nahiago zuten, baina nik bestela ikusten nuen: herrialdeak informatuta egon behar zuela uste nuen.

Instituzioek ere izango zuten ardurarik, ala?

Ordu hartan halaxe esan ziguten: ez da akordiorik egongo dena adostuta dagoen arte. Eta, hala, akordio hura martxan jartzeko erantzukizuna eman ziguten, baina aurreko akordioak urratu zituzten instituzio berak genituen. Bazterketa eta gatazka bultzatu zituzten instituzio horiek berak ziren bake akordioa inplementatzeko arduradunak, tartean inolako trantsiziorik egin gabe. Gure esku utzi zuten instituzioak aldatzea 2017tik 2031ra arteko epean.

Erronka izugarria da hori, ez baita soilik azpiegiturak eraikitzeko dirua lortze hutsa; politikak eta filosofia aldatu behar dira, ulertarazi behar da bakea betebehar bat eta eskubide bat dela, ez pribilegio bat. Ez da eskuinaren edo ezkerraren eskumen bat, obligazio demokratiko bat baizik, bortxatuak izan gabe bizi ahal izan gaitezen, gosez egon gabe, gizakiaren oinarrizko eskubide bat dena bermatuz. Horregatik uste dut gure hutsegitea izan zela akordio bikain bat egitea, hura inplementatu behar zuten instituzioak ukitu gabe.

Horrek guztiak Petroren aurkako presioa handitu du

Bai, arazo nagusi bat du Petrok: talde izugarri bat du gatazka gertutik ezagutzen duena eta kaletik datorrena, baina botere ekonomiko eta politikoak ez du harekin ezer jakin nahi, eta Petro boteretik kendu nahi du. Hori esatea ez da soilik presidentetzatik kentzeko esatea: bada bake akordioak baztertzea ere. Hori guztia Israeli ezetz esan diolako, klima larrialdiaz ohartarazi duelako eta elkartasuna beharrezkotzat jotzen duelako elkarbizitzarako.

Arazoa da Kongresuak oztopatu egiten dituela presidenteak bultzatu nahi dituen erreforma politikoak, osasunari dagozkionak, hezkuntzarekin lotutakoak, nekazaritza erreformari lotutakoak eta bake akordioetako lehen puntua betearazteko modua emango luketenak. Datu bat emango dizut: Petroren agintaldian 1,5 milioi hektarea erosi behar ditugu nekazaritza erreforma bultzatzeko, baina soilik 300.000 erosi ditugu, eta bi urte bakarrik geratzen zaizkigu. Honek tentsio handia egiten du; izan ere, desjabetzeen eta umiliazioaren bidez komunitateak kontrolpean hartu dituztenak ez daude prest lur horiek birbanatzeko, eta hori da, hain zuzen ere, bake akordioak jasotzen duena, lurren eta aberastasunen banaketa. Ezin dugu kontrol ekonomiko, politiko eta intelektuala duten elite boteretsuak sortzen jarraitu.

Zuk maiz kritikatu duzu Bakerako Jurisdikzio Berezia. Zergatik?

JEPen arazoa da FARCekin hitzartutako akordioetara mugatuta dagoela. Oraindik hiru urteko ibilbidea geratzen zaio, baina badu bizitza luzatzeko aukerarik, eta mahai gainean dago hura akordio berrietara lotzea ere. Bestalde, sei urteren ostean, erronka handiak ditu oraindik betetzeko: haren ebazpenek biktimen erreparazio beharra ase behar dute, eta, aldi berean, zigorrak ez diren neurriak bultzatu behar ditu. Horrez gain, denborak ere laburtu behar ditu, eta justizia azkartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.