Argentinako Patagonia megameatzaritzaren aurka

Gizartearen presioak gibelera bota du Argentinako Chubut probintzian aire zabaleko meatze ustiapena baimentzen zuen legea. Eskualdeko gobernuak hitzeman du plebiszitu batera deituko duela. Uraren erabilera dago gatazkaren muinean, eta eskualdea larrialdi hidrikoan dago idortearen ondorioz.

Aire zabaleko meatzaritzaren kontrako manifestari talde bat, errepide bat mozten, Argentinako Patagonian, Chubut probintzian. ROXANA SPOSARO.
Buenos Aires
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ikusita zer-nolako eztanda soziala piztu zen Chubut probintzian aire zabaleko meatzaritza baimentzen zuen legearen aurka, Argentinako eskualde horretako gobernuak, gibelera egin, eta indargabetu egin zuen araua, sei egun lehenago onartua. Horrez gain, gobernuak iragarri zuen plebiszitu batera deituko duela.

Abenduaren 15ean, Chubuteko Legebiltzarrak 128/20 legea onartu zuen: lege horrek aire zabaleko meatzaritza baimentzen du Gastre eta Telsen departamenduetan. Legea onartu ondotik, Polizia jazarri egin zitzaien legebiltzarraren kanpoaldean bildutako aktibistei. Jazarpena hiri guzian barna zabaldu zen: guztira, 15 lagun atxilotu zituzten, eta hamarnaka zauritu; salatu zutenez, poliziek berunezko balak jaurti zituzten.

Biharamunean, abenduaren 16an, manifestazio baketsuak egin ziren zenbait hiritan, Urak urrea baino gehiago balio du eta Megameatzaritzak heriotza dakar, ez aitzinamendua lelopean; legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Zenbait udalerritako intendenteak proiektuaren kontra mintzatu ziren, eta proiektuaren alde bozkatu zuten diputatu batzuk persona non grata izendatu zituzten. CTA Argentinako Langileen Zentralak lanuztera deitu zuen, eta langile anitzek bat egin zuten deialdiarekin; are, irakasleek eta zientzialariek ere egin zuten lanuztea, baita itsasoko eta portuetako langileek ere.

Gau hartan, ehunka manifestarik su eman zioten Chubuteko Gobernuaren egoitzari, Rawson hirian. Pintaketak ere egin zituzten, tartean «traidoreak» zioen bat, eraikinaren erdian. Fiskaltzaren egoitzan, Auzitegi Nagusiaren bulegoetan eta bertze hamahiru eraikin publikotan ere piztu zuten sua. Orduak aitzinera joan ahala, gero eta eragile publiko eta erakunde pribatu gehiagok gaitzetsi zuten legea. Gobernuak abiaturiko errepresioa eta jazarpena ikusita, Patagoniako zenbait apezpiku katolikok jakinarazi zuten legearen aurka zeudela, Indarkeria instituzionalaren aurka, erresistentzia baketsua izeneko adierazpen bateratu baten bidez.

Mugimenduaren sorlekua

2002an, Meategiari Ez mugimendua sortu zen Esquel hirian, Kanadako Meridian Gold meatzaritza enpresaren proiektua geldiarazteko —egun Yamana Gold da—. Erreferendum bat egin, eta proiektuaren kontrakoek irabazi zuten, botoen %81 eskuratuta. Urte bat geroago, 2003an, 5.001 legea onartu zuten Chubuten, eta, haren bidez, aire zabaleko megameatzaritza debekatu. Legearen artikuluetako batean zehazten da probintzia zer eremutan bereizten den, eta zein eremuri ez dion eragiten arauak. Halaber, metalak erauzteko zianuroa erabiltzea debekatzen du. 2021ean bozkaturiko legeak horrexegatik baimentzen zuen xantatoa eta poliakrilamida erabiltzea, horiekin azido sulfurikoa lortu eta metalak erauzi ahal izateko. Gai kimiko horiek 2003an debekaturikoa baino are kutsagarriagoak dira. Edozein jokabide desegokik edo hanka sartzek arriskuan jartzen ahal du Chubut ibaiko uraren kalitatea, eta, hain justu, ibai horrek hornitzen ditu urez probintziako herritarren erdiak.

Gatazkaren gakoa horixe da: ura. Megameatzaritzak, ur anitz kontsumitu, eta lurpeko ura eta ibaiak kutsatzen ditu. Pan American Silver enpresa, lege horretaz baliaturik, Gastren eta Telsenen jardutekoa zen, eta zera zen haren asmoa, ura ponpatzeko putzuen zelai bat eraikitzea, gisa horretan proiektua gauzatzeko behar bertze ur lortze aldera; kalkuluen arabera, 9 milioi litro egunean.

Joan den abuztu akabailaz geroztik, probintziako legebiltzarrak larrialdi hidrikoa ezarria du, idortea baitago eta herri osoak baitaude urik gabe. Eskualdeko klima idorrarekin gutxi ez, eta petrolio enpresek urteetan erabili dute ibaiko ura. Baina, Uraren Probintzia Institutuaren arabera, hauxe da idortearen eragile nagusia: uhaterik gabeko ehunka ubide klandestino daude, zeinek, estatuaren inongo neurketa eta kontrolik gabe, ura desbideratzen baitute ganadu etxaldeak uholde bidez ureztatzeko.

Nolanahi ere, Chubuteko gobernadore Mariano Arcioni proiektua bultzatzen saiatu zen otsailean eta azaroan, Argentinako Gobernuaren, petrolio enpresa pribatuen, merkataritza enpresen eta bankuen babesarekin. Joan den abenduan, aitzinetik jakinarazi eta adostu gabe, proiektua legebiltzarrean eztabaidatu, eta onartu egin zuten, aldeko 14 boto eta kontrako 11 bilduta. Legeak modua ematen zion Pan American Silver enpresari beruna, zilarra eta kobrea erauzten segitzeko, Eguberri izeneko proiektuaren barrenean.

Kanpainan megameatzaritzaren aurkako promesak eginez lortu zuen kargua Chubuteko gobernadoreak, eta, hain zuzen, legearen aurkako eztanda sozialak gaina hartu zion; hala, hura onartu eta sei egunera, bertze bozketa batera deitu zuen, legea bertan behera utzi, eta plebiszitu bat antolatzeko. Legea indargabetzeko proiektua aho batez onartu zen. Arcionik iragarri zuen plebiszitu bat prestatzen hasiko zela meatzaritza jardueraren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.