Kazetaria

Adrian Moyano: «Argentinako Gobernuak natura eta han bizi direnak suntsitzen ditu»

Historikoa da maputxeek eta Argentinako Estatuak lurrengatik duten borroka. Javier Mileiren gobernuak lege bat onartu berri du inbertitzaile handientzako pizgarri erregimena oinarri duena: lurrak kentzeko egitura legalaren beste urrats bat.

EUGENIA NEME
EUGENIA NEME
Cecilia Valdez
2024ko irailaren 1a
05:05
Entzun

Adrian Moyano kazetaria, Politika Zientzietan lizentziaduna eta idazlea da, eta Barilochen (Argentina) bizi da 1991tik. Maputxeek mundua ikusteko duten era ikertzen du, eta ekintzailea ere bada: bi estatu modernotako lurraldeetan —Txilen eta Argentinan— behinola izandako nazioa aldarrikatzen duen auzi politikoaren alde jarduten da. Adierazi duenez, komunitate indigenen eta Argentinako Estatuaren artean borroka historiko bat izan da lurrarengatik. Hori azaltzeko, gobernuak argitaratutako albiste (faltsu) bat ekarri du hizpidera; gobernuaren arabera, aldaketa hori bere kudeaketaren garaipen bat da maputxeen aurkako gatazkan.

Zer esan dezakezu Millalonco Ranquehue komunitate maputxeari lurrak eskualdatzea bertan behera utzi zion epaiaz?

Hedabideetan esaten dena ez da zuzena: Gorte Gorenak berriro ere esku hartzea erabaki zuen; izan ere, haren arabera, Rio Negro eskualdeak ez zuen esku hartu auziaren tramitazioan. Millalonco Ranquehue komunitate maputxeak inoiz ez du eskatu lurrak eskualdatzeko, armadak ez baitu inoiz izan lurralde horien jabetza. Eskatu zutena izan zen jabetza komunitarioaren titulua emateko, 26.160 legeak —2006koa— aldaketa egiteko modua eman eta urte batzuetara; izan ere, lege hark zehaztu zuen indigenek zutela jabetza. Komunitatea beti egon izan zen lurralde horretan, eta hori egiaztatzen duten hamaika froga daude. Auzi hau publikoa eta nazionala bihurtu zen, eta eskuinak bere gain hartu zuen, herri maputxearen estigmatizazioan sakontzeko.

Luis Petri Defentsa ministroak ere ospatu zuen albistea. Zer ondorio ateratzen duzu?

Defentsa ministroak ez daki ezertxo ere indigenen eskubideen inguruan. Auzi hau aspaldikoa da, eta gobernu honek hilabete batzuk baino ez daramatza boterean. Beraz, Petrik dio bere garaipen bat dela, baina hark ez du ezer egin.

Gobernuak kirchnerismoari ere leporatu zion komunitate maputxeei mesede egin izana agintean egon zen urteetan…

Lehenik eta behin, esan dezatela zer komunitate maputxek jaso zuen gobernu kirchneristaren eskutik jabetza komunitarioaren titulua, bakar batek ere ez baitzuen jaso halakorik. Aurten, 30 urte beteko dira 1994an erreformatutako konstituzioa indarrean sartu zenetik, eta ministroak aipatzen duen artikulu horrek (75, 17. tartekia), zeina dirudienez ez duen irakurri, dio estatuak onartu egin behar duela komunitate indigenen jabetzakoak direla tradizionalki okupatzen dituzten lurrak. 1994tik gaur egun arte, alderdi politiko desberdinetako gobernuak izan dira, eta maputxeak bizi diren probintzietako komunitate bakar batek ere ez du eskuratu jabetza komunitarioaren titulua. Hori eskuin mutur neoliberalak asmatutako beste faltsukeria bat da.

«Gobernuak Julio Rocaren alde egiten du ahal duen guztietan, eta, maputxeen ikuspuntutik, Rocaren alde egitea genozidio bat aldarrikatzea da»

Nolako egoera imajinatzen duzu orain, Javier Milei gobernuan izanda?

Gaur egungo presidenteak, 2022an Espainiara egindako bidaia batean, gizartea desegiteko hainbat faktore aipatu zituen; horien artean, jatorrizko herriak, hizkuntza inklusiboa, ekologismoa eta abar. Bere garaian, Victoria Villarruel gaur egungo presidenteordeak 26.160 legea indargabetzean datzan lege proiektu bat aurkeztu zuen, lehen aipatu dudana. Gainerakoan, gaur egungo gobernuak Julio Rocaren alde egiten du ahal duen guztietan, eta, maputxeen ikuspuntutik, Rocaren alde egitea genozidio bat aldarrikatzea da, eta baita Argentinako Estatuaren oinarrian dagoen estatu terrorismoa ere. Hori deigarria da, iruditzen baitzait erabat inkoherentea dela Mileik azaldu ohi dituen ideiekin: Rocaren familiak azukrearen oligarkia zuen, eta estatua zuzenean onura atera zion gizarte sektore baten zerbitzura jarri zuen; izan ere, sektore hark oso merke hartuak izan ziren lurrak bereganatu zituen, ia dohainik. Hau da, estatuak laguntzak eman zizkien gaur egun oso aberatsak diren askori, eta, nire ustez, hori kontraesan handia da Mileiren pentsaeraren aldean. Baina maputxeen ikuspuntutik, aspaldidanik da jakina beste erasoaldi bat datorrela, erasoaldi berritu bat, eta uste dute eraso egingo dutenek ez dituztela kontuan hartuko ez legea eta ez indarkeriaren erabilera.

Duela aste batzuk, inbertitzaile handientzako pizgarri erregimena barne hartzen duen oinarri legea onartu zen. Nola uste duzu eragingo diela horrek komunitateei?

Modurik okerrenean. Gu dagoeneko hasiak ginen ohartarazten lurrak kentzeko egitura legala abenduaren 10a baino lehen —orduan izan zen Mileiren inbestidura— jarri zela martxan. Argi eta garbi, gaur egungo gobernuak estraktibismoan sakontzearen alde egiten du, haiek aberastasuna deritzotena sortzeko: lurraldeetako natura eta duela ehun urte baino gehiago han bizi den jendea suntsitzea.

Zer planteatzen dute komunitate maputxeek egoera horri aurre egiteko?

Komunitateek zer planteatzen duten jakiteko, Rio Negron dituzten ordezkaritza instantziekin hitz egin beharko zenuke, baina nik esan diezazukedana da hemen inork ez duela amore emango. Lurraldeak ez uztea erabaki dute, eta meatzeei atea ez irekitzea. Alde horretatik, ez dago nobedaderik; nobedade bakarra da areagotu egingo dela lurraldeak kentzeko prozesua, eta prozesu hori, funtsean, 90eko hamarkadatik dago martxan. Gaur egun, pizgarri handiagoak daude kapital horiek irits daitezen, eta horrek suntsipen logika bat du atzean; pentsaera horrek ez dauka zerikusirik maputxeek bizitza, natura, komunitatea eta gainerako gizakiekin duten harremana ulertzeko duten moduarekin.

«Hidrogeno berdearena makillaje berri bat baino ez da, hau da, enpresa handiekin egitea kalte berriro ere lurraldeei, kontsumo eredu jasanezin bati eusteko»

Orain, gainera, baliabideen ustiapena klima aldaketarekin lotzen da, baita herrialde garatuenek hidrogeno berdea lortzeko duten beharrarekin ere.

Hidrogeno berdearen diskurtsoa aspalditik dago Patagonian. Iparraldeak Hegoaldeko baliabideak erabiltzen ditu energia kontsumoaren estandarrak ez aldatzeko, eta kasu horretan ere halaxe gertatzen da. Hidrogeno berdearena makillaje berri bat baino ez da, hau da, enpresa handiekin egitea kalte berriro ere lurraldeei, kontsumo eredu jasanezin bati eusteko, kontsumo eredu horiek zalantzan jarri beharrean. Guretzat, eztabaida alderantzizkoa da: zalantzan jarri behar dena da bizimodu honek egiten ote gaituen benetan gizatiarrago, eta planeta babestea ziurtatu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.