Abokatua eta ekintzailea

Laura Taffetani: «Argentinan %50 pobreak dira, eta ez da ezer egiten hori aldatzeko»

Taffetaniren ustez, giza eskubideen urraketa «larria» gertatzen ari da Argentinan, eta herritarrek «naturalizatu» egin dute pobrezia eta errepresio egoera.

Laura Taffetani abokatua eta ekintzailea, aste honetan, Donostian. JON URBE / FOKU
Laura Taffetani abokatua eta ekintzailea, aste honetan, Donostian. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko apirilaren 1a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Abokatuen Gremioen Elkartean eta Bigarren Independentziaren Aldeko Deia plataforman aritzen da Laura Taffetani (Bahia Blanca, Argentina, 1963). Komunitatean egiten dute lan, familiak laguntzen, eta haurren giza eskubideen urraketari heltzen diote, batik bat. Euskal Herrian egon da, Askapenak gonbidatuta.

Zer egiten duzue Abokatuen Gremioen Elkartean? 

Abokatuen elkarte horretan, kausa politiko eta sozialen elkartasunean egiten dugu lan. Ez da zuzenean erakunde politiko bat; guk giza eskubideen alde egiten dugu, baina kasu bakoitza oso desberdina izaten da. Elkartean egoteko ez duzu zertan loturarik eduki antolaketa politiko batekin, baina kide ia guztiok erakunde politikoetatik gatoz, eta haietan aktiboki aritzen gara lanean. 

Inork pentsa lezake Poliziak kaleko gazte bat hiltzea ez dela auzi politikoa, baina Argentinan, Poliziak egunero hiltzen du gazte bat, eta hori estatu politika baten ondorioa da; beraz, auzi politiko bihurtzen da. Gure elkartean batez ere familiak laguntzen ditugu, zigor prozesuetan bidea errazagoa izan dezaten. 

Badauzkagu gertakari politiko zuzen-zuzenak ere; adibidez, erakunde batean aritzeagatik atxilotzen dituzten pertsonak. Horrelakoetan helburu politikoak egoten dira atzean. Guk ez dugu iritzirik ematen, edo saiatzen gara behintzat ez epaitzen erakunde bakoitzak borrokatzeko zer metodo erabiltzen duen. Onartzen dugu erakunde bakoitzak haren defentsarako eskubidea duela. Izan ditugu errepresioaren ondorioz Argentinara errefuxiatu diren familiak, seme-alabak hil dizkieten familiak...

Erabat modu solidarioan egiten dugu lan, laguntza ekonomiko handirik jaso gabe. Komunitateari esker funtzionatzen du erakundeak.  [Argentina] Hegoaldeko komunitate maputxeak defendatzen saiatzen gara, baina milaka kilometroko hedadura dute, eta ez da erraza horri ekonomikoki eustea. Ahal duguna egiten dugu, eta diruz lagun gaitzaten kanpainak egiten ditugu beste erakunde edo lankide batzuen elkartasunarekin. 

Eta zer egiten duzue Bigarren Independentziaren Aldeko Deia mugimenduan?

Erakunde politiko bat da, eta Abokatuen Gremioko hainbat kide gaude bertan. Bigarren Independentziaren Aldeko Deia deitzen diogu, hain zuzen ere, etendako independentzia horren kontua ekarri genuelako lehen lerrora. Guk Espainiatik bereizteko eta independentzia lortzeko aukera izan genuen, baina ezin izan genuen independentzia ekonomikoa lortu, eta gerora Britainia Handiarekiko eta Ameriketako Estatu Batuekiko dependentzia handia garatu genuen. Hortaz, dependentzia hori haustearen alde egiten dugu mugimenduan. Askapen nazional eta sozialerako bidea independentzia da; izan ere, independentistak izateaz gain, antiinperialistak ere bagara, baita antikapitalistak ere. Sistema kapitalista da gizateriak sortu duen sistemarik ankerrena; eta guk benetan sinisten dugu gure herria zoriontsu izan daitekeela, baina horretarako kapitalismoa suntsitu behar da. Guztiona izango den gobernu bat sortu nahi dugu, ez nazioarteko kapitalaren aliatu gutxi batzuen mesederako lan egiten duen gobernu bat. 

Nola lortzen da hori?

Jende asko batu zen korronte kapitalista berrira, eta horixe da gure borrokarik handiena: korronte hori askatzea. Guk ez dugu hauteskundeetan parte hartzen, ez ados ez gaudelako, baizik eta oso urrun gaudelako oraindik. Gure lana jendea elkartzea eta komunitatea sortzea da, eta, hori lortzen badugu, parte hartuko dugu aurrerago. Gizartea geroz eta indibidualistagoa den honetan, guk kolektiboa dugu amets. Aurka egiteko beldur handia dago gure artean, baina aurka egiteko eskubidea daukagu. Jende askok bizpahiru lan egin behar ditu bizirik iraun ahal izateko, eta askotan horrela ere ez dute lortzen seme-alabak mantentzea. 

Zer oztopo izan dituzue bidean? 

Bidea ez da erraza; zailtasun asko jartzen dizkigute. Etsaiaren Zuzenbide Penala deitzen diogun lege bat ezartzen ari dira Argentinan eta inguruko beste herrialde batzuetan. Horren erruz, jende asko ari dira zigortzen. Zer garen epaitzen dute, eta ez zer egin dugun, eta maputxeak asko ari dira sufritzen; aurretik idatzia dute epaia. Ez du axola frogarik dagoen edo ez, gehienetan ez baitago leporatu dizkieten delitu horien frogarik. Terrorismoaren aurkako legea aplikatzen dute askotan, erakunde iraultzaile guztiak suntsitu nahi baitituzte. 

Argentinan %50 pobreak dira, eta inork ez du ezer egiten hori aldatzeko. Erakundeek naturalizatu egin dute egoera hori, eta ez dago pobreziaren kontra egiten duen mugimendurik. Azkenean, jendeak onartu egin du egoera. Hortxe daukagu beste oztopo bat: herriaren kontzientzia. Errepresio egoera batean bizi gara Argentinan, eta hortik ateratzea oso zaila da. Biolentzia handia ikusten da kalean, emakumeek eta haurrek asko sufritzen dute, eta giza eskubideak zeharo ukatzen dira herrian. 

«Jende askok bizpahiru lan egin behar ditu bizirik iraun ahal izateko, eta askotan horrela ere ez dute lortzen seme-alabak mantentzea»

Ez dago giza eskubideen aldeko legerik?

Legea egoteak ez du ezer esan nahi. Pentsatu genuen emakumeak babestuko dituen generoari buruzko legeak ateratzen baziren arazoa konpondu egingo zela, edo haurrak babesteko legeak egiten badira haurrak babestu egingo direla. Baina ez, hori ez da gertatzen. Emakumeek, pentsiodunek eta haurrek ez dute giza eskubideen bermerik. Osasun laguntzak kendu dizkigute, soldata jaitsi digute, errepresioa handitu... heriotzara kondenatu gaituzte. 

13 urteko neskato batekin ari nintzen lanean orain gutxi; aitak bortxatu egin zuen, eta haurdun geratu zen. Haurra izan nahi zuenez, taxi bat ordaintzeko eskatu nuen esleitu zioten ospitalera joateko, ordubeteko bidaia baitzen. Ez zioten ordaindu. Edo, beste adibide bat: Emakumeen Ministerioa ezarri zuen Alberto Fernandezek [Argentinako presidentea 2019tik 2023ra], eta orain bere emaztea jotzeagatik akusatzen dute. Itxuraz arazoari aurre egiten ari ziren, baina desnutrizioari lotutako datuek ez zuten behera egin, ezta indarkeria kasuek ere. 

Pelota de Trapo elkartean haurrez arduratzen zarete.

Bai. Abokatua naiz eta haurrekin egiten dut lan, baina, horrez gain, Pelota de Trapo elkarteko kidea ere banaiz. 200 haur zaintzen ditugu bertan. Janaria eta arropa ematen diegu, eta eskoletara eramaten ditugu. Haur asko familiarengandik urrunduak izan dira; beste batzuk, berriz, amak osasun arazoengatik zaindu ezin dituelako etorri dira guregana. 

Borrokarako eredu anitz dituzue iraganean.

Nire ustez, orain askotan esaten da memoria historikoa berreskuratu behar dela, baina garai jakin batera artekoa bakarrik berreskuratzen da. Alegia, gogora ekartzen da errepresioa jasan zutenen ahotsa, baina ez atzean zeuden borrokena. Erakundean hala esaten diogu: ez biktima, ez biktimario; borrokalari iraultzailea. Gizartea eraldatzeko konpromiso soziala zuen jende asko hil zen, eta ezerezean geratu dira asko. Mundu polobakarrarekin bat eginda geratu zen garai hura, eta sistema kapitalistaren atzean ezkutatu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.