Argentinako Kongresuak onartu ostean, Senatuak ere bide eman die Argentinarren Askatasunerako Abiapuntu eta Oinarriak legeari. Omnibus legea deritzotena Javier Milei presidentearen egitasmo nagusia da, eta, onartuz gero, aukera emango dio estatuaren erreformari ekin eta alor publikoko enpresa ugari pribatizatzeko. Albistea jakin bezain pronto, istiluak hedatu dira Buenos Airesko Kongresuaren Plazan, eta zauritu eta atxilotu ugari egon dira.
Senatuaren bilkura luzea eta tentsioz beterikoa izan da: 11 ordu iraun du, eta bozketan berdinketa egon da. 36 senatarik aldeko botoa eman dute, beste 36k kontrakoa, eta, azkenean, Senatuaren presidente eta Argentinako Errepublikaren presidenteorde Victoria Villarruelen kalitatezko botoak desegin du berdinketa. Omnibus legearen egitasmoa onartzeaz gain, Mileiren gobernuak proposaturiko zerga erreforma ere onartu du Senatuak.
Eztabaidak iraun bitartean, istiluak egon dira Buenos Airesko kaleetan, batez ere Senatuaren eraikinaren kanpoko aldean, baina bozketaren emaitza jakin eta berehala, manifestarien eta polizien arteko istiluak ugaldu egin dira. Poliziak oldartu zaizkie manifestariei, gomazko balak eta negar gasa erabilita. Hainbat lagun zauritu dira, eta, esaterako, bost diputatu erietxera eraman behar izan dituzte, gasaren ondorioz. Gutxienez hamalau manifestari atxilotu dituzte.
Prozesu luzea
Sei hilabeteko bide luzea egin du lege egitasmoaren tramiteak. «Herriak alde handiz aukeratu zuen gobernua, baina Kongresuak oraindik ez dizkio beharrezkoak diren tresnak eman», azaldu du Bartolome Abdala senatari ofizialistak eztabaidaren hasieran. Horixe da, hain zuzen ere, Omnibus Legea-ren funtsa, orain arte Kongresuarenak ziren zenbait eskumen gobernuari lagatzen baitizkio. Legea onartuz gero, Mileik aukera izango du tren eta hegazkin konpainia nazionalak pribatizatzeko, esaterako, eta ia erakunde publiko guztiak desegiteko eskumena izango du.
Kongresuan ekin zioten legearen eztabaidari, eta Mileiren gobernuak zenbait aldaketa egin behar izan zizkion egitasmoari, aurrera egin zezan. Horrek ez zituen herritarren protestak apaldu, eta, esaterako, greba orokorra egin zuten maiatzaren hasieran, egitasmoa Kongresuan onartu eta gutxira. Eztabaida Senatura pasatu zen, eta orain, tramite hori gaindituta, Kongresura itzuliko da egitasmoa, behin betiko onarpena eman diezaioten.