Gerra Hotza ofizialki amaitu zenetik 32 urte igaro diren arren, arma nuklearrek sekulako garrantzia dute oraindik ere estatuen defentsa politiketan; eta berriz ere dute gaurkotasuna, joan den astean Errusiak bertan behera utzi baitzuen Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunaren berrestea, argudiatuta AEB Ameriketako Estatu Batuen egoera berean egon nahi duela. FAS Zientzialari Amerikarren Federazioak Status of World Nuclear Force txostenean zehazten duenez, urte hasieran 12.500 buru nuklear zeuden, bederatzi herrialdetan banatuta. FASen esanetan, inbentarioaren %89 Errusiaren eta AEBen esku dago; gutxi gorabehera, 5.889 eta 5.244 bonba, hurrenez hurren. Erakunde horrek azaldu du AEBak beren armategi nuklearra txikitzen ari direla. Aldiz, uste du Txina, Erresuma Batua, India, Pakistan, Ipar Korea eta, beharbada, Errusia handitzen ari direla haiena. Frantziaren eta Israelen kasuan, inbentario «nahiko egonkorrak dituzte».
Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Fisika saileko irakasle erretiratu eta Centre Delas d'Estudis per la Pauko kide da Xavier Bohigas (Bartzelona, 1953). Haren esanetan, AEBek eta Errusiak dituzten «armategi erraldoiak» dira «kezkagarriena». FASek azaldu du AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak eta Frantziak «hedatuta» dauden bonbak dituztela; hau da, erabiltzeko prest dauden arma nuklearrak. Beste herrialdeen kasuan, Bohigasek esan du «prozesu luze bat beharko» luketela eskura dituztenak erabiltzeko. «Oso kezkagarria» den beste gauza bat ere bada: AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak eta Frantziak hedatuta dituzten arma nuklearretatik 2.000 alerta gorenean daudela, eta minutu gutxian erabil ditzaketela.
Gaur-gaurkoz, AEBak, Errusia eta Txina dira munduko hiru potentzia militar nagusiak, eta hirurek hiruko nuklearra dute. Hau da, hiru bide dituzte etsai baten erasoaren aurka arma nuklearrak jaurtitzeko: bonba droneak, lurreko misilak eta urpekariak. Oro har, arma nuklearrak dituzten estatuek horien erabilpenari buruzko doktrina bat dute, eta publikoa edo sekretua izan daiteke. Herrialde baten doktrina nuklearra bere etsai posibleei ohartarazteko testu gisa interpretatu behar da, Bohigasek azaldu duenez.
AEBen, Errusiaren eta Txinaren kasuan, doktrina horien azken bertsioak ezagunak dira; Centre Delas d'Estudis per la Pauko kidearen esanetan, hiru kasuetan herrialdeen defentsa sistemaren «funtseko zutabeak» dira arma nuklearrak.
NPR-ren lau bertsioak
Iaz, AEBetako presidente Joe Bidenen gobernuak bere NPR Jarrera Nuklearraren Berrikuspena argitaratu zuen —besteak beste, arma nuklearren rola eta helburuak zehazten ditu—. Horren aurretik, beste lau argitaratu ditu Etxe Zuriak: lehena 1994an, Bill Clinton estatuburu zela; bigarrena 2002an, George W. Bushen presidentetzan; hirugarrena 2010ean, Barack Obamaren lehen legealdian; eta laugarrena 2018an, Donald Trumpen presidente zenean. NTI Nuclear Threat Initiative irabazi asmorik gabeko erakundearen esanetan, dokumentu bakoitzak gobernu berriaren iritziak eta aurrean dituen inguruabar geopolitikoak islatzen ditu.
Bidenen txostenak zehazten duenez, arma nuklearren funtzio nagusia da AEBen, bere aliatuen eta herrialde lagunen aurkako eraso nuklear bat saihestea. Etxe Zuriak soilik «muturreko egoeretan» hartuko luke kontuan arma nuklearrak erabiltzea, bere edo aliatuen eta herrialde lagunen «hil edo biziko interesak defendatzeko». Bestetik, NPRk zehazten duenez, AEBek ez diete «arma nuklearrekin eraso egingo» lehergailu nuklearrik ez duten eta NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Hitzarmenaren parte diren estatuei, edo ez dituzte «horien erabilerarekin mehatxatuko».
Besteen herrialdeez aritzean —Txinari, Ipar Koreari eta Errusiari erreferentzia eginez bereziki—, dokumentu horretan jasotzen denez, «arrisku sorta estu bat dago oraindik ere, eta, ondorioz, AEBetako arma nuklearrek herrialdearen edo haren aliatu eta lagunen aurka eragin estrategikoa duten erasoen disuasioan paper bat betetzen jarrai dezakete». Bohigasek zera kritikatzen du testu horretaz: «Anbiguoa da, batez ere aipatzen duenean arma nuklearrak noiz erabil ditzaketen».
AEBen dokumentuak arma nuklearrak erabiltzeko «listoia oso altua» dela ere jaso dute, baina albo batera uzten ditu erabiltzen lehena ez politika —arma nuklearrak erabiltzen lehena ez izatea— eta 2020ko hauteskunde kanpainan aginduriko asmo bakarreko politika —arma nuklearren helburu bakarra disuasioa izatea— albo batera uzten dira. Hori dela eta, Bohigasen ustetan, «oso kezkagarria» da Bidenen gobernuaren txostena; haren iritziz, bi politika horiek «onartezinak» dira. «Horrek zera esan nahi du, disuasio helburuetarako ez ezik, kontsideratzen dutela beste helburu batzuetarako ere erabil ditzaketela arma nuklearrak. Eta ez dutela baztertzen erabiltzen lehenak izatea».
2020ko ekainean, Errusiako presidente Vladimir Putinek Errusiar Federazioaren disuasio nuklearrari buruzko estatu politikaren oinarrizko printzipioak agindu exekutiboa sinatu zuen. Dokumentu horretan doktrina nuklearraren azken eguneratzea jasotzen da, eta indarrean dago gaur egun. Bohigasen esanetan, Kremlina, kasu horretan, Etxe Zuria baino «askoz ere argiagoa» da. Testuaren bosgarren artikuluan zehazten dutenez, «Errusiar Federazioak disuasiorako bitartekotzat hartzen ditu esklusiboki arma nuklearrak, horien erabilera muturreko eta nahitaezko neurri bat izanik».
Moskuk arma nuklearrak jaurtitzeko bete behar diren baldintzak hemeretzi artikulutan zehazten ditu. Lau dira baldintzak: Errusia edota haren aliatuen lurraldeari eraso egitea helburu duten misil balistikoen jaurtiketari buruzko «datu fidagarriak» izatea; etsai batek arma nuklearrak edo suntsipen handiko bestelako armak erabiltzea Errusiaren edota haren aliatuen aurka; etsai batek «Errusiako Gobernuren edo armadaren instalazio kritikoei» erasotzea; eta Errusiaren aurkako eraso bat egotea, arma konbentzionalak erabiliaz, estatuaren existentzia bera arriskuan dagoenean.
Txinaren kasuan, Defentsa Nazionalaren Ministerioaren Defentsa Politikan zehaztu dutenez, Pekin «beti konprometituta dago arma nuklearrak erabiltzen lehena ez izatearen politikekin, zirkunstantziak eta unea edozein» direla ere. Bestetik, herrialdea «baldintzarik gabe konprometituta dago» arma nuklearrik ez duten estatuen edo arma nuklearrik gabeko guneen aurka arma nuklearrak ez erabiltzearekin, edo estatu horiek ez mehatxatzearekin. Dokumentuan diotenez, arma nuklearren funtzioa «beste herrialde batzuei Txinaren aurka arma nuklearrak erabiltzeko asmoa kentzea» da.
Hiru potentzia horien doktrina nuklearrak laburbilduz, Bohigasen ustetan, ideia hauek nabarmendu behar dira: Errusiaren eta Txinaren doktrina nuklearrek erabiltzen lehena ez politikaren aldeko apustua egiten dutela, baina AEBek, aldiz, politika hori «onartezina dela» esaten dutela.
Hitzarmenen egoera
Indarrean dagoen hitzarmen bakarra START Berria deiturikoa da. 2010eko apirilaren 8an sinatu zuten, une hartan AEBetako presidente zen Barack Obamak eta Errusiako estatuburu zen Dmitri Medvedevek. START Berriak arma nuklearrak gutxitzea du helburu, eta era bereko beste hitzarmen batzuen oinordekoa da.
Joan den otsailaren 23an, ordea, Errusiak bere parte hartzea eten zuen, baina adierazi zuen ez zela akordiotik irtengo, eta hitzarturiko konpromisoak betetzen segituko zuela. Bohigasen esanetan, hitzarmen horrek, arma nuklearrak mugatzeaz gain, alderdi oso garrantzitsu bat zuen: elkar ikuskatzeko bidea ematen zuen, hau da, errusiarrak AEBetara joaten ziren kontrol lanak egitera, eta alderantziz ere bai.
«Hori oso interesgarria zen, alderdien artean konfiantzazko giroa sortzen baitzuen», azaldu du irakasle erretiratuak. Orain, ordea, Moskuk ez ditu baimentzen hitzarmenak derrigortzen dituen ikuskatzeak: «Horrek hautsi egiten du ezarri zitekeen konfiantza harremana, eta hori problematikoa da».
Arma nuklear kopuruak kontrolatzeko itun multzotik kanpo aurkitzen ziren Gerra Hotzeko bi hitzarmen, eta horiek XXI. mendean geratu dira bertan behera. Lehena ABM Misil Balistikoen Kontrako Ituna zen, eta AEBak atera ziren horretatik, 2002ko ekainaren 13an; ituna 1972koa da, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak ere sinatu zuen. Defentsa sistemak mugatzea zuen helburu. «Bush erretiratu zen, aukera bat izan nahi zuelako: misilen aurkako ezkutua bezala ezagutu den misilen aurkako sistemaren Europako zatia garatzea», azaldu du Bohigasek.
Zertan datza misilen aurkako sistemaren Europako zati hori? Defentsa mekanismo horrek hainbat radar eta suziri jaurtitzaile ditu, eta bere helburua misil balistikoak gelditzea da. Suziriak, besteak beste, Cadizen (Espainia) dagoen Rotako portuko AEBen itsasontzi suntsitzaileetatik jaurti daitezke.
Irakasle erretiratuaren esanetan, horrek Rotako basea Errusiaren «helburu militar» bilakatzen du. Hain justu, misilen aurkako sistemaren Europako zatiak Errusiaren protesta eragin zuen, eta, 2018ko martxoaren 1ean, AEBen erabakiarekiko erantzun gisa, Putinek adierazi zuen misilen aurkako defentsa gainditzeko arma berrien garapenean murgilduta zegoela Errusia.
Gerra Hotz garaiko beste ituna INF Irismen Ertaineko Indar Nuklearrei buruzko Hitzarmena da, eta, horren kasuan ere, AEBak atera ziren, 2018ko urriaren 20an —Trump zen presidentea—. Errusiari zehaztutakoa ez betetzea leporatu zioten, eta 2019ko otsailaren 1ean eten zuten formalki parte hartzea. Mosku, berriz, hurrengo egunean irten zen, Washingtonen erabakiarekiko erantzun gisa. Hitzarmen hori 1987an sinatu zuten AEBek eta SESBek, eta irismen labur eta ertaineko misilak debekatu zituen —500 eta 5.500 kilometro arteko irismenekoak—.
Lehenago, 1977an, SESBek Alemaniako Errepublika Demokratikoan eta Txekoslovakian irismen laburreko eta ertaineko misilak hedatu zituen, eta AEBek Europa mendebaldean ere jarri zituzten. Bohigasen esanetan, zera «oso garrantzitsua» da: «Europa SESBen eta AEBen arteko ez-kontinente arteko gerra nuklear baten zentroan baitzegoen». Hau da, misil horien bitartez Mosku eta Washington Europan lehiatu zitezkeen arma nuklearrak erabiliz, eta bi herrialdeen suntsiketa eragin gabe.
Egun, AEBek arma nuklearrak dituzte oraindik ere Europan; FASen arabera, ehun inguru dira, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Europan dituen zenbait basetan leudeke. AEBek esana dute arma nuklear horiek modernizatzeko lanetan ari direla —gerra baten kasuan NATOren eskuetan egongo lirateke—.
Bestetik, Errusiak aurten jakinarazi du Ukrainako gerraren harira Bielorrusiara arma nuklearrak mugitu dituela. Ofizialki, behintzat, SESB desegin zenetik lehen aldia da Errusiak Europan bere mugetatik kanpo arma nuklearrak kokatzen dituena.