Argentinarrek kirchnerismoa hautatu dute krisi ekonomikoa gainditzeko

Alberto Fernandez hautagai peronistak bigarren itzulia ez egiteko adina boto lortu ditu, eta Cristina Fernandez izango da presidenteorde. Peronistek «garai gogorrak» aurreikusten dituzte Argentinan

Alberto Fernandez, Buenos Airesen hauteskundeen ostean egin zuen agerraldian, herenegun. FABIAN MATTIAZZI / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Argentinan daukaten krisi ekonomiko larriak oposiziora kondenatu du Mauricio Macriren gobernua. Langabezia tasa %10 baino gehiago da, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin 51.300 milioi euroko mailegua sinatu zuen Macrik zorrei aurre egiteko, eta nazioarteko inbertitzaileek ez dute konfiantzarik Argentinan. Gero eta larriagoa da egoera. Alberto Fernandez hautagai peronistak bozen %45 behar zituen gutxienez bigarren itzulia ez egiteko, eta hautesleen %48k egin zuen haren alde. Emaitza horri esker izango da Fernandez Argentinako presidente berria; presidenteordea, berriz, Cristina Fernandez. Macrik ere uste baino emaitza hobeak eskuratu ditu (%40,4) baina ez boterean jarraitzeko nahikoa. Argentinan demokrazia berrezarri zenetik legegintzaldia errepikatuko ez duen lehen presidentea izango da.

«Merezi dugun Argentina osatuko dugu guztion artean». Emaitzak jakin ostean eginiko agerraldian, Fernandezek une oro izan zuen kontutan herrialdearen egoera eskasa: «garai gogorrak» datozela onartu, eta azpimarratu zuen lehentasuna zera dela, argentinarrek «behingoz sufritzeari uztea». Macriri ere elkarlanerako deia egin zion: «Espero dut utzi digunaren jakitun izango dela, eta lagunduko digula errautsetatik herrialdea berreraikitzen».

Cristina Fernandezek proposatu zuen Alberto Fernandez gobernuburu izateko. Presidenteorde berriak esfortzua eskertu zien krisia jasaten ari diren herritarrei, eta elkarlana eskatu: «Bozkatu gaituzten eta ez gaituzten argentinarren elkarlana eskatzen du egoerak». Gobernua utzi aurretik neurri batzuk abian jartzea proposatu zion Macriri, abenduaren 10era arte hura izango baita gobernuburu. Dena den, 2007 eta 2015 artean errepublikako presidente izan zen Cristina Fernandez ahul iritsi da hauteskundeetara, ustelkeria kasuak direla-eta epaitzen ari baitira. Oposizioak salatu du Alberto Fernandez presidente ohiaren «txotxongiloa» izango dela.

Mauricio Macrik onartu egin zuen porrota, eta peronistekin elkarlanean jarduteko prest azaldu zen, «trantsizio ordenatu bat egiteko». Aurkaria zoriondu, eta esan zuen azken lau urteetan «askatasuna eta demokrazia indartzea» lortu duela.

Macrik esku artean zuen egoera sozioekonomikoa larriagotu egin zen Alberto Fernandezek abuztuko primarioak irabazi zituenetik. Garaipen horrek pesoaren egonkortasunari eragin zion; izan ere, zorra saltzeko arazo larriak sortu zizkion Argentinari, eta aste gutxian zorra berritzeko tasa %78tik %10era jaitsi zen. Inbertitzaileek interesa galdu zuten Argentinaren zorrarekin. Herenegun ere Errepublikako Banku Zentralak zenbait neurri iragarri zituen pesoak baliorik ez galtzeko. Krisia kronikoa da Argentinan.

Alberto Fernandez Nestor Kirchner presidentearen kabineteburua zen 2003an. Orduan ere krisi gogor batean zegoen herrialdea; corralito-aren garaiak ziren. Hartatik ateratzeko egin zuten kudeaketa izan da peronistek 2019ko kanpainan erabili duten argudio nagusietako bat.

Keinuak nazioartera

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente ohia askatzeko eskatu zuen Alberto Fernandezek bere lehen agerraldi publikoan, haren urtebetetzea zela eta: «Gaur bidegabe preso dagoen Lularen urtebetetzea da. Lula libre!». Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak, berriz, esan zuen ez zituela peronistak zorionduko, eta argentinarrek «aukeraketa txarra» egin zutela. Presidente hautatu berriak Evo Morales Boliviako presidentea ere zoriondu zuen, lehengo astean bozak irabazi zituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.