Ondorio batera heldu da SIPRI Bakearen Ikerketarako Stockholmgo Nazioarteko Institutua: harreman geopolitikoak «hondatu» ahala, arma nuklearren rola indartzen ari da. Hori jaso du arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek azaltzen duten joerari buruzko urteroko txostenean. Gaur kaleratu du, eta institutuaren zuzendari Dan Smithek hau adierazi du horretan: «Ematen du joera horri eutsiko zaiola, eta, ziurrenik, azkartu egingo dela. Beraz, oso kezkagarria da».
Datuei erreparatuta, buru nuklearrak gutxitzen ari dira, Gerra Hotzeko armak pixkanaka eraisten dituzten neurrian. «Baina, zoritxarrez, ikusten ari gara urtez urte handitzen ari dela erabilgarri dauden buruen kopurua», azpimarratu du Smithek. Eta horren harira, ohartarazpen bat egin du Wilfred Wanek, SIPRIren Suntsipen Handiko Armen Programako zuzendariak: «Gerra Hotzaz geroztik, arma nuklearrek inoiz ez dute jokatu rol hain garrantzitsua».
SIPRIk argitaratutako datuen arabera, Txina da bere armategi nuklearra «era azkarrenean» handitu duen bakarra. 410 buru nuklear zituen iaz, eta bostehun aurten. «Baina arma nuklearrak dituzten estatu guztiek dituzte planak beren gaitasuna nuklearra areagotzeko», azpimarratu du Suntsipen Handiko Armen Programako ikerlari Hans M. Kristensenek, txostenean.
Aintzat hartu behar da, nolanahi ere, arma nuklearren %89 AEBen eta Errusiaren esku daudela: 5.044 eta 5.580 buru, hurrenez hurrenez, SIPRIren kalkuluen arabera. Hori bai, txostenean nabarmendu dute Ukrainako inbasioaz geroztik, 2022ko otsailetik, bi herrialdeek «gutxitu» egin dutela daukaten gaitasun nuklearrari buruz ematen dute informazioaren «gardentasuna». Izan ere, 2023ko otsailean, Errusiak behin-behinean eten zuen START Berria akordioa, arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin sinatua duen itun bakarra. Washingtonek buru nuklearrei buruzko datuak plazaratu zituen iazko lehen seihilekoan; baina orduz geroztik ez du horien berri eman. Erresuma Batua (225), Frantzia (290), India (172), Pakistan (170), Ipar Korea (50) eta Israel (90) dira buru nuklearrak dituzten beste estatuak, Bakearen Ikerketarako Stockholmgo Nazioarteko Institutuak dioenez.
2022ko ituna gogoan
Otsail amaieran, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen «zibilizazioa birrintzeko» gaitasuna duten arma nuklearrak dituztela. Mehatxu hori aipatu du SIPRIk txostenean. Urrutira joan gabe, Errusiak ariketa nuklear bateratuak egin zituen joan den astea Bielorrusiarekin, Bielorrusian bertan. Dena den, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere gisa horretako ariketak egin ohi ditu; askotan, Errusiako mugatik gertu.
Eta horiek horrela, Wanek adierazi du gezurra dirudiela pentsatzea bost potentzia nuklear nagusiek ohar bateratu bat sinatu zutela 2022ko urtarrilean, eta azpimarratu du gerra nuklear bat ezin dela «irabazi» eta «inoiz» ez litzatekeela gertatu beharko. Gauzak aldatu egin dira, ordea, azkeneko bi urteetan; besteak beste, Ukraina inbaditu zuen Errusiak, eta iazko urrian Gazako setioa hasi zuen Israelek —iazko azaroan, Ondare ministro Amihai Eliyahuk esan zuen «aukera bat» dela Gazan bonbat nuklear bat botatzea—.
Egoera hori izanik, SIPRIren ustez, «segurtasuna globala» geroz eta mehatxu handiagoa nozitzen ari da. «Historiako aldi arriskutsuenetako batean gaude. Ezegonkortasun iturri ugari daude. Potentziek pauso bat eman behar dute atzera, hausnartu dezaten», abisua eman du Smithek, institutuaren zuzendariak.