Elisenda Casanas Adam
Centre of Constitutional Change erakundeko zuzendaria

Argitasuna

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Eskoziako 2014ko independentzia erreferenduma negoziazioaren eta elkarrizketaren adibide izan zen sistema plurinazional baten barruan: Eskoziako hauteskundeetan SNPk lortutako garaipen nabarmena aitortuta, eskumena transferitu zen bozketa egiteko, eta bi aldeak konprometitu ziren erabakia onartu eta denbora bat igarotzen uzteko beste erreferendum bat eskatu aurretik. Deliberazio adibide eredugarria izan zen, eta, hasieran espero zena baino estuago izan arren, ezezkoak argi irabazi zuen. Baina zalantza geratu zen Eskoziako Parlamentuak ahalmenik ba ote zuen aldebakarreko erreferendum bat antolatzeko; ziurgabetasun horrek jokoa eman zuen Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuen artean, Auzitegi Gorenaren 2022ko erabakira arte.

Brexit-ak dinamika aldatu zuen: Europa hain gai zentrala izan zen 2014ko eztabaidan, brexit-ak Eskoziako Gobernuari argudio bat eman baitzion beste bozketa bat eskatzeko, azalduta baldintzak nabarmen aldatu zirela eta Eskozia Europako Batasunetik irtetera behartu zutela, gogoz kontra. Horrek berriro eztabaida bat zabaldu zuen bigarren erreferendum bat egiteko jarraitu beharreko prozesuaz; Eskoziako Gobernuak berriro eskatu zituen eskumenak, prozesua 2014koa bezalakoa zela bermatzeko, argudiatuta Eskoziako Parlamentuak erreferenduma antolatzeko eskumena zuela, baina prozesu argi bat izatea nahi zuela, berme juridiko eta guzti. Ildo horretan, nabarmentzekoa da 2014an bi aldeek akordio bat lortu zutela erreferenduma egiteko, eragotzi nahi baitzuten gaia auzitegietan ebaztea. Onartu zuten sakonean auzi politiko bat zela eta prozesu politiko baten bitartez konpondu beharra zegoela. Baina, bigarren erreferendum bati dagokionez, Erresuma Batuko Gobernuak esan zuen auzi hori itxitzat jotzen zuela. Interesgarria da juridikoki ezin zuela esan beste erreferendum bat egitea konstituzionalki posible ez zenik, 2014ko aurrekaria hor zegoelako, baina ezein momentutan ez zuen argitu noiz egin daitekeen beste bozketa bat, edo zer baldintza bete behar diren beste erreferendum bat egitea onar dezaten. Eskoziako Gobernuak erabaki zuen eskura zuen legeriarekin aurrera egitea, eta haren aholkularitza juridikoak Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera jo zuen honako galdera hau egiteko: Eskoziako Parlamentuak eskumenik ba ote zuen Eskoziaren independentziari buruzko aldebakartasunez erreferendum ez-lotesle bat antolatzeko.

Aurkeztutako auziari erantzunez, Auzitegi Gorenak gauza bakarra esan zuen: Eskoziako Parlamentuak ezin duela alde bakarrez erreferendum bat arautu. Halere, esandakoa ez da bete beharrekoa eta ez du ondorio juridikorik. Beste auzitegi goren edo konstituzional batzuek ez bezala, ez zuen argitu Eskoziako Gobernuak zer prozesu bete behar duen erreferendum bat egin ahal izateko, Erresuma Batuko Gobernuak negoziatzeko betebeharrik ote zuen —Quebecen ebazpenaren ildotik, adibidez—. Westminsterreko parlamentuaren eskumena dela, hori baino ez zuen esan. Auzitegiak ondorio horretara iristeko erabili zituen argudioak arazo batzuk sortzen ditu.

Auzitegiak esan zuen erreferenduma bete beharrekoa izan ez arren, bozketak Eskoziako hautesleen borondate demokratikoaren adierazpenak duen autoritatea izango lukeela, eta horrek, Erresuma Batukoa bezalako sistema konstituzional demokratiko batean, eragin politiko garrantzitsuak izango lituzkeela, eta indartu edo ahuldu egingo lukeela batasunaren legitimitate demokratikoa. Baina, aldi berean, pentsatzekoa da esanahi konstituzional bat esleitu beharko liekeela SNPk hauteskunde ugaritan lortutako garaipenei, horiek ere hautesleria horren beraren borondate demokratikoaren adierazpen argiak direnez gero. Ondorioz, bigarren erreferendum bat egiteko prozesuari buruzko gogoeta batzuk egin behar zituzkeen, arlo horretan parlamentuari eta, praktikan, gobernu britainiarrari ahal osoa eman ez ziezaion.

«Beste auzitegi goren edo konstituzional batzuek ez bezala, [Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak] ez zuen argitu Eskoziako Gobernuak zer prozesu bete behar duen erreferendum bat egin ahal izateko, Erresuma Batuko Gobernuak negoziatzeko betebeharrik ote zuen»

Eskoziako bigarren independentzia erreferendum baten inguruan dagoen argitasun faltak kontrastea egiten du Ipar Irlandako egoerarekin. Ostiral Santuko Akordioaren arabera, estatu idazkariak «1. ataleko ahala erabiliko du momenturen batean iruditzen bazaio boto emaileen gehiengoak borondatea adieraziko lukeela Ipar Irlandak Erresuma Batuaren parte izateari uzteko eta Irlanda batuaren parte izateko». Balizko erreferendum baten ondoren, ezingo da besterik egin zazpi urteko epean. Ipar Irlandak egoera konplexua du, Eskoziarekiko aldeak nabarmenak dira, baina erreferendum bat egitearen ikuspegitik, badirudi adibide argi bat dagoela sistema britainiarraren barruan.

EBren mekanismoak

Autodeterminazio erreferendumak egiteko prozesuen edo burujabetza gatazken konponbiderako baldintzen inguruko argitasun falta ez da soilik Eskoziako kasuan gertatzen, estatu plurinazional askotan baizik. Aurtengo urtarrilean dokumentu bat aurkeztu genuen Europako Parlamentuan —EB barruan autodeterminazio eskubidea demokratikoki gauzatzen den kasuetan, Europako herritartasunari lotuta naziotasunagatiko diskriminaziorik eza bermatzeko tresna—. Haren helburua da arautzea Europako Batasunak estatuen barne prozesu bati eman diezaiokeen erantzuna edo balizko esku hartzea. Baina, aldi berean, horien garapenerako berme eta argitasun marko bat gaineratzen du. Marko horrek Eskoziako prozesurako gida gisa balio lezake, Eskoziako mugimendu independentistaren parte batek Europako Batasunean berriro sartzea duelako helburu gisa. Bestalde, Katalunian Argitasun akordio bati buruzko txostena taxutzeko prozesua, zeinetan parte hartu dudan, beste eredu bat izan liteke, balio lezakeena Eskoziako bigarren erreferendum bat egiteari begira jarraitu beharreko baldintzen eta prozesuaren inguruan akordio bat errazteko. Abiapuntu gisa, bi tresnek nabarmentzen dute estatu liberal-demokratikoetan, eta EBren printzipioekin bat, gatazka horiek elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpondu behar direla, aldeen arteko akordioak bilatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.