Argi irabazi die erronka

Jeremy Corbyn hautatu dute berriz ere Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buru, botoen %62rekin. Arerioei batasunerako deia egin die: «Handiagoa da elkartzen gaituena, banatzen gaituena baino»

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagitzat berretsi ondoren, atzo, Liverpoolen. JOEL GOODMAN / EFE.
mikel rodriguez
2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabeko garaipena. Jeremy Corbynek alde argiarekin irabazi ditu Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren barne hauteskundeak, urtebeteko epean bigarrenez, eta gehiago sendotu du lidergoa. Alderdiko elitea osatzen duten parlamentuko diputatuek, buruzagi ohiek eta bertzelako eragin handiko pertsonaiek estu hartu zuten Corbyn ekainean, brexit-ak erreferendumean irabazi ondoren. Barne hauteskundeak aitzinatzeko behar adinako babesa lortu zuten, baina ez liderra kanporatzeko bezain bertzekoa. Hala ere, garaipena jakin ondoren Corbynek batasunerako deia nabarmendu nahi izan du, Tony Blair lehen ministro ohiak eta haren inguruko bertze zenbait pertsonaiak azken egunotan egin dituzten adierazpenek erakutsi baitute Corbynek oraindik arerio handiak izanen dituela etxean. «Handiagoa da elkartzen gaituena, banatzen gaituena baino. Garbitu dezagun arbelean idatzitakoa, eta ekin diezaiogun alderdi gisa egiteko daukagun lanari».

Alderdi Laboristako 600.000 kidek baino gehiagok zuten botorako eskubidea. Hori baliatu dutenen %62k egin dute Corbynen alde, eta %38k, berriz, Owen Smith parlamentari galestarraren alde. Botoa eman dutenen sektore guztietan argi gailendu da Corbyn: alderdiko militanteen artean %59k egin dute haren alde, botoa emateko izena eman duten jarraitzaile laboristen artean %70ek, eta alderdiari lotutako erakundeetako kideen artean %60k —sindikatuak daude talde horien artean—. Iazko irailean botoen %59rekin irabazi zien Corbynek bertze hiru hautagairi; eskubidea zutenen %70ek eman zuten botoa, eta orain, berriz, zazpi puntu handitu da parte hartzea. Smithek onartu du Corbynen garaipena «argia» izan dela, eta «jende anitz mobilizatzeko gaitasuna» izan duela goraipatu du. Baina, Smithen ustez, barne hauteskundeek erakutsi dute alderdia «banatuta» dagoela, eta erran du Corbynen egitekoa «desadostasunak konpontzea» izanen dela orain.

Azken urtebetean laboristen buruzagiak alderdi barreneko oposizio handienetakoa izan du Westminsterko diputatuen artean. Brexit-aren erreferendumaren ondoren, 209 parlamentaritatik 172k babestu zuten Corbynen aurkako konfiantza mozioa. «Alderdian batasun sentimendua nagusituko dela ikusiko duzue», erran dio Corbynek BBCri. Buruzagiak adierazi du aurka zituen «parlamentari anitzek» mezuak bidali dizkiotela, aurrerantzean haren lidergoa babestuko dutela errateko. Batasunarekin batera, bertze bi helburu aipatu ditu Corbynek: alderdian barne erreformak egitea «demokrazia» azkartzeko —zuzendaritza hautatzeko barne hauteskundeak egitea proposatuko du—, eta Alderdi Kontserbadoreari oposizio «sinesgarri bat» egitea.

Laborismoaren kide historikoa da Corbyn. Beti alderdiaren ezkerrean kokatu da, eta ezein parlamentarik baino gehiagotan bozkatu du norbere alderdiaren ekinbideen aurka. Ezaguna izan bada ere haren eragina bazterrekotzat hartzen. 2014an, Ed Milibandek Alderdi Laboristako buruzagia hautatzeko prozedura aldatu zuen: ordura arte, hautetsiek botoen herena zuten, eta sindikatuek eta militanteek, bertze heren bana; Milibandek «pertsona bat, boto bat» sistema ezarri zuen, eta militanteak ez diren herritarrei ere parte hartzeko aukera eman zien. Alderdia politika liberal eta eskuindarretatik sozialdemokraziara bueltarazteko mezuarekin aurkeztu zen Corbyn iaz, eta oinarrian lortutako mobilizazioari esker nabarmen irabazi zuen.

Blairren kritikak

Brexit-aren ondoren, baina, arerioek Corbyni leporatu zioten Erresuma Batua Europako Batasunean gelditzearen aldeko kanpainan behar bertzeko ahalegina ez egitea, eta hura buruzagitzatik kentzeko ekinaldia hasi zuten. «Ez dute boterean egon nahi; boterean daudenek haien eskakizunei erantzutea nahi dute», adierazi zuen Blairrek duela bost egun, Corbyni eta haren jarraitzaileei buruz, AEBetan emandako elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.