IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak alerta maila gorena piztu zuen atzo. Hor biltzen diren datuek ikuspegi iluna marraztu dute mende amaierarako, eta gizakia egiten dute gertatzen ari denaren %90en erantzule. Hala, iragartzen dute orain arte eragin diren aldaketen ondorioak datozen mende eta milurtekoetan nabarituko direla: itsasoen azidotasun maila handituz joango da, eta mendietako glaziarrek izotza galtzen jarraituko dute. «Ondorioak okerragotuz joango dira tenperatura berotu ahala, eta zenbait galera ezin izango dira leheneratu», adierazi zuen Ed Hawkingsek, Readingeko Unibertsitateko (Ingalaterra) irakasle eta dokumentuaren egileetako batek.
Herrialdeek beren konpromisoak bete eta mende amaierarako karbono neutraltasuna lortuko balute ere, itsasoaren mailak 28 eta 55 zentimetro egingo luke gora; aldiz, Parisko Akordioak jaso bezala, tenperatura industria aurrekoekin alderatuta 1,5 gradu igotzen bada, itsasoak bi-hiru metro egingo du gora datozen 2.000 urteetan, eta hogei metroraino, berriz, tenperaturak bost gradu egiten badu gora. Egungo neurriekin, 2,7 graduko berotzea aurreikusten dute adituek 2100erako.
Atzera begiratuz gero, tenperaturak goranzko joera nabarmena izan du azken 2.000 urteetan; egungo klima duela 6.500 urtekoarekin parekatzen dute adituek, azken 100.000 urteko garairik beroena jotzen denarekin. Hala, industria aurreko garaiarekin alderatuta, egungo tenperatura 1,1 epelagoa da, eta igoera horretatik 1,07 gradu gizakiaren esku hartzeari egozten dizkiote. Gizakia jotzen dute prezipitazioetan izandako aldaketen eta itsasoaren gazitasuna handitu izanaren erantzule ere.
Berotegi efektua eragiten duten gasen kontzentrazioan ere igoera nabarmena izan dela ohartarazi dute adituek txostenean. 1750etik, %47 hazi dira karbono dioxido isuriak, eta %156 metanoarenak —azken horrek CO2ak baino berotze handiagoa eragiten du, nahiz eta hamar urteko bizia bakarrik duen—.
«Kirolez ariko bagina, esan ahalko genuke atmosferak dopina hartu duela; horrek esan nahi du lehen baino maizago ikusiko ditugula muturreko fenomenoak», azaldu zuen dokumentuaren aurkezpenean Petteri Taalasek, Munduko Meteorologia Erakundeko presidenteak. Datu esanguratsu bat ere nabarmendu zuen Taalasek: 1970etik, lurrazaleko tenperatura azken bi milurtekoetako 50 urteko beste edozein tartetan baino azkarrago igo da, eta berotzearen ondorioak «munduko txoko guztietan» nabari dira dagoeneko: «Gizakiak zuzeneko eragina du bai Greziako eta Ipar Amerika mendebaldeko suteetan, baita duela gutxi Txinan eta Alemanian ikusitako uholdeetan ere».
«Gaurko txostenak argi gorria piztu beharko luke. Indarrak elkarrekin banatzen baditugu saihestu ahal izango dugu klima hondamendia, baina, dokumentuak argi uzten duenez, ez dago denbora galtzeko tarterik, ez aitzakiarik. Dei egiten diet gobernuburu eta interesdun guztiei COP26a arrakastatsua izan dadin», nabarmendu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek.
Berehalako neurriak
Badira sei urte munduko goi agintari gehienek Parisko Akordioa sinatu zutela. Bertan adostu zuten zenbait neurri hartzea mende amaierarako tenperatura bi gradu baino gehiago igo ez zedin, eta ahalegin berezia egitea igoera ez zedin izan 1,5 gradu baino handiagoa. Azken txostenaren arabera, ordea, aurreikusitako bi testuinguruetatik bakar bat ere ez da beteko, baldin eta berehalako neurriak hartu eta karbono dioxido isuriak kolpetik murrizten ez badira. Zientzialariek uste dute egungo joerak mantentzen badira 1,5 graduko igoera 2040rako helduko dela beranduenez ere. Hori bera ohartarazi zuen IPCCk 2018ko txostenean, eta berretsi egin du gaurkoan. Gradu eta erdiko berotzeak ondorio larriak eragingo lituzke, eta, besteak beste, muturreko fenomenoak ugarituko, hala nola bero boladak, bat-bateko eurite handiak eta lehorteak.
Hala ere, adituek ez dute itxaropena galdu, eta nabarmendu dute klima larrialdiak okerrera egitea eragotz daitekeela, herrialdeek mende erdirako karbono neutraltasuna lortzen badute eta aurrez, 2030erako, isuriak nabarmen murrizten badituzte. Karbono neutraltasunera heltzeko estatuek ahalik eta gehien murriztu beharko lituzkete isuriak, teknologia garbia deritzona erabiliz. Neurri horiek hartzeak tenperaturaren gorakada moteldu, eta denborarekin irauli egingo luke; hala ere, beste zenbait joera gelditzeko, itsasoaren maila igotzea kasurako, mendeak edo agian milurtekoak beharko dira. Testuinguruaren larria ikusita, eta epe motzera begira, adituek aurreratu dute metano isuriak murrizteak lagunduko lukeela tenperaturaren gorakada murrizten.
IPCCren atzoko txostena datorren urria eta azaroa bitartean Glasgown (Eskozia) egingo den COP26 goi bilera baino lehen erakundeak argitaratuko dituen beste hainbaten atarikoa izan da. Mundu osoko adituen azken helburua zera da, goi agintariei presio egitea Parisko Akordioan onartutako konpromisoak bete eta gehiago har ditzaten.