Argentina

Argentinako Diputatuen Ganberak Omnibus Legea onartu du

Senatuak berresten badu, askatasun osoa izango du Javier Mileiren ekonomiari buruzko asmoak.

Estatuko Langileen Elkarteko kideak Mileiren asmoaren aurka elkartu ziren Argentinako Kongresuaren kanpoaldean. JUAN IGNACIO RONCORON / EFE
Estatuko Langileen Elkarteko kideak Mileiren asmoaren aurka elkartu ziren Argentinako Kongresuaren kanpoaldean. JUAN IGNACIO RONCORON / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 1a
07:20
Entzun

Javier Milei Argentinako presidenteak bere lehen garaipen handia lortu du duela lau hilabete kargura iritsi zenetik. Argentinako Diputatuen Ganberak Omnibus Legea onartu zuen atzo, Mileiren proiektu nagusia zena, eta arlo publikoko pribatizazio ugari ahalbidetuko dizkiona. Otsailean ez zuen lortu ganberaren erabateko babesa; atzoko bozketan, aldiz, onarpen zabala jaso zuen: 142 boto alde, 106 aurka eta bost abstentzio. Dena den, neurri sortak —232 artikulu dira guztira— oraindik ez du bere bidea amaitu, Senatuak berretsi beharra baitauka.

Mileik ez zuen bere poza ezkutatu: «Argentina zingira bat izan da azken hamarkadetan, eta herrialdea handik ateratzeko pauso erabakigarria da onarpen hau». Eta ez zen gutxiagorako, 26 orduko eztabaida behar izan baitzuen azkenean onartu zen agiria fintzeko. Presidenteak historikotzat jo zuen; izan ere, eta betiere Senatuak berresten badu, askatasun osoa izango baitu ekonomiari buruzko bere asmoak.

Eta zer botere aitortu dizkiote Mileiri? Bada, urtebeteko bermea eman diote administrazio, ekonomia, eta energia gaietan dekretuz gobernatzeko. Esaterako, estatuko hainbat enpresa pribatizatzeko ahalmena izango du; besteak beste, tren edo hegazkin konpainia nazionalak. Ildo berean, ia erakunde publiko guztiak desegin ahal izango ditu —hamalau salbuespen daude bakarrik—. Horiekin batera, neurri sortak kaleratzeen kalte ordainak merkatzea eta erretiro legea zorroztea aurreikusten du.

Mileiren LLA alderdiak 38 ordezkari ditu bakarrik Diputatuen Ganberan —257 eserleku—, baina oraingoan otsailean baino trebeago ibili da aliatuen bila. Bazkiderik onena Mauricio Macri presidente ohia izan da, eta haren alderdiko 37 ordezkariak. Union Civica Radical eta Hacemos Coalicion Federal alderdiek ere alde bozkatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.