Argentinak Malvinetako gerrako militarrak epaituko ditu lehen aldiz

Armadako sei goi kargudun ohiri Malvinetako gerran soldaduei tratu txarra ematea leporatu diete, eta 95 militar daude inputatuta. «Gizateriaren aurkako delituak» egitea egozten diete

Malvinetako gerrako beterano bat omenaldia egiten hildako soldaduen hilerrian, Darwinen. FELIPE TRUEBA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Erabaki historikoa hartu du Argentinako justiziak, aurrenekoz epaituko baititu herrialdeko armadako kargudun ohi batzuk Malvinetako gerran ustez egindakoengatik. Haien agindupean zeuden soldaduak torturatzeaz akusatuta daude, eta Rio Grandeko bi epailek sei kideren aurkako auzia hastea erabaki dute. «Gizateriaren aurkako krimenak» egin zituztela leporatzen diete. Denera, 95 militar daude inputatuta, eta gerra hartan Argentinako armadaren barruan gertatu ziren kontu ilunak argitzeko lehen pausoa izan daiteke.

Malvinetako gerra ustekabean piztu zen, 1982ko apirilaren 2an, Argentinan inork espero ez zuenean, eta armadak derrigorrezko soldadutza egiten ari ziren gazteak —18 eta 21 urte artekoak— bidali zituen hara, Erresuma Batuak 1833tik bereganatua duen uhartera. Talde batek lau hilabete baino ez zeraman soldaduskan, eta beste soldadu multzoa amaitzear zen aldi hori. Argentina diktadura betean zen 1976tik, eta lehen aldiz hasi zen soldaduska egiten ari zirenak nazioarteko auzi batean erabiltzen; ordura arte, diktaduraren barruko zerbitzuak eta lanak betetzen zituen armadak— disidenteak garbitzen eta torturatzen zituen—.

Soldadu gazte haiek arrastorik ere ez zeukaten gerra bat zer zen, eta, egun batetik bestera, gerra betean sartu zituzten. Oso baldintza gogorreko eremuan, hotza ikaragarria baitzen Malvinetan. Jaten apenas ematen zieten agintariek, ez bazen «zopa deitzen zioten urez eta tipulaz beteriko saltsa bat», kontatzen dute hura pairatu zuten soldaduek. Goseari aurre egiteko, bertako ardiak-eta harrapatzen zituzten. Bizitzeko ez ziren lekuetan zeuzkaten militarrek soldaduak, eta era guztietako torturak jasanarazi zizkieten. Ohikoak ziren lau hesolari lotu eta mendi punta batean biluzik jartzea; ia eguneroko kontua zen leporaino hondoratzea, lurrez estalita. Agintari militarrek jatekoa lapurtzen harrapatzen zituztenei larrutik ordainarazten zizkieten bizirik irauteko ekintza horiek, eta zer esanik ez agintarien jarrera bortitzak salatzen zituztenak.

Soldadu horien gerrako aurkaria ez zen Erresuma Batua bakarrik. Baita agintariak ere. Goseak eta hotzak akabatuta makina bat soldadu argentinar hil ziren. Gerrak, bere horretan, 649 hildako utzi zituen Argentinako armadan, baina infernu hartatik bizirik atera zirenetako asko gero hil ziren: beren buruaz beste egin zuten 600dik gora soldaduk.

Malvinetako gerrak 74 egun iraun zuen, baina han jasandako zauriak itxi gabe segitzen dute oraindik ere. Argentinako diktadura saiatu zen Malvinetan haren soldaduei eragindako kaltea uharte horretan betirako gordetzen. Izan ere, soldaduei agiri bat sinarazi zien, ezer ez zutela kontatuko hitza ematera behartuz. Gerrako zauri fisikoek bezainbesteko kaltea eta mina eragin zuen soldaduengan erabaki horrek. Baina gotorleku sendoenak ere zirrikituak eta ihesbideak izaten ditu, eta soldaduak ez ziren isilik geratu.

2007an, lehen testigantzak

Corrientes probintzian, bazen giza eskubideen arloan lanean zebilen abokatu bat: Pablo Vassel. Duela hamahiru urte hasi zen Malvinetako gerran izan ziren 23 soldaduri testigantzak hartzen, eta jakin zuen gauza larriak gertatu zirela Argentinako armadan: «Torturatuak izan zirela berretsi ahal izan nuen». Auzia irekitzea deliberatu zuen, eta Rio Grandera jo zuen, Suaren Lurraldeko hiri handienera, Malvinas probintzia horretakoa delako.

Auzibideak oztopo asko izan ditu urteetan, estatuak ez zuelako interes handirik ikerketa abiatzeko. Duela bost urte arte ez ziren hasi eguzkia ikusten Malvinetan ibili ziren soldaduak. Orduan erabaki zuen Cristina Fernandez presidenteak agiriak desklasifikatzea. Malvinetan soldaduska egin behar izan zutenen babeserako Cecim elkarteko abokatua da Jeronimo Guerrero, eta garbi dauka zein den uharte horretan soldaduek pairatu behar izan zuten guztiaren erantzulea: «Krimenak estatuko agenteek egin zituzten, eta, horregatik, lehenengo erantzukizuna estatuari dagokio». Estatuaren ardura erdigunean jartzea ez da funtsik gabeko jarduna. Epaileetako batek, Mariel Borrutok, garbi esan du zer zegoen torturaren atzean: «Sistema bat zeukaten atzean agintari militarrek.

Epaiketako gela zabaldu diete halako batean agintari militarrei, baina akusazioa ez da asko fidatzen, lehen ere mantsotua izan baita prozedura estatuaren partetik. Horregatik, eskaera zehatza egin du auzia ireki duen beste epaileak, Javier Leal de Ibarrak: «Eskatzen dut ahalik eta azkarrena hartzeko beharrezkoak diren neurri guztiak prozesuak aurrera egin dezan». Hasi baino ez da egin, baina bizirik dauden soldaduek gustura ikusiko dituzte epaitegiko aulkian eserita bere torturatzaileetako batzuk: Miguel Angel Garde, Belisario Affranchino, Gustavo Calderini, Eduardo Grassino, Reynaldo Pascuzzi eta Carlos Maria Aleman Urkiza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.